"Hiru hari hori", Sandra Arróniz, Maitane Azparren eta Beruta artisten erakusketa

Pamplona/Iruña 2019(e)ko abenduaren 20(e)tik 2020(e)ko otsailaren 16(e)ra
  • "Hiru hari hori", Sandra Arróniz, Maitane Azparren eta Beruta artisten erakusketa

Ziudadelako labeak Sandra Arróniz, Maitane Azparren eta Beruta artisten Hiru Hari Hori erakusketa hartuko du abenduaren 20tik otsailaren 16ra.

Denborari ezin zaio puntada bat baino eman. Hiru Hari Hori hiru artisten elkarketaren fruitua da, eta hirurek adierazpen-kode bera daukate: orratza. Sandra Arrónizek, Maitane Azparrenek eta Berutak ehungintzaren mintzaira ezberdinak aztertzen dituzte proposamen honetan norberaren ikuspuntutik abiatuta. Denboraren hastapena dago, eta amaiera, berriz ere hastapen bati ekiten diona. Puntadatik puntadara, brodatuek, trokelatuek, korapiloek, mugimendu errepikakor eta pausatuez, denbora bakarra eta errepikaezina sortzen dute, edo ez.

Denbora azeleratu eta desazeleratu egiten da, erritukoa den toki honetan, non bat egiten baitute orainak, iraganak eta geroak. Tanta-jarioak zedarritzen du erritmoa. Energia-zurrunbiloak espazioaren zirkulartasuna indartzen du. Erdigune horren inguruan norberaren hiru denbora-lerro ageri dira. Hiru nornek patuaren tapizak ehuntzen zituzten, pertsonen bizitza irunez, hariaren luzera zenbatekoa den eta hala. Hiru denbora, hiru norna, hiru hari, ardazkaturik, geroan multzo bakarra osatu arte.
Argia ia osorik xurgatzen duen masa beltz bat. Pertz bat, sagar bat, zulo beltz bat, orakulu bat, nahien putzu bat, putzu poliedriko bat ezin konta ahala aurpegiz. Bizitza duen sakontasun beltz bat. Urak zedarritzen du denbora. Tantak gure denbora-lerroetatik ari dira osatzen putzua, gure existentziaren ondorio dira. Sei eskuz sortutako ehun-pieza bakarra, tolesduren bidezko esperientzia komun murgilgarrian. Elkarlana bizitza-iturri gisara.

IRAGAN ORAINERA EKARRIA
“Argazkigintzak oraina bakarrik irudikatzen ahal du. Behin argazkia eginda, iragan bihurtzen da” Iragana eta oraina bat eginda. Denbora ez baita batzuetan lineala. Nola egin argazkirik oraindik existitzen ez denari?

IRAGANDAKO ORAINAK
677 zentimetro orainenak; 401 korapilo ohartuta; 4560 segundo jarraiak; 113 distrakzio. Denbora neurtzeko eta oraina irudikatzeko zenbait modu. (Time-Specific seriea. Orain ohartuen ariketa I)

Sandra Arróniz Lacunza diziplina anitzeko artista kontzeptuala da. Gorputza da bere jardunaren ardatz nagusia, orainean zein utzitako zantzuan, hau da, jantzietan. Jantziak abiapuntu dituen haren jardunak eta ikerketak xede ditu gorputzaren luzapenak, ingurunearekiko harremana, itxuraldaketa inplizitua, edo berariazko une edo sentsazio baten emaitza dira. Artistaren lanak erakusgai egon dira Ingalaterra, Alemania, Sri Lanka, Errusia, Bilbo eta Iruñean.

JE SUIS DÉSOLÉ
Gas-maskara bat, totem bat, brodatuak, kolore arrosa, horra pieza honetan erabilitako elementuak, bide ematen dutenak dualtasuna erakusteko babesten gaituenaren eta aldi berean etsai zaigun horren artean. Eta ezaugarri hori gugandik hurbilen ditugun lagunengan dago ederki ordezkatua.
Obra zirkulu kutun hori sortzen duen totemaren pertsonifikazioa da. Multzo babesgarri bat, pertsona toxikoen kontrakoa, aire kutsatuaren kontrakoa, zeinen, haatik, babesleak ere partaide izan daitezkeen. Hala eta guztiz ere, ezin naiz maskara horretatik askatu, babesle horiek beti baitaude nire gogoan, eta maskararen baitan arnastu dezakedan arren, egia esan arnasketa hori larri bilakatzen da. Pertsona horietako bakoitzak hautatu du nola nahi duen irudikatu bere burua; hortaz, brodatuen egikera prozesu introspektiboa izan da, eta horrek bidea eman dit horietako bakoitzarengana ditudan sentimenduekin eta bizipenekin hausnartu eta lotzeko, zeinak iraganetik eta, oraingoz, orainera bitarte luzatzen baitira.

AITA, AMA, ZENBAT PISTATXO JAN NITUEN ATZO?
Ezkontza-arreoa prestatzeak denbora bat eskatzen zuen, eta tarte horretan arbaso emeek gidatzen zuten emaztegaia. Zeregin horretan ari zirela, puntada bakoitza marrazten zihoan bikotearen inizialak, betiko iraunen omen zuen elkarketa hartarako, hori baitzen familietan erroturik zegoen ustea, gaur egun hotz-hotzean pentsatuta eromena lirudikeena. Eta hala izan da, puntada-orban batek agerian jarri du arinkeria hori. Puntada desbrodatuek lagun egiten diote lentejuelen distirak nabarmendutako monogramari, lentejuelek agerian utzita nire vedette-iragana eta indartuta obra honetan betetzen dudan rol nagusia. Ahantzitako hari-zuntz batzuk ditugu albo batera baztertu eta iraganaren parte diren inizial haien zantzu.

Maitane Azparren artista plastikoaren lanak paperaren erabilera, eskalen desitxuratzea eta kolorerik eza ditu ezaugarritzat, eta giro etereoak lortzen saiatzen da haiekin, naturaren xehetasun txikienak jomuga hartuta. Oraingo honetan, erabateko aldaketa dakarkigu. Ehungintzako materialak eta teknikak erabilita, orain arte baliatutako teknikak baztertu gabe, obra zehatzagoa sortu du, non naturak bide ematen dien gizakiak ekoiztutako objektuei hura protagonista bilakatuta.
Denbora, denborak, fantasia hutsak dira. Baina zenbait tokitara denborarekin baino ezin da iritsi.

IRA(IN)GA(I)NA. Ssssssssssssssssss.
Teknikak: Joskintza, betetze-lana, modelaketa. Materialak: Parpailazko tokila, kordoia, denbora, kotoizko ehuna, feltroa, alezko apaingarriak, aparra, organza. Eta isiltasunera kondenaturik ohartu zen bere krotaloak pozoi oro baino ahaltsuagoak zirela. (Bertías 19:83)

LADY GOCRIBA
Teknikak: Brodatua, joskintza, betetze-lana, bilgarria, puntua. Materialak: Denbora, galbahea, artile-alpaka, denbora, haria, lihoa, sky, feltroa, orratza, artilea, bi buru-orratz, aparra, denbora, brodatuzko hariak, kotoi-ehuna, alezko apaingarriak, guata. 120 metro alpakak inguratzen dute zurezko galbahea. Sare metalikoak hitz brodatuen unibertso bat harrapatzen du; zuriak dira, bolia, perla… batzuk iluntasunean ere argitzen dira. Haiek, letrek, gidatuko gaituzte bide posibleen bila tipografia- eta puntada-dantzan. Gurpil hanpatuak zutitzera egiten du lotsarik gabe, irudi zuriari egiten uzten dio. Eta bolia. Eta perla. Eta hura, ilea urdindurik, aurrera doa, zerantz…

Beruta, Berta Ose?s Sua?rez 1975eko urritik, artista eta diseinatzailea da, ehungintzaren arloan espezializatua. Oihalaren adierazpen-gaitasuna eta emozioei eragiteko ahalmena arakatzea, horra bere jardunaren jomuga. Eskultura eta argazkiak egiten ditu batez ere. Materialari eta teknikari dien begirunerik handienetik ekiten dio jardunari, horretan sormen-prozesua ia gidari bakarra duelarik. Bere esentzia barnekoenetik hurbiltzen da ehunera, materialaren nolakotasunak esanahi askotako dimentsio poliedriko batera hartaraturik. Haria ez galtzea espero du, eta, galduz gero, berriz ere aurkitzea.

Hiriartea, Iruñeko Kultura Garaikideko Zentroa – Ziudadela delakoak apiriletik abuztura izango ditu ikusgai tokiko zein nazioarteko artisten erakusketak ; aldi baterako erakusketa tematikoak Arte Garaikidearen Bildumako lanekin; eta artista, komisarioa eta herritarren arteko topaketak egingo dira, hainbat jardueraren bidez –pentsamenduko jardunaldiak, bisitaldi esperimentalak, bizipen-lantegiak, topaketak eta hitzaldiak, eskola-bisitaldiak, etab.–, betiere xede hartuta adierazpen artistikoen inguruko hausnarketari eta sorkuntzari bide ematea.

 


Laburrean

  • Mota Erakusketa
  • Data 2019(e)ko abenduaren 20(e)tik 2020(e)ko otsailaren 16(e)ra
  • Lekua Labea (Ziudadela)
    Armada etorbidea, z/k
    Pamplona/Iruña
  • HizkuntzaBat ere ez
  • Web Labea (Ziudadela)

Non

Euskadi, auzolana