"Harria eta zerua", Víctor Ericeren ikus-entzunezko instalazioa

Bilbao 2019(e)ko azaroaren 13(e)tik 2020(e)ko urtarrilaren 1(e)ra
  • "Harria eta zerua", Víctor Ericeren ikus-entzunezko instalazioa
    "Víctor Erice junto a la estela de Jorge Oteiza". Aita Donostiaren omenezko monumentua, Agiña mendia (Lesaka, Nafarroa). 2019ko otsaila. Argazkia: Valentín Álvarez

Bilboko Arte Ederren Museoaren eta BBVA Fundazioaren Bideoarte eta Sorkuntza Digitaleko Programa.

Nautilus Filmsek ekoitzia, Bilboko Arte Ederren Museoa Fundazioarentzat.

Harria eta zerua Víctor Ericeren ikus-entzunezko instalazioa da, eta Aita Donostia (Jose Gonzalo Zulaika; Donostia, 1886, Lekaroz, Nafarroa, 1956) konpositore eta musikologoaren omenezko monumentua hartzen du oinarri. Agiña mendiaren gailurrean (Lesaka, Nafarroa) dago monumentu hori, eta Jorge Oteiza eskultoreak (1908-2003) eta Luis Vallet de Montano arkitektoak (1894-1982) egin zuten. Aranzadi Zientzia Elkartearen ekimenez egin eta 1959ko ekainaren 20an inauguratu zen, eta bi elementuk osatzen dute: Oteizak sortutako hilarriak eta Valletek eraikitako kaperak.

Ericek berak honela deskribatzen du bere lana: "Biak [hilarria eta kapera] bideokameraren aurrean jarriak, [...] Harria eta zerua lanean zinematizazio-prozesu bat aplikatu zaie, eta prozesu horretan funtsezko rola betetzen dute bai argiak, bai soinuak eta bai denborak. Eguneko ikuspenak [...] kontrastea ezartzen du gauekoarekin. Egunekoaren irudietan, natura historiaren aztarnekin batera bizi da; [...] bigarrena saio bat da, lekuaren dimentsio metafisikoa atzitzeko, Ilargiak argiztaturik [...]. Funtsean, Oteizak 'Zeruaren Kultura' gisa identifikatutakoaren berezko osagaiak dira. Zerua izan zen haren xedea [...]".

Bideo-instalazioa dimentsio handiko (proiekzioaren zabalera: 8 m) bi proiekziok osatzen dute: Eguna espazioa (11'03'') eta Gaua espazioa (6'35''). Soinuari dagokionez, Aita Donostiaren piezarik enblematikoena entzuten da ¿Andante doloroso, pianorako egin zuen azken konposizioa, 1954an datatua¿, haren obra ondoen ezagutzen duenetako batek interpretatuta, Josu Okiñena (Donostia, 1971) pianistak, hain zuzen ere.

Harria eta zerua Bilboko Arte Ederren Museoaren eta BBVA Fundazioaren Bideoarte eta Sorkuntza Digitaleko Programari esker egin da. Lanaren estreinaldia tarteko, museoak, batetik, hitzaldi bat antolatu du, non Ericek berak lan hau egiteko prozesua azalduko duen, eta, bestetik, "Artea eta natura" izeneko zinema-zikloa antolatu du.

Víctor Erice:

Harria eta zerua instalazioaren oinarria Agiña mendiaren gailurrean (Lesaka, Nafarroa) dagoen Aita Donostiari omenaldia monumentua da, Jorge Oteiza eskultoreak (1908-2003) eta Luis Vallet de Montano arkitektoak (1894-1982) egina. Aranzadi Zientzia Elkartearen ekimenez egin zen, eta elkarteak berak aukeratu zuen kokalekua. Multzoa 1959ko ekainaren 20an inauguratu zen, eta hilarri bat eta kapera bat ditu, Oteizaren lana lehena, eta Luis Valletena bigarrena.
Agiña mendia (618 m) garrantzi handikoa da, eta ez bakarrik paisaiaren edertasunagatik. Identitate-ezaugarri batzuen egoitza da, estazio megalitiko baten parte izaki, non ehun eta zazpi harrespil, hamaika trikuharri, lau tumulu eta iruinarri bat dauden, antzinako espazio eta errituei lotutako mugarri batzuk, esanahi berezia ematen diotenak. Haien zentzuaren inguruko teoria nagusia da ehorztokiak direla. Alabaina, zenbait ikerketaren arabera, Pirinioetako harrespilek izarrak eta konstelazioak irudikatuko lituzkete, eta kristautasunaren aurreko erlijio astral baten aztarnak lirateke. Ahaztu gabe, Urtzik ¿Jainkoaren euskal izena, XII. mende aldekoa, dirudienez¿ "zerua" esan nahi zuela.

José de Arteche idazlea Oteizarekin joan zen Agiña mendira egindako lehen bisitan, eta hango harrespilak ikustean lagunak izan zuen erreakzioa kontatu du: "Oteiza belaunikatu egin zen besoak gurutze jarrita, jario telurikoak jaso nahi zituela zioen bitartean. Umea zirudien. Valletek zutik jartzen lagundu zion. Hotz egiten zuen... Oteizak grinaz beteriko begirada zabaldu zuen paisaian zehar. Berriz trantzean sartzen ari zela ematen zuen: 'Beharrezkoa da ¿esan zuen¿ gure paisaia hilarriz betetzea, esnatu nahi ez dugun gau luze honetan estrategikoki kokaturiko seinale irazekiz'".

"Gure euskal historiaurrea ¿idatzi zuen Oteizak¿ gure historia sakratua da". Berak zioenez, euskal cromlech edo harrespilaren berezitasuna litzateke barruan ez duela ezer gordetzen, ez dela hilobia, baizik eta, oroz gainetik, norbanakoaren nahiz haren bakardadearen babes-espazio bat, arte-mota bat: "Egun batean, Agiña mendiko harrespil txiki horien aurrean nengoela, nire espaziodesokupazioaz pentsatu nuen. Artelan oro edo espazio bat okupatzen duten forma batzuen errealitate bat edo espazio desokupatu bat da. Harrespil-mota txiki hau estatua da, eta garai guztietako artistaren sormenaren sorkari garrantzitsuenetako bat da".
Bideokameraren aurrean jarriak, hark gau eta egun behatuak, monumentuko hilarri-eskulturari eta kaperari zinematizazio-prozesu bat aplikatu zaie Harria eta zeruan, eta prozesu horretan funtsezko rola betetzen dute bai argiak, bai soinuak eta bai denborak. Eguneko ikuspenak, Eguzkianagusi dela sortzen denetik sartzen den arte, kontrastea ezartzen du gauekoarekin. Egunekoaren irudietan, natura historiaren aztarnekin batera bizi da (gizakien lana: harrespilak, Oteizaren hilarri hondatua, Valleten kapera); bigarrena saio bat da, Ilargiak (hots, hilen argia) argiztaturiko lekuaren dimentsio metafisikotik zerbait atzitzeko. Alegia, Oteizak "Zeruaren Kultura" gisa identifikatutakoaren berezko osagaiak dira.

Eskultoreak bere burua zeruaren artistatzat jo zuen, lurraren artistei kontrajarririk. Zerua izan zen haren xedea: harrian eta burdina forjatuan hura handitasun osoz iradokitzea. Haurtzaroko bizipen baten bidez, aditzera eman zuen nola eman zion zeruak munduaren lehen ulerkuntza estetiko bat. Zeru-sabai handia, orduz geroztik, atsedenleku eta babesleku izan zen harentzat, existentziaren beldurren aurrean.

Jorge Oteizak bigarren estatuagintza-lan publikoa zuen Agiñakoa ¿Arantzazuko eskultura antropomorfikoaren ondoren¿ eta, Agiñako hilarrian lan egin zuen aldi berean, São Pauloko Bienalean 1957ko irailean parte hartzeko prestatzen ari zen, bere Proiektu esperimentalaren bidez. Haren lan garrantzitsuenetakotzat hartzen da, eta sintesi bat biltzen du, non abstrakzio geometrikoa eta naturaren barruko integrazioa elkartzen diren, bai eta proiekzio sinboliko bat ere, erlijioa eta politika uztartuta. Forma-erabileraren asmoa ¿sortzailearen hitzetan¿ argia izan zen: "Harri honek astuntasuna, bakardadea helarazi behar du, bai eta urruneko, halabeharrezko presentzia bat ere, gure historiaurretik ¿guk baino askoz luzeago, ziur asko¿ lagun egingo dioten harriena bezalakoa. Zirkuluaren eta karratuaren sinbolismo geometrikoak ¿apur bat desbideratua toki seinalatu horretan, paisaiaren etengabeko errotazio-aingura baten eran¿ guztia desokupatu beharko luke aukeran, ezikusi egin beharko liguke, Ona eta Betikoa den ororen axolagabetasunarekin, otoitz eginarazi eta zer gutxi garen sentiarazi beharko liguke".

Kaperari dagokionez, beharbada Luis Valleten obrarik esanguratsuena da, eta formaren aldetik paraboloide inklinatu soil gisa sortu zen, mendian lehorreratutako ontzi bat irudikatzen. Egitura hori ¿egileak adierazi zuenez¿ gai da "euskal naturaren soinu eta musika guztiak bildu eta trinkotzeko, oroitarazten dugun musikologo handiak egin zuen bezalaxe, eta proiektua prestatu da hormigoi armatuz egiteko, gure garaiko material hau Neolitokoko material hura bezain iraunkorra izaki".
Valletek bere asmoetan aipatu zituen soinuen artean, Harria eta zeruan oroitarria eskaintzen zaion musikari eta erlijioso kaputxinoaren obra bat sartzen da, hau da, Aita Donostiarena: Jose Gonzalo Zulaika Arregi (1886-1956). Obra hori, zehazki, Andante doloroso da, pianorako konposatu zuen azkena (Josu Okiñenak interpretatua), 1954ko martxoaren 1ekoa. Halaber, instalazioak bere irudietan Jorge Oteizaren idazle-lan intimoenaren ¿hain ezaguna ez den haren poeta-izanaren¿ lekukotasun txiki bat integratu du. Hain zuzen, berak esan zuenez: "Poesia da sendatzen nauena, larridura kentzen didana eta orekara itzularazten nauena. Poesia da nire taupada-markagailua".

Gogorarazi behar da Agiñako hilarriari kalte larriak egin zizkiotela 1992ko azaroaren 30ean. Bere burua Aralar Komando Kulturala izenez aurkezten zuenari leporatu zitzaion atentatua. Koldo Azpiazu, Oteizaren dizipulua, jo zen haren protagonista intelektualtzat, eta maisuak salatu egin zuen. Azkenean, gutun publiko batean, Oteizak bere burua aitortu zuen ¿ironikoki¿ bere eskulturaren aurkako atentatuaren egiletzat. Handik denbora batera, Agiñara joan, eta, hilarria ikusita, adierazi zuen: "Harria oso hondatuta topatu nuen, ertzak kamustuta. Andeatuta, zahartuta aurkitu nuen, osoago eta ederrago, suntsiezin, inoiz baino biziago eta espiritualago".

Víctor Erice (Karrantza, Harana, Bizkaia, 1940)

Víctor Ericek Donostian igaro zituen haurtzaroa eta nerabezaroa. Madrilera aldatu zen 17 urte zituenean, unibertsitate-ikasketak egiteko. 1960. urtean, Zinematografiako Eskola Ofizialean sartu zen, eta han Zinema Zuzendaritza espezialitateko diploma eskuratu zuen.

Zuzendari profesional gisa, 1968. urtean egin zuen debuta, Los desafíos filmeko hiru ataletako bat filmatu zuenean; Claudio Guerínek eta José Luis Egeak ere hartu zuten parte. Lehen film luzea 1973. urtean filmatu zuen, El espíritu de la colmena, hain zuen, eta Donostiako Zinemaldiko Urrezko Maskorra irabazi zuen urte berean. 1983. urtean, El sur filma zuzendu zuen, berak beti bukatugabetzat jo duen lan bat, Adelaida García Moralesen izen bereko narrazio batean oinarriturik. 1992koa da El sol del membrillo, Antonio López pintorearekin lankidetzan egin zuen filma. Cannesko zinema jaialdian aurkeztu zuen, eta Epaimahaiaren Saria eta Nazioarteko Kritikaren Saria lortu zituen. 2002. urtean Alumbramiento filmatu zuen, Ten minutes older: the trumpet film luzeko ataletako bat, film berean nazioarteko beste zuzendari ospetsu batzuek ere parte hartu zutela: Aki Kaurismäki, Jim Jarmusch, Win Wenders, Werner Herzog, Spike Lee...

2005ean, Bartzelonako Centre de Cultura Contemporània delakoaren eskariz eta Erice-Kiarostami. Correspondencias erakusketaren testuinguruan, Cartas a Abbas Kiarostami film laburren saila egiteari ekin zion. Erakusketa bererako, 2005eko abenduan, La morte rouge idatzi eta zuzendu zuen. Aldi berean, Antonio Lópezen zenbait koadrotan oinarrituriko bideo-instalazio bat prestatu zuen, Fragor del mundo, silencio de la pintura izenburukoa. Bartzelonako Centre de Cultura Contemporània, Madrilgo La Casa Encendida, Parisko Centre Georges Pompidou eta Melbourneko ACMI (Australian centre for the moving image) direlakoetan egon zen ikusgai.

Halaber, Memoria y sueño dokumental-sailean lan egin du, eta orain arte hiru kapitulu ekoitzi ditu: Roma, città apertaSierra de Teruel eta Le mépris. 2011n, Ana, tres minutos filmatu zuen, A sense of home nazioarteko filmaren ataletako bat. Portugalen, 2012an, Vidros partidos filmatu zuen, Centro histórico film luzearen barruan, Manoel de Oliveira, Pedro Costa eta Aki Kaurismäki zuzendarikide izan zituela. Azkenik, 2018. urtean, Plegaria egin du, berak hainbat urtean hartu dituen argazkietan oinarritzen den film labur bat.

Víctor Ericek, 1990eko hamarkadaz geroztik batik bat, lan handia egin du irakasletzan, ikastaroak, mintegiak zein lantegiak ematen. Horrela, zuzendari gisa duen esperientzia transmititzen du eta, aldi berean, zinemagintzari buruz gogoeta egiten jarraitzen du. Artikulu ugari idatzi ditu egunkari, aldizkari zein liburuetan, eta hitzaldiak eta eskolak eman ditu Espainiako zein kanpoko hainbat lekutan, Europan batez ere, baina Japonian eta Ameriketako Estatu Batuetan ere bai. Orobat, idazteko, filmatzeko eta muntatzeko prozesuei buruzko lantegiak zuzendu ditu.


Laburrean

  • Mota Erakusketa
  • Data 2019(e)ko azaroaren 13(e)tik 2020(e)ko urtarrilaren 1(e)ra
  • OrdutegiaAsteazkenetik astelehenera: 10:00-20:00. Asteartean itxita . Abenduaren 25ean eta urtarrilaren 1 eta 6an itxita. Abenduaren 24 eta 31n: 10:00-14:00
  • Lekua Bilboko Arte Eder Museoa
    Museo Plaza, 2
    Bilbao
  • Sarrerak Erosi
  • HizkuntzaBat ere ez
  • Web Bilboko Arte Eder Museoa

Non

Euskadi, auzolana