"Korronteak eta erresakak" erakusketa kolektiboa

Donostia-San Sebastián 2019(e)ko irailaren 18(e)tik 2019(e)ko urriaren 17(e)ra
  • "Korronteak eta erresakak" erakusketa kolektiboa

Artistak: Julen Egiguren, Iñigo Agote, Alex Hontoria, Daniela Garreton, Aitor Molina, Ander Perez de Arenaza, Borja Azurmendi, Carles Medina, Gorka Gurdi, Joseba Bernardo, Marcos Azpiroz, Mingo Line, Oscar Valencia, Javi Muñoz Pacotwo, Xabier Zirikiain, Mikel Casal, Iker Garcia, Marcos Navarro, Zako, Panthalassa, Argu, Unai Fernandez, Asier Elcoroiribe.

Peter Viertelekin hasi zen dena; berarekin, eta 1959an Hemingwayren The Sun Also Rises nobelaren filmaketa egitean Biarritzera iritsi zen lehen surf-oholarekin. Hala ote da? Ez, Duke Kahanamokuk eman zion hasiera surf modernoari, Waikikin eta Kalifornian, gerra artean. Bai? Edo 1778an James Cook kapitaina aho-zabalik utzi zuten polinesiarrak izan ote ziren, olatuen gainean biluzik surf eginez? Agian inkak izan ziren, beren totora-zalditxoekin... Bai, zera! Grosen du sorburua Korronteak eta erresakak erakusketak.

D'enak Ohana Surf Clubeko erakusketa kolektibo honek mosaiko bat osatu nahi du belaunaldi eta estilo desberdinetako sortzaileen obrekin; artista guztiak elkarren artean konektatuta daude surfaren, Groseko hondartzaren eta bertako olatuen bidez. Surflariak olatu artean berdinak; euren eguneroko bizitzetan eta munduetan, aldiz, desberdinak. Arte zuzendariak, argazkilariak, ilustratzaileak, modelatzaileak, moda-diseinatzaileak… Bakoitzaren sormena hondartzako ekosistemaren parte da.

Surfa, aitzakia bat besterik ez

Zaletasun hutsetik harago doan bizitza estiloa; askotan, surflari baten bizitzaren erritmoa markatzen duena, 23 artista hauetako askoren kasuan bezala. Horien artean, mundu osoko argitaletxeetan lan egiten duten ilustratzaileak aurkituko ditugu, liburu ilustratuak 15 hizkuntzatan argitaratzen dituzten artistak, beren lana euskarri desberdinetan (bainujantziak, kamisetak, surf taulak) gauzatzen duten sortzaileak. Itsas kulturak inspiratuta, Groseko ekosistema eta, oro har, mundua sentsibilizatu eta aberasten lagundu nahi duten artista biziak.

Naturari gorazarre egin nahi dioten lanak aurkituko ditugu, baita ematen diogun tratu txarra salatu nahi dutenak ere. Itsasoan sartuko gara, eta bertatik begiratuko dugu lehorrera. Artisten lanetan, behaketa horren bizitasuna eta indarra ikusiko ditugu. Obra batzuk ez dute lotura zuzenik surfarekin, baina surfa hortxe dago guztietan, obra gauzatzeko forman edo mundu gurutzatutan. Talentu bikain eta freskoa biltzeaz gain, erakusketa honek inspiratu eta hunkitu egingo du bisitaria.

Korronteak eta erresakak erakusketa oso berezia da D’enak Ohana egitasmoarentzat: goi-mailako talentuaren inplikazioari eta produkzioari dagokienez, programazio osoko ekimenik indartsuenetarikoa da. Erakusketa Okendo kultur etxeko eraikin historikoko aretoan egingo da, eta toki horretatik bertatik, Groseko hondartza, Zurriola, esnarazten duten olatuak ikus daitezke itsaso zabalean, udazkeneko beste surf denboraldi baten hasieran.

Erakusketa honekin, D'enak Ohana Surf Clubak beste urrats bat egin du helburuak sendotze bidean:

- Surflarien komunitateko kide izatearen sentimendua indartzea.

- Zurriolako eta beste hondartza batzuetako belaunaldien artean loturak sortzea. Elkarrengandik ikastea eta elkarrekin gozatzea.

- Donostiako sortzaileen lana sustatzea eta ezagutzera ematea.

Inaugurazio-ekitaldia: «Hiru begirada hiriak inguratutako hondartzatik»

Erakusketa irailaren 18an inauguratuko da, 19:00etan, eta Gorka Gurdi, Iñigo Agote eta Javier Muñoz Pacotwoargazkilariek hitzaldi laburrak emango dituzte. Hitzartze horietan, beren portfolioko argazki onenak proiektatu eta horien atzean dauden istorioak azalduko dituzte, beren sormen-unibertsoari buruz hitz egiten duten bitartean. Horrez gain, Groseko hondartzak eta bertako olatuek izan duten bilakaeraren inguruan duten ikuspegia ere emango dute.

Argazkilaritza tailerra Javier Muñoz “Pacotwo”-rekin

Erakusketaren barruan, D'enak Ohana egitasmoak argazkilaritza-lantegi bat antolatu du irailaren 26rako. Javier Muñoz «Pacotwo» surf-argazkilari profesionalak emango du tailerra. Esperientzia handia du surf arloan, eta estatuko eta nazioarteko aldizkaririk onenetan argitaratu ditu bere argazkiak. Lantegiak bi ordu iraungo du, eta surf-argazkilaritzan interesa duen edozeinek parte har dezake.


Laburrean

Non

Euskadi, auzolana