Aimar Pérez Galí: "The Touching Community"

Bilbao 2019(e)ko Azaroak 30
  • Aimar Pérez Galí: "The Touching Community"

Hiesaren aurkako borrokaren nazioarteko eguna omentzeko, AZ-k The Touching Community aurkeztuko du, Aimar Pérez Galí koreografoaren pieza, dantzaren eta hies/GIBaren arteko harremanari buruzkoa.

2015eko urtearen amaieran, Aimar Pérez Galí ikerketa bat egiten hasi zen, hiesaren epidemiak Espainiako eta Latinoamerikako dantza-arloko komunitatean izan zuen inpaktuari buruz. Contact Improvisation praktikaz jabetu, eta joan ziren horien mamuekin egindako elkarrizketa gisa eraiki du lan hau. Steve Paxtonek abian jarri zuen dantza-praktika honetan, bi gorputz harremanetan jarriz inprobisatzen da mugimendua, eta horrek kontraste nabarmena sortzen du hies/GIBaren ondorioz izan ziren immunitate-politikekin.

The Touching Community lan intimoa eta afektiboa da, eta gaur egun ere agerian jarri eta behar den sentsibilitatez landu beharreko garai bati ekiten dio. Lan bat memoriaz, goizegi dantzatzeari utzi zioten dantzariez, ahultasun handiko une batean sendo eratu zen komunitate batez, eta, batez ere, ukimenaz eta kontaktuaz, bizirik irauteko tresna gisa hartuta. Eta, gehienbat, amodioaz, aldaketaz eta beldurraz mintzo den lan bat.

Sudando el discurso izeneko aurreko lanean, izerdia erabili zuen tresna gisa, dantza legezko diskurtso gisa berresteko; lan berri honetan, berriz, abiaburua da, ingurune konplexu eta dramatiko hura ulertzeko. 1980ko eta 1990eko hamarkadetan, GIBa erabat zabaldu zen, epidemia bilakatu arte. Gaur egun ere birusak hedatzen jarraitzen du, baina hari aurre egiteko bitartekoak asko aldatu dira, eta ez da gaixotasun hilgarritzat hartzen. The Touching Community lanaren abiaburua bi hamarkada horietan hiesaren epidemiak izan zuen inpaktuaren azterketa da; ekintza performatiko bat sortu, eta gonbit egiten dio ikusleari ukitua izatera sentsibilitate- eta afektibitate-mailetan.

Aimar Pérez Galí dantzaren eta zuzeneko arteen esparruan garatzen du praktika artistikoa, dantzari, koreografo, ikerlari, pedagogo eta idazle moduan. Dantza garaikidea ikasi zuen Amsterdamgo Arteen Goi Eskolan (Holanda), eta Teoria kritikoko eta ikasketa museologikoetako masterra egin du Bartzelonako Arte Garaikideko Museoko (MACBA) eta Bartzelonako Universitat Autonomako (UAB) Ikasketa Independenteen programan. Espacio Práctico-ko sortzaile-kide eta zuzendari da 2010az geroztik. Bartzelonako Institut del Teatreko Dantzaren Goi Kontserbatorioko irakaslea da 2014tik, eta “¡Encarna!” irakurle-taldea koordinatzen du era kolektiboan MACBAn 2017an hasi zirenetik. 2016az geroztik Bartzelonako Kultura Kontseiluko kidea da, aitortutako balioa duen pertsona gisa.

Fitxa artistikoa

  • Ideia, zuzendaria eta testuak: Aimar Pérez Galí
  • Dantza: Óscar Dasí, Jesús Bravo, Jaime Conde-Salazar, Aimar Pérez Galí
  • Dramaturgia: Jaime Conde-Salazar eta Aimar Pérez Galí
  • Ikerkuntzan laguntzailea: Aimar Arriola
  • Argi eta espazioaren diseinua: Cube.bz
  • Soinu banda: Tirso Orive
  • Ilustrazioa eta argazkiak: Jordi Surribas
  • Produkzioa: ANTES / Aimar Pérez Galí
  • Laguntzaileak: Ikerkuntza bekak Generalitat de Catalunya; Graner - Centre de Creació del Cos i el Moviment (Bartzelona); Programa de Ayudas IBERESCENA; CaixaForum Barcelona; Tabakalera (Donostia); L'animal a l'esquena (Celrà, Girona); PAR – Programa Artistas en Residencia (Montevideo); Centro Cultural de España en Montevideo; CEPRODAC (Mexiko Hiria); Museo del Chopo (Mexiko Hiria); Espacio Práctico (Bartzelona)

Laburrean

Non

Euskadi, auzolana