"Olafur Eliasson. Bizitza errealean"

Bilbao 2020(e)ko otsailaren 14(e)tik 2021(e)ko apirilaren 4(e)ra
  • "Olafur Eliasson. Bizitza errealean"
    "Your uncertain shadow (colour)" © Olafur Eliasson

(Datak berrikusteko daude).

Olafur Eliasson (1967) artista daniar-islandiarrak ikuslearen esperientzia kokatzen du bere artearen ardatzean. Olafur Eliasson. Bizitza errealean erakusketak gaur egungo gai gorienak aztertzen ditu 1990etik gaurdaino egindako hogeita hamar bat piezaren bidez. Erakustaldian osatzen duten eskulturak, argazkiak, pinturak eta instalazioak islekin eta koloreekin jolasten dira, eta aurre egiten diote gure ingurunea hautemateko eta ingurune horretan mugitzeko moduari. Eliassonek era guztietako materialak erabiltzen ditu (adibidez, goroldioa, ura, glaziarretako izotza, lainoa, argia eta metal islatzaileak), eta, batzuetan, espero ez den tokietan kokatzen, nola kalean hala museoan. Material horiez baliatuta, inguratzen gaituen mundu fisikoa ulertzeko eta hautemateko moduari buruz hausnartzera gonbidatzen du ikuslea.

Eliassonen artea pertzepzioarekiko, mugimenduarekiko, esperientzia fisikoarekiko eta sentsazioekiko duen interesetik sortzen da. Haren jardun artistikoaren gakoen artean, hiru azpimarratu behar ditugu: naturarekiko kezka, Islandian eman zuen denboran sortutakoa; geometriari buruzko ikerketa; eta inguruko mundua hautemateko eta sentitzeko eta hari forma emateko moduari buruz egiten ari den azterketa. Berlinen duen estudioa, Studio Olafur Eliasson, lan-eremu bat da, baina baita elkartzeko eta elkarrizketarako gune bat ere. Bertan, eskarmentu handiko askotariko artisauak, arkitektoak, artxibozainak, ikertzaileak, administratzaileak, sukaldariak, programatzaileak, arte-historialariak eta teknikari espezializatuak biltzen dira.

Eliassonen jarduna artelanaz, erakusketaz eta esku-hartze publikoaz harago doa, eta proiektu arkitektonikoak ere hartzen ditu barnean. Eliasson ziur dago arteak oso eragin handia duela museoaz haraindiko munduan. Horren haritik, eguzki-lanparak sortu ditu argindarrik ez duten komunitateetarako, tailer artistikoak egin ditu errefuxiatuentzat eta asilo-eskatzaileentzat, instalazio artistikoak prestatu ditu larrialdi klimatikoaz are gehiago ohartarazteko, eta, 2019ko urrian, Garapenerako Nazio Batuen Programaren Borondate Oneko enbaxadore aukeratu dute. Olafur Eliassonen arabera, “artea ez da objektua bera, baizik eta objektuak munduari egiten diona”.

Tate Modern museoak antolatutako erakusketa, Guggenheim Bilbao Museoarekin lankidetzan.

Komisarioak: Mark Godfrey eta Lucía Agirre


Laburrean

  • Mota Erakusketa
  • Data 2020(e)ko otsailaren 14(e)tik 2021(e)ko apirilaren 4(e)ra
  • OrdutegiaAsteartetik igandera 10:00-20:00. Uztaila eta abuztuan, astelehenetik igandera: 10:00-20:00
  • Lekua Guggenheim Bilbao Museoa
    Abandoibarra Etorbidea, 2
    Bilbao
  • Sarrerak Erosi
  • HizkuntzaBat ere ez
  • Web Guggenheim Bilbao Museoa

Non

Euskadi, auzolana