RIU + Xabi Aburruzaga

Vitoria-Gasteiz 2019(e)ko Abenduak 21
  • RIU + Xabi Aburruzaga
  • RIU + Xabi Aburruzaga

Aitzina Folk 2019.

RIU

Delta izenpean argitaratu du disko berria RIU folk taldeak. Grekeraren abezedarioaren laugarren hizkia izateaz gain, ibai-ahoan sortzen diren sedimentuen metakinarekin lotura sendoa du, akzidente geografiko horrek ingurumena aldatu eta itxura berria ematen baitio ingurumenari. Oro har, RIU taldearen laugarren diskoa tradizioaren jalkinak musikan duen eraginaren eta inguru berrien sorreraren metafora bat da. Taldearen erroa tradizio katalana bada ere, Mediterraneoko auzotarrek Atlantikoko harmoniaz barreiatutako musika eskaintzen digute.

IV Concurs Sons de la Mediterrània-ren irabazleak 200 kontzertu baino gehiago eman dituzte. RIU folk katalanaren iraultzaile bihurtu da; zuzeneko musika indartsuak ez ezik, musikarien profesionaltasunak eta ekitaldien moldakortasunak ere, zenbait lekutan parte hartzera eraman ditu: Iberiar Penintsula, Irlanda, Frantzia eta Italia, besteak beste. Aipagarria da taldeak kartela partekatu duela Capercaillie eta Milladoiro taldeekin, eta Festival Tradicionàrius RIU360ª jaialdian Ramón Mirabet eta Souldout-ekin kolaboratu zutela bi gau jarraian; musika eraberritua eta erabat harrapatzen zaituena eskainiz.

Xabi Aburruzaga

Xabi Aburruzaga (Portugalete, 1978) trikitilari eta konpositorearen bosgarren lana da Bost. Aurrekoan, KeltiK (2016) izenekoan, unibertso keltiarrean bidaia genezan proposatu bazigun Xabik, oraingo honetan barru-barruko bidaia egin du musikariak; azken urteetan bizitako esperientziak oinarri dituzten hausnarketei doinua jarri die, eta horietako batzuei baita hitzak josi ere. Amama-aititen lurretara, Palentziara, umetan egindako bidaiak gogoan ditu "Bilbao-La Robla" eta "Waltz for Velilla" pieztan, eta azkenaldian kanpora egindako bidaietatik ekarritako oroitzapenak ere ez dira falta: "Reel Quebecoise", "Nadirren giltza", "Non da Palestina", "Meigas" eta "Zortzi jauzi", azken hau Ameriketan ezagututako euskal diasporari gorazarrea. Iaz lehenengoz aita izanik, ezin zen falta semeari beren beregi eskainitako pieza: "Izei". Omenaldi gehiago ere badira diskoan: pandero-lagun minaren aitari eskainitako "Irumugarrieta 2.0", bere hastapenetan maisu izan zituen trikitilariak ezagutarazi zituen "88ko Txapelketa", edo Josu Zabala (Hertzainak) eta lagunekin bizitakoak gogora dakartzan "Mekoleta". Horietako askok Aburruzagak ezin hobeto zaindu eta ureztatzen duen trikiti-soinu klasikoa dute oinarri, "Hauspoaren infernutik" piezan bezala. Haatik, lan honetan ere ezin izan dio esparru berriak arakatzeko grinari eutsi; horren erakusle dira Europako iparraldeko paisaia gogorarazten digun "Atxarre", eta diskoari izena ematen dion "Bost" kanta, bosteko erritmoan osatu duena, Garikoitz Aldekoak proposatutako ideian oinarrituta.

Aitzina Folk

Laburrean

Non

Euskadi, auzolana