"2020. Pandemiaren lekukotzak: gure orainaren antropologia"

Donostia-San Sebastián 2020(e)ko maiatzaren 18(e)tik 2020(e)ko ekainaren 18(e)ra
  • "2020. Pandemiaren lekukotzak: gure orainaren antropologia"

San Telmo Museoak "2020. Pandemiaren lekukotzak: gure orainaren antropologia" proiektua jarriko du martxan maiatzaren 18tik (astelehena) aurrera, koronabirusaren pandemiaren krisiarekin lotutako testigantzak eta bizipenak biltzeko. Ekimen hau maiatzaren 18tik ekainaren 18ra bitartean egongo da martxan eta Museoen Nazioarteko Egunarekin lotuta dago, 2020rako "Museoak berdintasunaren alde: aniztasuna eta inklusioa" leloa duena.

Euskal gizartearen museo gisa, San Telmo Museoak ezin du ez ikusiarena egin COVID-19ak eragindako pandemiaren ondorioz gizartea bizitzen ari den aurrekaririk gabeko egoeraren aurrean, eta hausnarketa sustatzen lagundu nahi du osasun-mehatxuak egungo gizartean izan duen eraginari buruz eta pandemia osteko gizartearen eraikuntzan izango duen zereginari buruz.

Mundu osoko museoek partekatzen duten kezka da, eta ezin da bestela izan, funtzio soziala dutela kontuan hartuta. Museoak komunitatearen zerbitzura dauden tresnak dira.

Hala, San Telmo Museoak bat egin nahi du Gaztela eta Leongo Etnografia Museoaren "2020. Testimonios de una pandemia: antropología del presente" ekimenarekin, eta, aldi berean, bizipenak museoarekin partekatu nahi dituzten pertsona eta kolektibo guztien lekukotasunen bilketa jarri du abian, gizartea bizitzen ari den ohiz kanpoko osasun-alertaren egoera biltzen dutenak.

Lekukotasunen bidez museoak gai asko jorratu nahi ditu, besteak beste:

- Nola bizitzen ari gara konfinamendua eta nola aldatu da gure eguneroko bizitza?

- Nola egokitu gara orain arte ezezaguna zen errealitate batera?

- Ondorio negatiboak baino ez ditu ekarri, edo ikasteko edo elkarbizitzeko aukera berriak ekarri ditu?

- Nola egon gara harremanetan ingurukoekin, familiekin, lagunekin, lanarekin, aisialdiarekin?

- Zer sentimendu sortu dizkigu?

- Gure lehentasunak aldatu dira?

- Zeintzuk dira orain gure etorkizunerako aukerak?

Museoen Nazioarteko Egunari lotutako ekimena

Lekukotzak jasotzeko epea Museoen Nazioarteko Egunean hasiko da, maiatzaren 18an. Aurten egun honi "Museoak berdintasunaren alde: aniztasuna eta inklusioa" gaia jarri dio ICOMek (Museoen Nazioarteko Kontseilua) eta San Telmo Museoak  leloarekin bat egiten duen proiektu honen bidez biziko du data hau.

Pandemiak gizarte heterogeneoa osatzen dugun pertsona guztiei eragin digu. Hala ere, guztiak zaurgarriak garen arren, eta konfinatu egin behar izan garen arren, desberdin bizitzen ari gara ingurunearen, egoera partikularren eta izateko eta sentitzeko moduen arabera.

San Telmok kanala ireki nahi die museoarekin konfinamenduaren etapa ezberdinetan zehar bizitako esperientziak eta faseak partekatu nahi dituzten pertsona eta kolektiboei. Museoak pertsona ezberdinengandik (adinari, generoari, prestakuntzari... dagokionean) jasotako lekukotasunak bildu nahi ditu. Lekukotza horiek argazkiak, bideoak, abestiak, poemak, marrazkiak, kontakizunak, eskulanen irudiak... izan daitezke, formatu digitalean, planteatutako gaiei erantzuna ematen dietenak edo krisi honetan bizitako sentimenduak eta emozioak adierazten dituztenak. Izaera sortzaileko testigantzak edo izaera narratibogokoak izan daitezke.

Nola parte hartu

  • Parte hartzeko, lekukotzak bidali behar dira museoaren webgunera, astelehenetik aurrera, maiatzak 18. Argazki, bideo edo audio fitxategiak izan daitezke, edozein hizkuntzatan. Webgunean adibide batzuk egongo dira orientazio gisa.
  • Nahi adina testigantza bidali ahal izango dira, formatu hauetako batean: JPG, mp4, mp3, pdf, zip.

Ondare kolektibo immateriala

Bildutako informazioak artxibo anitza osatuko du, ondare kolektibo immateriala, aldi hau dokumentatzeko oso baliagarria izango dena eta San Telmo Museoak gordeko duena.

Bildutako materialekin askotariko artxiboa osatuko du San Telmo Museoak eta, zalantzarik gabe, oso baliagarria izango da egungo eta etorkizuneko antropologo, soziologo eta historialarientzat, gure gizarteak krisi sanitario hau nola bizi izan duen ezagutu eta aztertu nahi dutenentzat. Era berean, etengabe aldatzen ari diren errealitate berrietara egokitzeko pertsonek eta gizarteak duten gaitasunari buruz hausnartzeko eta eztabaidatzeko balioko du.

Museoaren ondarean sartzeaz gain, jasotako materialen arabera museoak zabalik uzten du aurrerago  erakusketa birtual eta/edo presentzial bat egiteko aukera.


Laburrean

  • Mota Bestelakoa
  • Data 2020(e)ko maiatzaren 18(e)tik 2020(e)ko ekainaren 18(e)ra
  • LekuaDonostia-San Sebastián

Non

Euskadi, auzolana