#BilbaoGabonak 2019

Bilbao 2019(e)ko azaroaren 28(e)tik 2020(e)ko urtarrilaren 6(e)ra
  • #BilbaoGabonak 2019

  • Bilboko Udalak #BilbaoGabonak proiektua indartu du eta eta 400 kultur eta aisialdi jarduera baino gehiago antolatu ditu Gabonetan hiriko kaleak betetzeko.

#BilbaoGabonak izen orokorrarekin, Bilboko Udalak Gabonei begira garatuko dituen jardueren programa zabala martxan jarri du. Horrela, Bilboko Udalak #BilbaoGabonak proiektua indartu du, hiria erakargarri bihurtzeko eta Gabonetan ere hiria kultura nahiz aisialdirako erreferente handi gisa sendotzeko helburuarekin.

#BilbaoGabonak ekimenaren helburua honakoa da: batetik, jendea erakartzea, bai bertakoak, bai inguruko tokietakoak, bai estatuko eta atzerriko turistak, eta, bestetik, merkataritza, negozioak… mugiaraztea, adin guztietako jendeak aukera izan dezan Bilbon Gabonetako ilusioaz bete-betean gozatzeko eta giro bikain hori bizitzeko.

#BilbaoGabonak Bilboko Udalaren eta Arriaga Antzokiaren zubien arteko pasealekua hiriaren bihotza bihurtzen du, haren indar eta jarduera auzo guztietara hedatuz.

ESTATUKO IZOTZ PISTA EKOLOGIKORIK HANDIENA

Iazko esperientzia arrakastatsuaren ondoren (49.000 pertsona inguru bertaratu ziren instalazioetara), Bilboko Udalak berriro ere apustu egin du Gabonetan izotz ekologikoaren pista eta txirrista hirira ekartzearen alde, baina berrikuntza handiak eginez.

Patinatzeko pista lekuz aldatuko da eta espazioa bikoiztuko , izotz ekologikoaren modalitatean estatu osoko handiena bihurtzeko. Horrela, aurreko Gabonetako 400 metro karratuak izan beharrean, orain 800 metro karratu izatera pasako da, eta instalazioaren erdia estalita izango du, eguraldi txarra aurreikusi eta hari aurre egin nahian.

Areatzako kaira lekualdatuko da oraingoan, eta Erripako kaian geratuko da txirrista handia (berriz ere irristatzeko sei errei izango dituena). Itsasadarraren bi aldeetako espazioak zabaltzea eta dibertsifikatzea da lehentasunezko helburua, publiko guztiei zuzendutako proposamen honekin.

Bi azpiegiturak izotz ekologikoa fabrikatzen eta banatzen aitzindaria den Xtraice nazioarteko enpresak diseinatu ditu. Material berritzaile, abangoardista eta jasangarriagoak dira, ur izoztuko pista baten patinaje sentsazioa imitatzen dutenak, hots, ingurumena errespetatzen duen produktua eta % 100 birziklagarria. Apustu honekin udalak ur eta elektrizitate asko aurreztea lortuko du eta atmosferara CO2 tonak igortzea saihestuko da.

Bi jarduerak azaroaren 28tik urtarrilaren 5era bitartean izango dira abian, prezio desberdinak ezarrita. Izotz-pistaren kasuan, 3 eurokoa izango da 30 minutuko patinajea (patinak barne), eta 2 eurokoa familia ugarientzat; txirristan, berriz, 2 eurokoa izango da kostua, erreietatik hiru aldiz jaisten den pertsona bakoitzeko.

Sarrerak leihatiletan bertan erosi ahalko dira, baita on-line ere, plataforma honen bidez: www.eventbrite.es

Taldeko erreserbak egiteko (20 lagunetik gora), mezu elektroniko bat bidali behar da, helbide honetara: reservasgabonak@proasur.com. (Bezeroarentzako arreta telefonoa: 607110872).

Bi instalazioen funtzionamendu-ordutegia 11:00etatik 14: 00etara eta 16:30etik 20:30era artekoa izango da, eta asteburuetan, jaiegunetan eta eskolaz kanpoko denboraldian 16:00etatik 21:00etara luzatuko da.

GABONETAKO AZOKA

Bigarren urtez jarraian, Gabonetako azoka izango da Bilbon, Europako hiri nagusien estilokoa, alegia. Udalak duen helburua honakoa da: Gabonetako jaiak direla eta, hiriko bisitariei eskaintza komertziala erakustea. Gabonetako azoka udaletxeko eta Arriaga Antzokiko zubien artean kokatuko da, itsasadarraren bi aldeetan.

  • Erripako kaian, hiriko merkatariek gastronomia arloko salgaiak, opariak eta Gabonetako dekorazioko produktuak eskainiko dituzte. Abenduaren 5etik urtarrilaren 5era bitartean, Gabonetako apaingarriekin hornitutako zurezko 20 etxola inguru izango dira, 11:30etik 14:00etara goizetan eta 17:30etik 21:00etara arratsaldeetan.
  • Gabonetako Merkatuaren aurrean, Areatzako kaian, abenduaren 13tik urtarrilaren 5era bitartean, Gabonart ere jarriko da, egin-eginean ere Arbaso artisau-elkarteak kudeatzen duen Gabonetako Artisautza Azoka.

GABONETAKO AMETSEN FAKTORIA

Erripako kaian ere, 0 eta 12 urte bitarteko neska-mutilek aisialdiari eskainitako gune handi bat izango dute: “Gabonetako ametsen faktoria”. Karpa handi bat da, eta aurten 100 metro karratu baino gehiago handituko du bere espazioa, aurreko Gabonekin alderatuta, 450 metro karratura iritsi arte, eta hiru eremutan banatuko da:

  • Sormenezko jolasen espazioa. Haurrei eta familiei zuzendutako gunea da.
  • Tailer didaktikoen gunea, adin guztietarako egokiturik dauden eta ingurumenarekin zerikusia duten tailerrak eta guzti.
  • Animazio programa, egunero ikuskizun ezberdinak hartuko dituen agertokia eta guzti.

Jarduerak azaroaren 28tik urtarrilaren 5era bitartean egingo dira, 16:30etik 20:30era eskola-jardueren egunetan, eta 11:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 20:30era asteburuetan, jaiegunetan eta eskoletako opor-egunetan.

BILBO ARGITUKO DA

#BilbaoGabonak 20:00etatik aurrera jarriko da abian, Juan Mari Aburto hiriko alkateak Gabonei ongietorria egiteko hiri osoko argiak pizteko botoia sakatzen duenean.

Areatzako baso magikoak Gabonetako sua hartuko du aurten, bertan dauden ehun urtetik gorako 120 zuhaitz baino gehiago urre-kolorez estalita geratzen direnean, girlanda eta gortina itxurako ehunka led argi isiotuta.

Udaletxearen inguruetan, 14 metroko zuhaitza eta Gabonetako bola erraldoia argiztatuko dira, jarraian hiri osoa argiztatuko da, BILBON ETA AUZOETAN JADA GABONAK direla iragarriz.

Sei metroko altuera eta hamabi metroko luzera eta hiru metroko zabalera dituen urrezko balea handia Gabonetako gune berri batean ikusiko dugu: La Merced zubiaren eta Erriberako Merkatuaren artean, Bilbo Zaharraren eta Zazpikaleen elkargunean.

Bihartik eta urtarrilaren 6ra arte argiztatuko da Bilbo, 1.200.000 led argi baino gehiagorekin, igandetik ostegunera, 18:00ak eta 22:00ak bitartean eta 23:00ak arte ostiral, larunbat eta jaien bezperetan. Aipatu diren argi horien barruan sartzen dira udalak jarri dituenak eta Alde Zaharreko, Bilbo Erdiko, Deustuko, Uribarri-Castañoseko eta Santutxuko merkatarien taldeek eta elkarteek jarri dituztenak. Horrela, Gabonetako instalazioak banatu dira barruti guztien artean, jende guztiak kalitatezko apaingarriekin jai-giro atseginean, erakargarrian eta abegitsuan gozatzeko aukera izan dezan.

Udalak ‘Zorionak -B- Bilbao’ mezuarekin sei kartel jarri ditu hiriko sarreretan; hau da, Juan de Garain, Sabino Arana etorbidean, Zumalakarregi etorbidean, Miribillara iristeko sarreran Mirafloresetik, Kastrexanan eta Zorrotzan.

KULTUR JARDUEREZ BETETAKO AUZOAK

Gainera, Bilboko Udalak barrutietan tematizatutako Gabonetako programazioa diseinatu du, berrogeita hamar jarduera baino gehiago biltzen dituena. Horietako batzuk tradizionalagoak dira, hala nola Gabonetako abesbatzen kontzertuak, bai eta umorezko ikuskizunak, ipuin kontalariak, kaleko animazioa, zirkuak eta clown-ak ere, euskaraz eta gaztelaniaz eta adin guztietarako jarduerekin. Gainera, adinekoentzako Antzerki eta Koral Hamabostaldia izango da Otxarkoagan eta helduentzako umorezko bakarrizketak Santutxun. Halaber, familiei zuzendutako doako jarduera mordoa izango da hiri osoan, herritar bakoitzak bere gustuko ekintzak aise aurki ditzan.

Berritasun gisa, 8. barrutiko zenbait kokalekuk antzerki laburreko saioak hartuko dituzte ostiral honetatik, azaroaren 29tik urtarrilaren 3ra arte; hala, ikusle guztientzat egokitutako ikuskizunak eskainiko dituzte zenbait konpainiak. Bestalde, Abandoko Udal Zentroan haur eta gaztetxoentzako Gabonetako ipuinen kontaketa saioak izango dira, Badut Taldea, Maite Arrese eta Ana Apikaren eskutik.

Gabonak ere kalera aterako dira, Hortzmuga Teatroaren eskutik; Solokoetxeko, La Peñako eta San Adriango hainbat kale animatuko dituzte, hilaren 20an eta 22an.

Bestalde, Santutxuko Udal Zentroak Umorezko Bakarrizketen Zikloaren edizio berria hartuko du abenduaren 2tik aurrera.

Banaketa tematiko horretan, Errekalde berriz ere zirkuaren barruti bihurtuko da Gabon hauetanabenduaren 20an hasiko den programa bati esker: sei zirku ikuskizun izango dira publiko guztiarentzat. Haurrentzako zirku emanaldiak eta tailerrak ere eskainiko dira sarrera librearekin, eta Errekalde, Irala eta Uretamendiko Udal Zentroan izango dira.

Bestalde, Uribarriko barrutian, zehazki Castaños eta Zurbaranbarriko barruti zentroetan, hilaren 10etik aurrera, pailazoen eta clown-en zortzi ikuskizun izango dira, bereziki familiei zuzendutakoak.

Aurten ere, euskaldunen ehunekorik handiena duen Deustuko barrutiak euskal kulturarekin eta euskararekin lotutako jarduera ugari bilduko ditu, hala nola bertsolariak, antzezlanak eta ipuin kontalarien saioak. Egitaraua astelehenean, hilak 9, hasiko da Deustuko Udal Zentroan.

Otxarkoaga auzoan Adinekoentzako Antzerki eta Koral Hamabostaldiaren edizio berria egingo da, eta Euskadiko adinekoen elkarteetako abesbatzak eta antzerki talde amateurrak izango dira protagonista. Bilboko Udalaren ekimen hau Otxarkoaga-Txurdinagako Jubilatuen eta Pentsiodunen Elkartearekin batera antolatzen da.

Horrez gain, parrokietan Gabonetako Kontzertu Koralak hiriko barruti guztietara helduko dira. Orotara, 14 emanaldi izango dira, eta ostiral honetan hasiko dira, 19:30ean, Alde Zaharreko Santos Juanes elizan, Bilboko Ganberako koru eta orkestrarekin. Barruti guztietan banatu eta tematizatutako programazio hori guztia Bidebarrieta Kulturgunearen programazioarekin osatuko da: poesia errezitaldiak, hitzaldiak, liburu aurkezpenak…

Gabonetan zehar euskal folklorea ere protagonista izango da auzoetan. Abenduaren 21ean, larunbata, San Inazio plazatik abiatuko da erraldoien kalejira, 18:00etan, Ondalanen eskutik.
Horrez gain, abenduaren 24an, asteartea, 18:00etatik aurrera Beti Jai Alai taldearen erromeria izango da Basurtuko Aita Donosti Plazan.

Santiago Plazan, abenduaren 30ean, astelehena, 20:00etatik aurrera beste erromeria bat izango da Salbatzaile Dantza Taldearen eskutik. Eta azkenik, biharamunean eta urteari agur esateko, abenduaren 31ko asteartean erraldoien kalejira izango da Deustuko Luzarra kalean, 11:30ean.

KULTUR ESKAINTZA GEHIAGO

Arriaga Antzokian, musikal handi eta zirraragarri batek, hildako bat berpizteko gai denak, izango dugu ikusgai Gabon hauetan. Mel Brooks-en Frankenstein Gaztetxoa da, 1974ko izen bereko filmean oinarritutako ikuskizuna, hain zuzen ere. Arriagako karteldegia beteko du abenduaren 19tik 29ra, Gabon izugarri dibertigarriak ziurtatuz.

Gainera, abenduaren 30ean, egileen rock-ari lotutako artista ospetsuenetariko baten emanaldia izango da Arriagan, Quique Gonzálezena, hain zuzen ere. Artista handi honek Palabras vividas azken lana aurkeztuko die Bilboko ikus-entzuleei.

Azkenik, 2020ari ongietorria egiteko, Arriaga Antzokian Ali Baba y los cuarenta ladrones familientzako ikuskizuna izango da, 4 urtetik aurrerako haurrentzat gomendagarriaUrtarrilaren 3tik 5era bitartean, Mila gau eta bat gehiago ipuin tradizionalaren egokitzapena eskainiko da, haurren abesbatza, abeslariak eta orkestra eta guzti. OLBE-Txiki programaren proposamen berria da, OLBEk Arriaga Antzokiarekin elkarlanean bultzatutakoa.

Abenduaren 5ean, 19:00etan, BilbaoArtek 2019an bekadun izan diren artisten erakusketa kolektiboa inauguratuko du. Hala, zentroko erakusketa-aretoak, estudioak eta bestelako gelak hainbat diziplina eta jatorritako 22 proposamen artistikoz beteko dira. Arte arloko hainbat diziplinatan adituak diren hiru profesionalek osatutako epaimahai batek espazioak zeharkatu eta proiektuak ebaluatuko ditu abenduaren 13an, eta hautatutako artistak izango dira Urazurrutia Aretoko bakarkako erakusketetako protagonistak 2020an.

Abenduaren 9tik 13rako astean, 17:30etik 19:30era, artista parte-hartzaileek beren lan prozesuari eta proposamenari buruzko hitzaldiak emango dituzte; egunero lauzpabost hitzaldi.

Gainera, Bilbao Musikaren bitartez, udalak hainbat diziplinarekin lotutako musika jarduera batzuk antolatu ditu:

  • Bilboko Udal bandaren kontzertua, "Sentsazioen musika". Hilak 1, igandea, 12:00etan. Euskalduna Jauregia.
  • Kantu entzunaldia. Hilak 4, asteazkena, 19:45ean. La Galera auditorioa.
  • Combos kontzertua. Hilak 9, astelehena, 19:00etan. Bilborock.
  • Musika erromeria eta dantza tradizionala. Hilak 10, asteartea, 19:00etan. Bilborock.
  • Entzunaldi sinfonikoa.Hilak 11, asteazkena, 19:45ean. La Galera auditorioa.
  • Kantu entzunaldia. Hilak 12, osteguna, 18:30ean. La Galera auditorioa.
  • Piano entzunaldia. Hilak 16, astelehena, 19:45ean. La Galera auditorioa.
  • Udal Musika Eskolako taldeen Gabonetako kontzertua. Hilak 17, asteartea, 19:00etan.Campos Elíseos antzokia.
  • Bilboko Udal Txistulari Bandaren Gabonetako kontzertua. Hilak 18, asteazkena, 19:30ean. Euskalduna Jauregia.
  • Jam Session. Hilak 19, osteguna, 19:30ean. HIKA ATENEO.
  • Akordeoi entzunaldia. Hilak 20, ostirala, 19:00etan. La Galera auditorioa.
  • Bilboko Udal bandaren kontzertua, "Sentsazioen musika". Hilak 22, igandea, 12:00etan. Euskalduna Jauregia.

Azkuna Zentroa – Alhondiga Bilbaok “Gabonak arte” programa jarri du abian beste urte batez, abenduaren 26tik urtarrilaren 4ra. Haurrei eta familiei zuzendutako jarduera eta esperientzia artistikoen eskaintza zabala da. Programaren helburuak belaunaldien arteko ekintza, errespetua eta aniztasunarekiko tolerantzia sustatzen ditu, haurrentzako eta haien ingurukoentzako jolas- eta dibertimendu-ingurune batean.

OLENTZERO ETA ERREGE MAGOAK

Gabon guztietan bezala, Olentzero eta Errege Magoak izango dira umeak gehien hunkitzen dituzten ekimenak.

Gure ikazkin gogokoena izango da hirira iristen lehena, abenduaren 23ko arratsaldean. Hala, 17:30ean, Olentzero, Mari Domingi eta Galtzagorriekin batera, Carlton hoteleko balkoira irtengo da haurrak agurtzera. Ondoren, Kale Nagusitik Arriagara iritsiko den kalejira hasiko dute, eta bertan ikuskizun musikal batek jarriko du amaiera.

Olentzerok, Mari Domingik eta Galtzagorriek Arriaga Antzokian atseden hartuko dute gauean, indarrak berrituko dituzte eta asteartean, hilak 24, 11:00etatik aurrera, harrera egingo diete hurrengo egunean Olentzerori bere etxeetan zein opari aurkitzea espero duten kontatu nahi dioten ume guztiei.

Urte berriarekin batera iritsiko dira Meltxor, Gaspar eta Baltasar. Errege Magoak urtarrilaren 5ean Bilbora iritsi eta hiriko kaleetan barrena ibiliko dira, argiz, soinuaz eta kolorez betetako karrozen segizioarekin batera. Desfileak Kale Nagusia zeharkatuko du udal eraikin nagusiraino. Ekialdeko Maiestateek Bilboko haurren gutunak jasoko dituzte udaletxeko arabiar aretoan.

HAUR ETA GAZTEENTZAKO AISIALDI PROGRAMAK

Udalak eskaintza zabala eta askotarikoa prestatu du, hiriko haur eta nerabeentzako 1.500 plaza baino gehiago eskainiz #BilbaoGabonak ekimenaren barnean.

Adin txikikoek Gabonetako oporrak gozatzeko jolas- eta hezkuntza-guneak eskaini eta familiak bateratzea erraztu nahian, udalak abian jarri ditu, beste urte batez, Gabongune, Gabonkide eta Neguleku programak, hots, 3 eta 13 urte bitarteko haurrentzako 715 plaza.

Kirol-aisia nahiago dutenentzat, udalak "Kirol Gabonak, Gabon Dibertigarriak" ekimena antolatu du, zeinari esker 6 eta 16 urte bitarteko 846 haurrek jolas- eta kirol-jarduerez gozatu ahal izango baitute Deustu, San Inazio eta Txurdinagako kiroldegietan. Taldeko jolasak, igeriketa, padel edo saskibaloia izango dira, besteak beste abenduaren 23, 26, 27 eta 30eko eta urtarrilaren 2 eta 3ko goizetan. Helburua da adingabeei kirol-aisialdirako gune bat eskaintzea, non bizi-ohitura osasungarriak, talde-lana edo laguntasuna sustatuko diren besteak beste; aldi berean, udalaren ekimen horrek lagunduko du lana eta familia bateragarriago egiten.

Gainera, #BilbaoGabonak ekimenaren barruan ez dira faltako adinekoen eta txikien planak. Udalak familian aisialdia sustatu nahi du eta, horretarako, 6 familia tailer antolatu ditu, abenduaren 23an eta 30ean eta urtarrilaren 2an, Abandoko barrutiko zentroan eta Basurtuko ikastetxean. Doako saioak izango dira, bi ordukoak, eta goizez edo arratsaldez egingo dira. Tailer horien gaiak zabalak eta askotarikoak dira, hala nola teknologia, pintura edo magia landuko dira.

#Gaztekluba Gabonak udal programak aisialdi jarduerak ere eskaintzen dizkie apur bat helduagoak direnei, abenduaren 23tik urtarrilaren 4ra bitartean. Programazioaren barruan, Bilbotik kanpoko irteerak daude, bai eta doako kirol-jarduerak edo zirkuarekin, dantzarekin, bideo-jokoekin edo youtuberekin lotutakoak ere, 12 eta 17 urte bitarteko gazteentzat.

Eskalada.
Hilak 26 eta 27, osteguna eta ostirala. 10:00etatik 12:00etara. Piugaz Bilbao.

Dantza.
Hilak 26, osteguna. 18:00etatik 21:00etara. Bilborock.

Zirku tailerra.
Hilak 26, osteguna. 11:00etatik 13:00etara. Bilborock.

Bideo-jokoak. Bilbao sport open.
Hilak 27 eta 28, ostirala eta larunbata. 10:00etatik 12:00etara. Bilborock.

Irteera Gabonetako Haur Parkera.
Hilak 27, ostirala. Egun osoa. BEC, Bilbao Exhibition Center.

Irteera Astúnera.
Hilak 28, larunbata. Egun osoa. Astún.

Irteera Donostiara.
Hilak 3, ostirala. Egun osoa. Donostia.

Jarduera horiez gain, barrutietako Gazteguneetan egingo direnak ere hartu behar dira kontuan, besteak beste, txanoak, kamisetak eta kutxak prestatzeko tailerrak, Gabonetako postalak egitea eta Athleticen Museoa bisitatzea.

GABONETAN EUSKARAZ

Gazteenentzako jardueren artean, Bilboko Udalak, Azkue Fundazioarekin elkarlanean, 'B-Tuber. Youtuber izarren bila!' tailerra antolatu du. Tailerra herrian erroldatuta dauden 11 eta 13 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago, euskarazko ikus-entzunezko edukiak konpartitzen, sortzen eta editatzen ikasteko eta YouTubera modu erraz eta seguruan igotzeko aukera izango baitute.

Saioak euskara hutsean eta doan emango dira Gabon garaian, eta bi mailatan banatuta egongo dira: hastapena eta hobekuntza.

Tailerrak 8 ordukoak izango dira, 4 orduko 2 saiotan banatuta, 09:30etik 13:30era, Euskararen Etxean, abenduaren 26an eta 27an, urtarrilaren 2an eta 3an, hastapen-maila, eta abenduaren 2an eta 3an, hobekuntza-maila.

Izena emateko epea abenduaren 8ra arte egongo da zabalik. Interesdunek www.bilbao.eus webgunean eman dezakete izena.

ANIMAZIOA ETA MUSIKA EMANDALDIAK KALEAN

Kalea ere hainbat animazio ekintzen agertoki izango da hiriko merkataritza gune nagusietan. Abenduaren 12an, 13an eta 14an.

Oraingo honetan egingo diren "Street Marketing Ekintzak" herritarrei zuzenduta daude, oro har, eta, bereziki, bilbotarrak tokiko saltokietan erosketak egitera animatzera.

Horretarako, 5 pertsonak (Dixie band), zeremonien maisu batek eta 3 aktorek osatutako musika banda bat dugu. Pertsonaiak Gabonetako kanpainaren irudi eta edukietan oinarrituta diseinatutako jantziekin karakterizatuko dira.

Ordutegiak 18:00etatik 20:30era izango dira arratsaldez, eta 12:00etatik 14:00etara goizez, hiriko honako toki hauetan:

  • Abenduak 12 (ostegun arratsaldea): San Inazio, Deustu, Uribarri
  • Abenduak 13 (ostiral arratsaldea): Zorrotza, Basurtu, Errekalde
  • Abenduak 14 (larunbat goiza); Bilbo Zaharra, Santutxu, Txurdinaga, Otxarkoaga
  • Abenduak 14 (larunbat arratsaldea): Bilboko erdigunea, Zazpi Kaleak

GABONETAKO 57 ZUHAITZEK BILBOKO KALEAK ETA PLAZAK APAINDUKO DITUZTE

Gabonetako giroa sortzeko, hiriko auzo guztietan apaingarriz hornitutako 57 zuhaitz jarriko dituzte 16 artifizialak izango dira, eta gainerako 41 espezieak, berriz, urte osoan beren gune naturalean egoten direnak eta Gabonen harira apaintzen direnak.

Hala, 1. barrutian Gabonetako zazpi arbola jarriko dira Arangoiti, Ibarrekolanda, San Inazio-Elorrieta eta Deustu-Erribera auzoetan. Bestalde, 2. barrutian, bost zuhaitz apainduko dira Matikon, Uribarrin, Castañosen eta Zurbaran-Arabellan. 3. barrutian, Otxarkoagak eta Txurdinagak izei artifizial bana izango dute. 4. barrutian, berriz, zuhaitz apainduak jarriko dira Boluetan, Begoñan eta Santutxun.

Gabonetako hamabost zuhaitz apainduko dituzte Atxuri, Bilbo Zaharra, Iturralde, Miribilla, San Frantzisko, Solokoetxe, Zabala, Buia, Abusu, San Adrian eta Zazpi Kaleak 5. barrutian. Halaber, 6. barrutian bi zuhaitz artifizial jarriko dituzte Indautxun eta Abandon; 7. barrutian, berriz, hamaika zuhaitz jarriko dituzte Ametzolan, Iralabarrin, Iturrigo-El Peñascalen eta Errekaldeberri-Larraskitun. Azkenik, 8. barrutiak Basurtun jarritako hamaika zuhaitz izango ditu, horietako bat ospitalearen parean, eta Zorrotzan.

OSTALARITZAKO ORDUTEGIA ZABALTZEN DA

Egun berezi hauek direla eta, Bilboko Udalak bi orduz luzatuko du ostalaritza lokalen itxiera ordua. Hala, ostalaritzako lokal guztiei aplikatuko zaie ordutegi luzeagoa, “egunekoak” diren establezimenduei – ordutegi desberdina dute- eta terrazei izan ezik, honako egun hauetan:

  • Gabon aurreko aldia, abenduaren 13 eta 14an.
  • Gabonak, abenduaren 19tik urtarrilaren 5era, abenduaren 22an eta 29an eta urtarrilaren 1ean izan ezik (igandeak).
Bilboko Udala

Laburrean

  • Mota Bestelakoa
  • Data 2019(e)ko azaroaren 28(e)tik 2020(e)ko urtarrilaren 6(e)ra
  • LekuaBilbao

Non

Euskadi, auzolana