Bizilabe STEAM Festibala

Basauri 2020(e)ko Otsailak 15
  • Bizilabe STEAM Festibala

Nerbioi-Ibaizabaleko gazteek eta ikertzaile profesionalek gidatutako zientzia eta teknologia-tailerrek, ginkana zientifikoak edota “Escape-room”-ak, osatuko dute egitaraua. Lorea Argaratek (Las Tea Party) emango dio amaiera jaialdiari.

Larunbat honetan, otsailak 15, 17:00etatik aurrera, Basauriko Solobarria Plazan egingo da “Bizilabe STEAM (zientzia, teknologia, ingeniaritza, artea eta matematikak) Festibala”.

Urrian abiatu zen “Bizilabe” ekimena  Nerbioi-Ibaizabaleko zazpi herritan, Bizkaiko Foru Aldundiaren babesaz eta udalen eta Elhuyarren arteko lankidetzaz. Guztira, lau hilabetetan zehar 9 zientzia eta teknologia-tailer eskaini dira herri hauetako udal gazte-lokaletan: Arrigorriaga, Basauri, Etxebarri, Galdakao, Orozko, Ugao-Miraballes eta Zeberio.

14-17 urte bitarteko gazteek, lau saiotan, gaian aditu den ikerlari baten laguntzaz, denetariko zientzia- eta teknologia-jarduerak egin dituzte. Hilabete horietan ikasitakoa, otsailaren 15ean Basaurin egingo den STEAM Festibalean erakutsiko dute eta bertaratzen diren herritarrek gazteek tailerretan egindakoa probatzeko aukera izango dute:  DJ lanetan jarduteko, mugikorretarako aplikazioak sortzeko, marrazketa-zientifikoan barneratzeko, energia esperimentu ikusgarriak egiteko, berrerabilitako materialez gailu berriak eraikitzeko, etab. Gainera, Lightpainting-a egiteko karpa ilun bat ere egongo da.

Tailerren guneaz gain, Arrigorriagako gazteek gidatutako Escape-Room-a ere egongo da. Bertan, gazteek sortutako erronkak gainditu beharko dituzte parte hartzaileek. 18:00etatik 19:30era, berriz, ginkana zientifikoa egingo da. Kasu honetan, Ugao-Miraballeseko gazteak izango dira gidari, hainbat begiralerekin batera. Escape Room-a eta Ginkana zientifikoa 14 urtetik aurrerako gazteei zuzenduta daude eta tokiak bete arteko aukera egongo da bertan parte hartzeko.

Bestalde, bertaratzen garen guztion artean, Lightpainting Performance bat egingo dugu ,eta azkenik, Las Tea Party DJ bikoteko Lorea Argaratek (DJa eta Bizilabe tailerretako ikerlari profesionala eta telekomunikazio-ingeniaria) kontzertutxo batekin itxiko du festa.

 Arratsalde osoan zehar, STEAM (zientzia, teknologia, ingeniaritza, artea eta matematikak)  Hezkuntza arloaren inguruko dibulgaziorako txokoa ere egongo da.

“Bizilabe STEAM Festibalak” lehen tailer zikloari amaiera emango badio ere, aurrera jarraitzen du “Bizilabe Nerbioi-Ibaizabal”, Nerbioi-Ibaizabaleko Udalen eta Elhuyarren arteko lankidetzak, Bizkaiko Foru Aldundiaren babesaz. Besteak beste, eskualdeko gazteen STEAM diagnosia egingo da datozen hilabeteetan, gazteek STEAM arloarekiko eta STEM profesioekiko duten pertzepzioa jasotzeko.

basauri.net

Laburrean

  • Mota Jaialdia
  • Data 2020(e)ko Otsailak 15
  • LekuaSolobarria Plaza
    Basauri

Non

Euskadi, auzolana