"Euskara, erro eta gara. Izan gare, bagare eta izango gare"

Bilbao 2019(e)ko Abenduak 3
  • "Euskara, erro eta gara. Izan gare, bagare eta izango gare"

Bilboko Udalaren esku dagoen Bidebarrieta Kulturguneak ekitaldi berezia jasoko du abenduaren 3an (asteartea), Euskararen Eguna ospatzeko. "Euskara, erro eta gara. Izan gare, bagare eta izango gare" izenburuarekin, Bittor Kapanaga idazle eta euskaltzalearen figurara hurbilduko da, Gontzal Mendibilen ahotsaren eta Xabier Kintana euskaltzainaren, Juan Manuel Etxebarria filologoaren eta Juan Luis Goikoetxea idazlearen arteko solasaldiaren bitartez.

Ekitaldia 19:30ean hasiko da, sarrera librea izango du leku guztiak bete arte, eta streamingez eskainiko da www.kulturgunea.eus webgunearen bitartez.

Gontzal Mendibilek duela denbora gutxi argitaratu duen eta Joseba Sarrionandiaren hitzaurrea duen Bittor eta biok. Bittor Kapanaga "Euskal Sokratesen" gogoeta ondarea liburu-diskoa dela eta, Euskararen Egunaren ospakizuna baliatuz, euskarak eta euskal munduak eman duten figura azpimarragarrienetako bat omendu gura da. Horrela, ekitaldian, Gontzal Mendibilen abestiak eta hiru aditu eta idazle azpimarragarriren arteko solasaldi lasaia izango ditugu, Xabier Kintana, Juan Luis Goikoetxea eta Juan Manuel Etxebarria.

Bittor Kapanaga idazle eta euskaltzaleak (Otxandio, 1925-2011) Eibarren ikasi zuen, eta 50eko hamarkadan, euskal hizkuntza eta kultura berreskuratzeko sortzen ari zen mugimenduan hartu zuen parte. 1953an "Euzko Gogoa" aldizkarian hasi zen idazten, eta geroago "Zeruko Argia", "Jakin", "Txistulari", "Karmel" eta "Anaitasuna" aldizkarietan idatzi zuen. Bere lan nagusia 1978an argitaratu zen: "Euskera erro eta gara". Lan horretan, euskararen jatorriari buruzko ikerketa lana azaltzen du. Oso ezaguna da, baita ere, Gontzal Mendibilek eta Xeberrik grabatu zuten "Bagare" abestiaren letra idatzi zuelako. Euskararen eta euskal kulturaren alde egindako lanari esker, Gerediaga Elkarteak Argizaiola Saria eman zion 1997an, eta Mendebalde Kultur Alkarteak omenaldia egin zion 2000. urtean.

Euskararen Nazioarteko Eguna abenduaren 3an ospatzen da. Eusko Ikaskuntzak 1949an ezarri zuen, eta 1995ean instituzionalizatu zen, Eusko Jaurlaritzaren eta Euskaltzaindiaren arteko lankidetzari esker.

Bilboko Udala

Laburrean

Non

Euskadi, auzolana