Punto de Vista 2020 - Nafarroako Zinema Dokumentaleko Nazioarteko Jaialdia

Pamplona/Iruña 2020(e)ko martxoaren 2(e)tik 2020(e)ko martxoaren 7(e)ra
  • Punto de Vista 2020 - Nafarroako Zinema Dokumentaleko Nazioarteko Jaialdia

Punto de Vista jaialdiaren 14. edizioak berriro bilduko ditu ez-fikzioko zinemagintzako profesionalak eta zaleak.

Jaialdiaren programazio proposamenak zazpi atal nagusitan antolatuko dira berriro, eta atal bakoitzaren edukiak jaialdia egin aurretik azalduko dira: Atal Ofiziala, Atzera begiradak, Dokbizia, Punto de Vista Labs, Foku Garaikideak, Ekitaldi Bereziak eta Hezkuntza Programa.

Beste urtebetez, hurrengo edizioaren irudia Dani Sanchis diseinatzaileak sortu du. Haren kontzeptuak ideia ozeanikoa du ardatz, programazioaren zati batean presente egongo dena. Irudia osatzen duten hiru karteletan, honako elementu hauek aurki ditzakegu: urdina, pultsio gisa; ozeano berreraiki eta aztoratua; eta edertasun natural zatikatua. Hiru elementuok irudiaren sostengu dira, eta esplizitua den horretatik harago joatera gonbidatzen gaituzte.

Programazioari dagokionez, nabarmentzekoa da Oskar Alegria –jaialdiaren zuzendari izandakoa 2013tik 2016ra– arduratuko dela aurtengo edizioa inauguratzeaz, ‘Zumiriki’ bere azken lanaren bidez, Veneziako Mostraren azken edizioan estreinatu zena eta Las Nuevas Olas - No_Ficción saileko film onenaren saria irabazi duena Sevillako Nazioarteko Zine Jaialdian. Film horretan, egurrez eginiko txabola batean bizitzen ikusiko dugu zinemagile nafarra, bere haurtzaroko Arga ibai ondoko basoaren erdian memoria formaz eraikitako etxola batean. Alegria bakar-bakarrik egon zen txabola horretan lau hilabetez, izadiarekin harreman estuan. ‘Zumiriki’ euskal hitz zahar bat da, ‘ibai erdiko irla’ esan nahi duena.

Punto de Vista 2020 argitalpena lau emakume zinemagileren erretratu bat izango da: Ute Aurand (Frankfurt, 1957), Renate Sami (Berlin, 1935) eta Helga Fanderl (Ingolstadt, 1947) alemaniarrak eta Jeannete Muñoz (Santiago, 1967) txiletarra. Gainera, jaialdiaren atzerabegirakoetako bat eskainiko zaie, haien film asko –Espainiar estatuan ikusi gabeak gehienak– bilduko dituen ziklo baten bidez. Lau zinemagileok aitortza ugari jaso dituzte nazioarteko jaialdi ospetsuetan: hala nola Berlinale, International Short Film Festival Oberhausen, New York Film Festival edo Rotterdamgo IFFR. Lau emakume hauen lana koka daiteke 80ko hamarkadako abangoardismoaren eta zine esperimentalaren barnean. Liburuaren edizio lanak egingo dituzte Garbiñe Ortegak, Punto de Vistaren zuzendari artistikoak, eta María Palacios Cruzek, jaialdiaren programatzaileak. Gainera, hainbat zinemagilek, idazlek eta akademikok parte hartuko dute: George Clark, Soon Mi-Yoo, Sarah Neely, Francisco Algarín, Elena Duque edo Carine Doumit.

Erika Balsom zinemagilearen ‘An Oceanic Feeling’ izango da aurtengo beste atzerabegirakoetako bat. Balsomek –britaniar akademiako kidea eta Film Ikasketak eta Giza Zientzien irakaslea Londresko King´s Collegen– ‘An Oceanic Feeling: Cinema and the Sea’ izeneko saiakera argitaratu zuen 2008an, itsas paisaia zinearen bidez aztertzen duen lana. Hala, atzerabegirakoak lotu egingo ditu zinearen historiako zuzendari handiak eta zine garaikidea, itsasoaren metaforaren bidez. Sei programak erakutsiko dituzte itsasoa zine dokumentalean irudikatzeko moduak, helburua izanik gogoeta egitea zer esan nahi duen gaurko munduan bizitzeak larrialdi ekologiko, humanitario eta politikoko une batean.

Aurten, gainera, X Films proiektuaren 10. urteurrenaren ospakizun berezia egingo da. 2009an sortu zenetik, urtero jaialdiak hiru sortzaile gonbidatu ditu saio dokumental proiektu bat aurkeztera, hurrengo urtean Nafarroan filmatzeko. Epaimahai batek proiektu irabazlea aukeratzen du, jaialdiaren hurrengo edizioan aurkezten dena. 2020ko matxoan, Maddi Barber nafarraren ‘Rojo’ aurkeztuko da, X Films egitasmoaren 10. film irabazlea. Urteurrena ospatu eta ekimen honetan partaide izan diren zinemagileen aitortza egiteko, Punto de Vistak ziklo berezi bat antolatuko du, X Films proiektuaren film irabazle guztiak proiektatuz Civivox Condestable aretoan.

Jaialdiaren kolaboratzaileei dagokienez, 14. edizioan, harremana sendotuko da betiko babesleetako batzuekin (Iruñeko Udala, Nafarroako Kutxa Fundazioa, Iruñeko Planetarioa, Nafarroako Filmoteka edo Uharteko Arte Garaikideko Zentroa) eta akordioak egingo dira bidaide berriekin (Cervantes Institutua edo Goethe Institut).

2020ko martxoaren 2tik 7ra, ez-fikzio zinematografikoa itzuliko da Punto De Vista jaialdiaren eskutik.


BOLUNTARIOAK ETA EPAIMAHAI GAZTEA

Dagoeneko zabalik dago jaialdiko boluntario eta Epaimahai Gazteko kide izateko izena emateko epea. Batean edo bestean izena eman nahi dutenek otsailaren 11 arteko epea izango dute: www.puntodevistafestival.com.

Punto de Vista boluntarioen bila dabil, jaialdiaren antolakuntzan parte hartzeko, hainbat zereginetan: aretoko laguntza, produkzio koordinatzailea, komunikazio sailaren laguntzailea, jaialdiaren bideo taldearen eta argazkilariaren laguntzailea, zinemagileen harrera eta akonpainamendua, ekitaldien antolakuntza, bidaien koordinatzailea edo akreditazioa eta txartel-leihatila

Bestetik, beste urtebetez, Epaimahai Gazteko kide izateko aukera eskaintzen die jaialdiak 18-25 urteko gazteei. Gazteen Saria Film Onenari emateaz arduratuko dira.


Laburrean

Non

Euskadi, auzolana