"Euskal Antzerkiaren Lekua"

Azpeitia 2019(e)ko Azaroak 21
  • "Euskal Antzerkiaren Lekua"

Azpeitiko Euskal Antzerki Topaketak 2019ren barruan. 

Egun osoz, Sanagustin kulturgunean eta Dinamoa Sormen Gunean.

Aurtengo edizioa berezia izango da, apustu berri batekin gatorkizue. Euskarazko antzerkigintzaren topalekua, arnasgunea, babestokia, itsasargia izan nahi duen hitzordua proposatu nahi dugu, Euskal Antzerkiaren Lekua. Izan ere, euskarazko antzerkiak behar du bere leku berri bat gure lurralde zahar honetan, merezi du leku duinago bat gure kultur paisaian, eman behar zaio leku bereziago bat gure agendan, erabakietan, sormenean, hezkuntzan, maitasunean eta politikan...gure bizitzan. Eta zein hoberik gure herria baino guzti horri tokia emateko, Azpeitia da euskal antzerkiaren lekua.

Lehen hitzordu honetan, euskarazko antzerkigintzan diharduten hainbat aritu eta aditu bilduko gara egun osoko jarduna partekatzeko. Elkarrekin ditugun erronketaz solastu, gabezietaz hausnartu, lorpenak partekatu, ezagutzak batu eta lankidetza sareak osatu nahi ditugu guztiok batera bide berri bat marrazten hasteko. Ezagutzeko, gozatzeko, pentsatzeko eta batik bat eraikitzeko koordenadak adostera goaz.

Ordea, afera honetan ez gaude bakarrik, hainbat bidelagunekin indarrak batuz eskutik helduta goaz. Eusko Jaurlaritza, Euskal Herriko Antzerkizale Elkartea, Euskal Kultur Erakundea, Euskadiko Antzoki Sarea, Nafarroako Antzoki Sarea, Azpeitiko Udala eta Kulturaz Azpeitiko Kultur Mahaiaren kooperatiba elkartu gara indar metaketa berri honetan. Ez gara gutxi eta gehiago izan nahi dugu, euskarazko antzerkigintzari bere lekua emateko

azpeitia.eus

Laburrean

  • Mota Bestelakoa
  • Data 2019(e)ko Azaroak 21
  • LekuaAzpeitia

  • HizkuntzaEuskara

Non