Zinexit 2019 - Bizikidetza eta Giza Eskubideen aldeko Zine Erakusketa

Bilbao 2019(e)ko azaroaren 25(e)tik 2019(e)ko azaroaren 29(e)ra
  • Zinexit 2019 - Bizikidetza eta Giza Eskubideen aldeko Zine Erakusketa
    "By the Name of Tania"
  • Zinexit 2019 - Bizikidetza eta Giza Eskubideen aldeko Zine Erakusketa
    "Awlad – Hesiak Gainditu"
  • Zinexit 2019 - Bizikidetza eta Giza Eskubideen aldeko Zine Erakusketa
    "Midnight Traveler"

Giza eskubideen gaiarekin erlazionatutako urteko nazioarteko dokumental aipagarrienetako hiru; “Awlad - Hesiak Gainditu” euskal ekoizpenaren erabateko estreinaldia; eta Alfred Hitchcocken “Falso Culpable” klasikoaren proiekzioa dira ZINEXITen, Eusko Jaurlaritzak bultzatutako Giza Eskubideen Zinema Erakustaldiaren, hamargarren edizioko programaren ardatza.

Filmak doan proiektatuko dira 19:30ean Bilboko Golem Alhondiga zine aretoetan, datorren asteko astelehenetik ostiralera, eta saio bereziak ere egongo dira Gasteizen, Barakaldon eta Basaurin.  

Erabateko estreinaldia
ZINEXITen 2019ko edizioak erabateko estreinaldi bat izango du aurten, “Awlad – Hesiak Gainditu” euskal dokumentalaren estreinaldia, hain zuzen ere. Euren jatorrizko herrialdeetako indarkeriatik ihes egin duten eta gaur egun Berlinen, Greziako Samos uhartean, errefuxiatu eremu batean eta Oñatin (Gipuzkoa) bizi diren bi neskatoren eta bi mutikoren historia. Filma, herrialde arabiarrak eta migrazio mugimenduak ondo ezagutzen dituzten bi kazetarik zuzendu dute, Cosimo Caridi italiarrak eta Ane Irazabal euskaldunak. Azken horrek, beste batzuen artean, Euskal Telebistako berriemaile moduan egin du lan.  Filmaren proiekzioaren ondorengo solasaldietan egongo da Irazabal, bai ostegunean, azaroaren 28an, Bilbon, bai ostiralean, hilaren 29an, Gasteizen ere.
 
ZINEXITen aurtengo edizioko beste hiru filmak aurten bertan estreinatu dira, eta aintzatespen ugari lortu dituzte nazioarteko jaialdietan. Astelehenean erakustaldia inauguratuko duen “El Cuarto Reino”, zailtasunak dituzten estatubatuarrak eta legez kanpoko etorkinak bizi diren New Yorkeko Brooklyngo komunitate baztertu bateko eguneroko bizimodua islatzen duen Espainiako ekoizpen lana da. Adan Aliagak eta Alex Lorak zuzendu dute, eta sariak jaso ditu Documenta Madrid, Atlanta Film Festival eta Ámsterdam Film Festival jaialdietan. Aliaga astelehenean, azaroaren 25ean, Bilbon egingo den emanaldira etorriko da eta ondorengo solasaldian parte hartuko du.
 
Beste bi filmak hauek dira: talibanengandik ihes egin duen eta nazioarteko sei jaialditan (Berlin eta Sundance, besteak beste) sariak jaso dituen zine zuzendari afganiar baten inguruko “Midnight Traveler” (EEBB-Katar-Kanada-Erresuma Batua ekoizpena), eta “Con el Nombre de Tania” Perun pertsonen salerosketaren eta behartutako prostituzioaren biktima baten biziraupenari buruzko ekoizpen belgikarra, nazioarteko lau sari jaso dituena. Bi film horiek astearterako, azaroaren 26rako, eta asteazkenerako, hilaren 27rako, programatu dituzte, hurrenez hurren.
  
Amaiera luxuzko klasiko batekin
Iaztik aurrera, giza eskubideei buruzko zinearen historiako izenburu handiei eskaintzen zaien ZINEXIT Classic sekzioari dagokionez, oraingo honetan “Falso Culpable” izan da aukeratutako izenburua, lapurreta bat dela eta modu okerrean akusatutako gizon bati buruz Alfred Hitchcockek egindako lan ahaztezina, ohiko thrillerretatik urrun dagoen drama errealista eta Henry Fondarekin egin zuen lan bakarra. Film horrek itxiko du zikloa Bilbon, azaroaren 29an, ostiralean.
 
Beste udalerri batzuetara zabaltzea eta gazteentzako emanaldiak
Azken edizioetan bezala, eta udalerri bakoitzeko Udalen laguntzarekin, ZINEXITek Barakaldora, Basaurira eta Gasteizera eramango ditu hiru saio. Barakaldok “Con el Nombre de Tania” filmaren proiekzioa hartu zuen asteazkenean, eta Gasteizko Florida zine aretoetan "Awlad" programatu da datorren ostiralerako; Ane Irazabal solasaldian egongo da. Abenduaren 4an, asteazkenean, 19:00etan, Basauriko Social Antzokiaren txanda izango da, eta bertan “Midnight Traveler” ikusi ahal izango da.
 
Orain arte Lehen Hezkuntzako 1. mailatik 4. mailara bitarteko 7.000 ikasleren partaidetza izan duen Zinexit Eskola programari dagokionez, ZINEXITen aurtengo edizioan aukeratutako filma 2018ko animazio film islandiarra izan da, euskarara bikoiztutakoa, “Ploey, ez duzu inoiz bakarrik hegan egingo”, migrazioaren garaia iristen denean hegan egiten ikasteko arazoak dituen urre-txirri gazte baten istorio hunkigarria. Eskola saioak berariazko material didaktikoa dauka, irudiBERRIA Elkarteak erakustaldirako egindakoa, bai irakasleentzat bai ikasleentzat.
 
Bestalde, Bilboko Udaleko Lankidetza, Bizikidetza eta Jai Arloak BOSA! Programa antolatu du ZINEXIT egiten den astean zehar. Aniztasunaren aldeko eta Diskriminazioaren kontrako irudiBERRIA Elkarteak egindako ekimena da, Bilboko DBHko ikastetxeei zuzenduta. Edizio honetan, programak euskarazko eta gaztelaniazko sei film labur eta zurrumurruen aurkako estrategia eta giza eskubideen garapena lantzeko material didaktiko espezifiko bat jasoko ditu.

 

Zinexit

Laburrean

Non

Euskadi, auzolana