Durangoko Azoka 2019

Durango 2019(e)ko abenduaren 5(e)tik 2019(e)ko abenduaren 8(e)ra
  • Durangoko Azoka 2019
  • Durangoko Azoka 2019

  • Abenduaren 5etik 8ra arte 200 kultur ekitaldi baino gehiago egongo dira Durangoko Azokako zazpi guneetan.
  • Musika Eskolan jarduerak antolatuko dira lehen aldiz, Gogoetaren Plaza eta DA! PRO ekimena kasu.
  • 264 erakusmahai egongo dira Landakon, 405 nobedaderekin: 273 liburu, 91 disko, 16 aldizkari...
  • Lehenengo aldiz 30 urtez, erakusmahaiak berriztuko dira, eta, ondorioz, Landakoko irudia aldatuko da.

Edizio honetan Musika Eskola espazio berri bat izango da: hemen antolatuko dira inaugurazio ekitaldia, Gogoetaren Plaza eta DA! PRO egitasmoa. Azken ekimen hori ere 54. edizioko beste berritasun bat izango da. Lehenengo aldiz, Durangoko Azokak Euskal Herriko programatzaile eta musikaren sektoreko sortzaile eta profesionalen arteko topaketa antolatu du, Musika Bulegoarekin elkarlanean. Azokako lehen egunean izango da, goizean zehar.

Ohiko espazio batean, Landako gunean, berritasunik ere egongo da. 30 urtez lehenengo aldiz, Azokak erakusmahaien irudia aldatuko du. Landakoko argazki orokorra, beraz, aldatuko da. 

54. edizioan, guztira 264 erakusmahai egongo dira: 240 handi eta 24 txiki. "Aurreko urteetan baino eskari gehiago jaso ditugu". Produktuei dagokienez, 405 nobedade egongo dira: 273 liburu, 91 disko, 16 aldizkari, 5 ikus-entzunezko eta 20 bestelakoak. Autoekoizleen plazan, bere aldetik, 14 sortzaile batuko dira, disko, liburu eta ikus-entzunezkoekin.

Azokako bigarren egunean, bere aldetik, Azokako Sormen Bekaren irabazleak zeintzuk diren jakinaraziko da. Aurtengo gaia musika da, beraz, disziplina horregaz lotuta egondako proiektu bat izango da sariduna. Era berean, iazko irabazleek euren proiektua aurkeztuko dute: AtopiaRPG euskarazko lehenengo rol-jokoa.

Egitarauari dagokionez, 54. edizioan 200 ekitaldi baino gehiago egongo dira, 700 metrotan eta 5 minutuko distantzian. Ahotsenean Euskal Herri osoko 111 talde, bakarlari eta idazle batuko dira, zuzenekoen karpan eta solasaldien gunean. Urtero bezala, sortzaile ezagunek sortzaile hasiberriekin partekatuko dute eszenatokia.

Irudienean, ikus-entzunezkoen gunean, mundu digitalarekin lotutako hainbat proiektu aurkeztuko dira: websailak, youtuberrak eta abar. Era berean, memoria historikoa lantzen duten dokumentalak eta fikzioak ere proiektatuko dituzte. Saguganbaran, familien espazioan, urtero bezala umeentzako ikuskizun eta tailer ugari antolatu dituzte. Aurten bereziki, autoekoiztutako ipuinek indar berezia izango dute. Areto Nagusian, urtero bezala, eragile, elkarte eta erakundeek euren egitasmoak aurkeztuko dituzte. Ekitaldirik bereziena "Throwing voices" izango da, Edinburgoko Liburu Azokarekin eta Etxeparerekin elkarlanean.

Gogoetaren Plaza Musika Eskolan antolatuko da lehenengo aldiz, eta bertan landuko diren gaiak honakoak izango dira: lizentzia libreak hedabideetan, euskal prentsa, kulturgintzaren profesionalizazioa eta euskara integrazio hizkuntza gisa. Kabi@ kultura digitalaren gunea izango da, eta ohiko topaketez gain (Gamer gela, wikilariak...) oso aurkezpen interesgarriak egingo dituzte. Egitaraua, gainera, kontzertu batekin amaituko dute: "Mauriziak ez du inor hil". Szenatokian, bere aldetik, Kukai dantza taldearen "Erritu" ikuskizuna izango dute, eta asteburuan Dantza eta Antzerki Laburren Jaialdia egingo dute, 10 konpainia eta 30 emanaldirekin. Plateruenan, azkenik, kontzertu handiez gozatzeko aukera egongo da: ETS, Zetak, Arkada Social eta amaitzeko, Maider Zabalegi.

Euskadi, auzolana