Errenteria Film Laburren Jaialdia 2019

Errenteria 2019(e)ko azaroaren 21(e)tik 2019(e)ko azaroaren 24(e)ra
  • Errenteria Film Laburren Jaialdia 2019

 

Errenteria Film Laburren Jaialdiak azaroaren 21etik 24ra ospatuko du, aurten, bere 24. edizioa. Guztira 890 lan aurkeztu dituzte jaialdira Festhome eta Clickforfestivals plataformen bidez. Eta horietatik 32 dira lehiaketa fasera iritsi direnak eta jokoan dauden 7 sarietako bat eskuratzeko aukera izango dutenak, beraz.

Hauek, hilaren 21, 22 eta 23an proiektatuko dituzte Niessen Zinemetan, 19:30ean.

Sari banaketa ekitaldia, berriz, Niessen Kulturguneko auditorioan izango da, igandean, hilak 24, 18:00etan. Irabazle suertatu diren lanak ikusteko aukera izango dute bertaratzen direnek eta ondoren, luncha izango da.
Saritutako lanak hautatzeko epaimahakideak ondorengoak izan dira: Ion Collar Kultura zinegotzia, Patricia Arozena Kultura teknikaria, Ainara Gurrutxaga antzerkilari eta zuzendaria, Maria Elorza zinemagilea eta Xabier Abalde zine ikaslea.

Ekintza osagarriak

Zinema aitzakia hartuta hainbat ekintza paralelo ere antolatu dituztela jakinarazi dute.

Horren adibide da, herriko Gaztelekuekin batera antolatutako Kamera iluna gazteentzako tailerra. Beraungo Gaztelekuan bihar izango da, hilak 14. Gabierrotakoan, aldiz, larunbatean egin dute hitzordua. Biak ala biak 18:00etan hasiko dira eta bi ordu inguruko iraupena izango dute. Bertan, interesa duen 13-17 bitarteko gazte orok har dezake parte.

Zineklub saio bat ere antolatu dutela adierazi dute. Joseba Sarrionandia idazlearen obratik abiatuta, Euskal Herriko eta beste herrialde batzuetako hamabi zinemagileren pieza banak osatzen duten ‘Gure oroitzapenak’ filma emango dute. Horietako bat, Ane Muñoz zinemagilea hain zuzen, izango da proiekzioaren ondotik izango den solasaldiaren protagonista. Hilaren 19an izango da, 19:30ean, Niessen Zinemetan eta gaztelaniaz azpititulatua.

Gainera, iaz abiatutako ‘Vermutsika’ izeneko ekimen berezia izango da, igandean, hilak 24: Javier Perez de Azpeitia pianistaren errezitaldia zinema mutuaren film laburren proiekzioekin. Saio honekin, zinema beste esparru batera eraman eta bermut edo muztio bat hartzeko tarte berezi bat eskaini nahi dutela adierazi dute. Niessen Kulturguneko entsegu gelan izango da hori, 12:30ean.

Bai proiekzioetarako edo sari banaketarako sarrera eta baita ekintza osagarri guztietarakoa ere ere doakoa izango da eta hiritar guztiei irekia.

Bukatzeko, eskerrak eman nahi izan dizkiete Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Niessen Zinemei jaialdiari emandako babesagatik.

Bide batez, herritar guztiak gonbidatu dituzte egun horietan zinemaz gozatzera.

Programazioa


Laburrean

Non

Euskadi, auzolana