"Itsasoko biztanleak", Iñaki Guridiren argazki-erakusketa

Vitoria-Gasteiz 2019(e)ko urriaren 3(e)tik 2019(e)ko urriaren 28(e)ra
  • "Itsasoko biztanleak", Iñaki Guridiren argazki-erakusketa
    ©Iñaki Guridi

Orain mende bateko jantzi eta poseak dituzten Kontxako bainulariak ditugu, itsasoarekiko lotura estua zutenak, Sancho el Sabio Fundazioaren erakusketa honen protagonistak. Haiekin batera, 1975ean Donostian jaiotako Iñaki Guridi artistaren egungo argazkien bilduma bat ere eskaintzen da erakusketan.

Iñaki Guridi argazkilari eta diseinatzaile donostiarrak bainulariei zenbait argazki egin zizkien, hotzari eta Kontxako olatuei aurre egiteko ahaleginetan, eta argazki ikusgarri horiek jarriko dira ikusgai, Fundazioaren argazki-artxibo zabaletik ateratako argazki hautatu batzuekin batera.

Erakusketak aukera bikaina ematen digu katalogatutako 90.000 argazkietako batzuk ikusteko, zehazkiago, Kontxako bisitariei egindako argazkiak. Artxiboaren zati bat ikusteko aukera ezin hobea da, beraz. Egun hauetan Fundazioaren aretoan elkarrekin ikusiko ditugu, batetik XX. mendearen hasierako udatiarrak, garai hartako jantziekin, eta bestetik, XXI. mendeko igerilariak, guztiak ere badiaren esparru konparaezinean, bertako hondartza ospetsua dotorezia eta modaren ikurra izan delarik 1845ean Isabel II.ak bisitatu zuenez geroztik.

Kontxako hondartzako itsas urak, garai batean jada osasunarentzat onuragarritzat jo zirenak, terapia-iturri dira, gaur egun ere, hainbat bainulari ausartentzat. Urte osoan egunero murgiltzen dira ozeanoaren zaleak Kontxako hondartzan, itsasoarekin bat eginez. Eguneroko hitzordu hori tradizio bihurtu da jada, eta Guridiren kamerak zuri-beltzean jaso nahi izan du, hain zuzen ere urtarrileko egun batean, bost graduko tenperaturarekin. Neguko itsaso bete-betean, bainulariak Kontxako ur izoztuetan murgiltzen dira, erronka hori ongizate-zeremonia bihurturik, bilduma osatzen duten 10 argazkietan maisuki irudikatuz. Erretratuak xehetasun guztiekin zaindu dira, igerilari ausarten aurpegietan islatutako sentsazio bizi hori transmititzeko. Beste argazki batzuek, berriz, bainularien nabigazio-esparrua irudikatzen dute, hau da, olatu zuri apartsuak, eta azken argazki batek badia erakusten digu, arkupeetatik itsaso barrura doan irudi bat erakutsiz ikusleari interpretazioarekin amets egiteko gonbitea eginez.

Teknologia digitalez egindako argazkiak dira, baina testurak irudi analogikoak dakarzkigu gogora, Hahnemuhle paper gaineko Gicleé tratamendua erabili delako. Argazkilarien irudiekin kontrastea eginez, antzinako irudiak, Donostiako uda-giroko eguzki eta hondartzako egunen oroigarri, Fundazioaren artxiboetatik erakusketarako atera direnak.

ITSASOKO BIZTANLEAK erakusketa Donostiako arteko galeriarekin elkarlanean eraman da aurrera, eta liburu batekin batera aurkeztu da, non bainularien argazkiak 2018an Literaturako Euskadi Saria irabazi zuen Karmelo C. Iribarrenek itsasoari eskainitako poemekin uztartu diren. Itsasoko biztanleak izenburua daraman liburuaren 85 ale argitaratu dira, eta edizioa ongi zaindu da: azalean, Kontxaren koordenatu geografikoak, irudiak hartu ziren eguneko data eta 5º notazioa ageri dira, azken hori, bainulariak olatuei aurre egiteko murgildu zireneko tenperaturaren adierazgarri.

Iñaki Guridi (Donostia, 1975) argazkilaria eta web diseinuan espezializatutako diseinatzaile grafikoa da. Gaur egun argazkilaritza proiektu berrien prestakuntzan murgilduta dago, bere diseinatzaile lanarekin jarraitzen duen bitartean.


Laburrean

  • Mota Erakusketa
  • Data 2019(e)ko urriaren 3(e)tik 2019(e)ko urriaren 28(e)ra
  • OrdutegiaAstelehenetik ostegunera 09:00etatik 13:00era eta 15:00etatik 18:00etara; Ostiraletan 08:00etatik 15:00etara
  • Lekua Sancho el Sabio Fundazioa
    Portal de Betoño, 23
    Vitoria-Gasteiz
  • HizkuntzaBat ere ez
  • Web Sancho el Sabio Fundazioa

Non

Euskadi, auzolana