Herrien Arteko Folklore Jaialdia 2019

Barakaldo 2019(e)ko abenduaren 6(e)tik 2019(e)ko abenduaren 8(e)ra
  • Herrien Arteko Folklore Jaialdia 2019

Barakaldoko Ibarra-kaldu elkarteak berriro ere dakarkigu Herrien arteko Folklore Jaialdia, Aurtengoa 23. edizioa izango da, eta azaroaren 22tik abenduaren 9ra arte garatuko da. Jaialdiaren babesleak Bizkaiko Foru Aldundia, Barakaldoko Udala eta Kutxabank dira, baina beste erakunde batzuk ere baditu laguntzaile, hala nola Barakaldo Antzokia, Deia egunkaria, Radio7-Tele7, Metro Bilbao, Kilika bertso eskola eta Urduñako Erauntsi dantza taldea.

Ohi denez, jaialdiaren ekitaldi nagusiak Barakaldo antzokian egingo dira, abenduaren 6an eta 7an, eta Barakaldotik kanpo egiten den emanaldia Urduñan izango da aurten, abenduaren 8an, igandea. Baina egun horietako ekitaldiez gain, badira atariko ekitaldi batzuk egitarauan, aurreko bi asteetan egingo direnak.

Aurreko 22 edizioetan, Ibarra-kaldu talde antolatzailearekin batera, 35 dantza taldek hartu dute parte dantza-egunean, Estatuko autonomia erkidego guztietatik etorrita, baita Belgikatik, Frantziatik, Italiatik eta Portugaletik ere. Talde horietako musikariez gain, beste 28 musika taldek eta hainbat bertsolarik ere hartu dute parte musika egunean, non tokitxo bat egin zaien gure inguruan ditugun gutxiengoei. Dantza eta musika talde horietaz gain, Bizkaiko 15 talde ere izan dira, anfitrioi lanetan, Barakaldotik kanpo egiten den eguneko emanaldian.

ATARIKO EKITALDIAK

  • Kantu paseoa

Aurtengoan, kantatuz hasiko da jaialdia, Euskal Herriko tradizio bizi-bizi hori egitarauan jasotzeko, kantu paseo bat egingo baita azaroaren 22an, 20:00etatik aurrera, Beurko-Bagatza auzoko kaleetan. Kantatzeko gogoz parte hartu nahi duten guztiei irekita dago ekitaldi hau.

  • Txotxongiloak

Bigarren ekitaldia antzerkiarekin lotuta dago eta aurreneko aldiz txertatzen da horrelako ekitaldi bat jaialdiaren egitarauan. Txotxongilo antzezlan interaktibo bat eskainiko da, txikienei zuzenduta, Gorka Olazabaleneskutik, Apaxi kontalaria bera. Bertaratzen diren guztiek aukera izango dute antzezpenean aktiboki parte hartzeko. Azaroaren 23an izango da, larunbatean, 19:30ean, Ibarra-kaldu elkartearen egoitzan.

  • Argazki erakusketak

Aurten bat bakarrik ez, baizik eta bi argazki erakusketa egingo dira jaialdian, azaroaren 25etik abenduaren 9 arte.

  • Jaialdiko ohiko argazki erakusketan, urteko edizioan parte hartzen duten taldeen irudiak jartzen dira jendaurrean, talde horiek ordezkatzen dituzten kulturen alderdiak ere irudiz jasota. Beti bezala, Clara Campoamor zentro zibikoan izango da ikusgai.
  • Bigarren erakusketa berrikuntza da aurten, eta Ibarra-kaldu tabernan egingo da, Beurko-Bagatza auzoan. Han ikusgai jarriko dira Barakaldoko argazki zahar ugari, Manu de Orbe barakaldar estimatuak bildu eta lagata, ezaguna baita bere lana elizatearen historiako irudiak eta datuak biltzen eta zabaltzen.
  • Hitzaldiak

Aurtengo edizioan hitzaldiak ere badatoz binaka aurtengo jaialdian. Haien xedea da, alde batetik, Euskal Herriko folklorearen alderdiak aztertzen jarraitzea, eta bestetik, Barakaldoko oroitzapenak partekatzea eta bertako sustraiak ezagutzera ematea. Bi hitzaldiak Ibarra-kaldu elkartearen egoitzan egingo dira, 19:30ean.

  • Azaroaren 26an, asteartea, “Un paseo gráfico por la historia de Barakaldo” hitzaldia, Barakaldoko iraganaren gaineko paseotxo bat, argazki zaharrak komentatuz. Hizlariak, Manu de Orbe bera eta Luki Gómez, Ezagutu Barakaldo programako bisita-gidaria.
  • Azaroaren 28an, osteguna, “Emakumea euskal dantzan: gezur baten historia”izeneko hitzaldia emango du Oier Araolazak, dantzari, antropologo eta Dantzan.eus webgunearen sortzaileetakoa bera. Hitzaldi horren bidez agerian jarri nahi da emakumeak benetan zer paper eduki duen Euskal Herriko dantzetan, horixe baita Araolaza osatzen dabilen doktorego tesiaren gaia.
  • Bertso afaria

Aurten ere izango da bertsolaritza jaialdiaren egitarauan, bertso afari batez bitartez. Sustrai Colina eta Xabat Galletebeitia bertsolariak arituko dira bertan, azaroak 29, ostirala, 22:00etan, Ibarra-kaldu elkartearen egoitzan. Kilika bertso eskolarekin batera antolatu da afaria, eta aurretik bertso poteoa egingo dute eskolakideek, 20:00etatik aurrera.

JARDUNALDI NAGUSIAK

Hiru dira Herrien arteko Folklore Jaialdiaren jardunaldi nagusiak: Musika Eguna, Dantza Eguna eta Kanpoko Eguna. Doakoa da sarrera jardunaldi horietako ekitaldi guztietan.

  • Musika Eguna

Abenduaren 6an, ostirala, 19:30ean hasiko da musika saioa Barakaldo antzokian. Saio horretan bi taldek hartuko dute parte Ibarra-kalduko musikariekin, ohi den bezala, elkarteak anfitrioiarena egingo baitu. Horietako bat Ceo do Sil gaita banda da, duela 20 urte Barakaldon finkaturiko Bizkaiko Galiziar Etxeko kide batzuek sortua. Bestea Xeremiers Orats taldea da, Pollençako xeremia eta flabiol jotzaileek osatua eta laster 20 urte beteko duena. Aurten ere hartuko dute parte Kilika bertso eskolako bertsolariek saioko  aurkezpenetan. Ekitaldia hasi aurretik, Laguntasuna dantza taldeko fanfarreak girotuko du antzokiaren ataria, Barakaldoko elkarte horren 70. urteurrenak jaialdian isla izan dezan.

  • Dantza Eguna

Abenduaren 7an, larunbata, 19:30ean hasiko da Barakaldo antzokiko dantza emanaldia. Bertan, Ibarra-kaldu berriro ere anfitrioi, dantzan arituko dira Tarragonako Esbart Dansaire eta Aran Haraneko Colla de Santa Maria De Mijaran taldea. Eguraldia lagun, taldeek kalejira txiki bat egingo dute antzokiaren inguruko kaleetan, 19:00etan hasita.

  • Kanpoko eguna

Aurten, Urduñan egingo da Bizkaiko beste udalerri batean egin ohi den emanaldia, abenduaren 8an, igandea, 13:00etan. Bertan, Tarragonako Esbart Dansaire eta Aran Haraneko Colla de Santa Maria De Mijaran taldeekin batera arituko da, dantzan eta anfitrioi, Urduñako Erauntsi dantza taldea. Eguraldia lagun, kalejira txiki bat egingo dute taldeek, 12:30ean hasita.

Ibarra-kaldu Elkartea

Laburrean

  • Mota Jaialdia
  • Data 2019(e)ko abenduaren 6(e)tik 2019(e)ko abenduaren 8(e)ra
  • Ordutegia19:30
  • Lekua Barakaldo Antzokia
    Juan Sebastian Elkano, 4
    Barakaldo
  • ZenbatekoaDoan
  • HizkuntzaEuskara
  • Web Barakaldo Antzokia

Non

Euskadi, auzolana