"Barbadun, burdinak forjatutako paisaia" bildumaren bisita birtuala

Muskiz 2020(e)ko maiatzaren 4(e)tik 2020(e)ko maiatzaren 31(e)ra
  • "Barbadun, burdinak forjatutako paisaia" bildumaren bisita birtuala

2017. urtean Barbadun ibaiaren arroa Monumentu Multzo deklaratu zenean, burdinak forjatutako paisaia baten berezitasuna eta honen ondare kulturalaren izugarrizko aberastasuna aitortzen ari zen.

Normalean ondare hitza interes historiko edo artistiko nabarmena duten eraikuntza isolatuekin lotzen dugu, eta gero eta gehiago, gizarteak irudikapen ahalmen berezia ematen dien haiekin. Besteak beste hauek datozkigu burura; jauregiak, baserriak, zubiak edo katedralak; agian burdinolak, baselizak edo labe garaiak; edo erdi aroko hiribilduen erdigune trinkoak.

Baina kasu honetan ibaiertzeko espazio zabal bat da, gizakiaren eraginak mendeetan eraldatutako ingurune naturala, monumentu klasikoen arreta berdina jasotzen duena. Orain paisaia honen balioa nabarmendu eta babestu beharreko kultura-ondare moduan ulertzen da eta ez testuinguru apaingarri soiltzat.

Burdinoletan zehar erakusketan ondarearekiko begirada berri hau partekatzen dugu, Barbadun arroaren baitan sortuz joan den burdinaren paisaia kulturala hedatuz.

Gaur, gure museoarekin harreman estua duen eta burdinezko mendi handien artetik doan ibai honetatik paseatzea proposatzen dizuegu.

Kolitza menditik Muskizko paduraraino doan 15km eskaseko ibilbidean Barbadun ibaiak hainbat makina hidraulikori, hamar bat burdinola eta beste horrenbeste errota, bizia eman die lurralde sare bat sortuz euren presa, ubide, tanga, bide eta zubiekin.

Ibilbide honek dituen elementu erakargarrien artean, oso bereziak diren bi gunetara hurbildu nahi zaituztegu. Lehenengoa Galdamesen dago, El Pobaletik oso hurbil, ibaian gora. La Olla da, Enkarterrietara bazatoz bisitatu beharreko txoko xarmagarria. XIX. mendearen erdialdera arte martxan egon omen zen burdinola hau 1695. urte inguruan eraiki zen, Antonio Llano y Salazarrek - Galdamesko biztanlea eta Sopuertako alkatea- aginduta.

Heldu bezain laster Barbadun ibaia zeharkatzen duen harrizko zubi lirainak harrituko zaitu, bertatik hurbil dauden presa eta bere ubidea ikusiko dituzu, harlanduzko lan bikainak biak. Deigarriak dira burdin tailerrari atxikita dauden ikaztegien bolumenak, haien itzelezko altxaera. Hiru dira erregai biltegi hauek, eta hauen lurraren kontrako kokapena ezaguna egingo zaigu El Pobaleko eskema gogorarazten badugu. Multzoa burdinolaren antepararen mutur batean eraikitako irin errotaren hondarrekin osatzen da. Seguraski egitura hidraulikoa berrerabili zuen errotak burdinolak jarduera eten zuenean.

Santi Yanizek egundoko aztarna hauei ateratako argazkietan azaltzen diren elementuak hobeto interpretatzen laguntzeko, Javier Gandarillas marrazkilariak egindako haien berregite fina erakusten dizuegu, La Olla bere garai oparoenean birsortuz.

Eta ibilbidea amaitzeko hasi beharko genukeen tokian kokatuko gara. Sopuertan, Kolitzaren ertzetan, hau bait da gure ibaiak hemen hartzen duen izena, bere iturburutik hurbil. Lekuak Olabarrieta du izena, izenak berak burdinola iragana oroitarazten digu, baina bitxia da hain zuzen ere ez dugulako burdinola bat aurkituko.

Ikus dezakezuen bezala, Yanizen airetiko irudiek, dronen bidez jasotakoek, erortzeko zorian dagoen multzo honen ohiz kanpoko ikuspegia eskaintzen digute, ibai ertzean hondoa jo duen itsasontzi bat dirudiena. Eraikuntza honen oinplano bereziak, inguratzen duten bi kanalen trazadura, fanderia batenak berezkoak dira eta Olabarrieta bada.

Fanderiak euskal siderurgian XVIII. mendean agertzen dira, modu itzulezinean gainbeheran zegoen sektore bat modernizatzen saiatu zen beste ekimen ilustratu bat gehiago izan ziren. Lantegi hauek makina modernoekin zilindroen bitartez burdin totxoak moztu eta ijezteaz arduratzen ziren. Lortutako burdina kalitate handiagokoa zen eta produkzio kostuak txikiagoak, ikatza eta langileak aurrezten bait ziren.

Produkzio-ibilbide laburra izan zuen Olabarrietako fanderia XVIII. mendearen bigarren erdialdean eraiki zen Jose Ignacio de Gallabeitia bilbotarraren aginduz, Zallako Aranguren auzoan kokatutako gabi baten jabea zelarik. Gure lurraldean aurki dezakegun aztarna bakarra da, aparteko balioduna. Zorionez, azken urteotan agerian jarri da eta gaur egun berreskuratua izaten ari da.

Ondartez-en eskutik egiten ari den bere ikerketaren emaitzak ezagutzeko irrikan gaude, Bizkaiko ondarearen bitxi hau gure Barbadun ibaian zeharreko burdinaren ibilbidera gehitzeko.

* Fanderiaren marrazkiak Encyclopédie ou Dictionnaire raisonné des sciences, des arts et des métiers 1751 eta 1772 artean Frantzian Denis Diderot eta Jean dAlemberten zuzendaritzapean editatutako entziklopediatik atera ditugu. Diderot eta d’Alemberten Entziklopedia izen arruntez ezagutzen da. XVIII. mendeko lan handienetarikotzat jotzen da, Frantziako lehen entziklopedia izateaz gain, garaiko ezagutza nagusien sintesia edukitzeagatik. Jatorrizko lana 28 liburukiz osatuta dago, 71.818 artikulu eta 3.129 ilustrazio dituelarik.

Informazio gehiago: 

Entziklopediaren Web orria

Entziklopediaren irudiak

 

Argazkiak: Santi Yaniz

Birsotze irudiak: Javi Gandarillas

Ilustrazioak: Enciclopedia de Diderot.


Laburrean

Non

Euskadi, auzolana