San Telmo Museoak "2020. Pandemiaren lekukotzak: gure orainaren antropologia"

Donostia-San Sebastián 2020(e)ko maiatzaren 18(e)tik 2020(e)ko ekainaren 18(e)ra
  • San Telmo Museoak "2020. Pandemiaren lekukotzak: gure orainaren antropologia"

San Telmo Museoak "2020. Pandemiaren lekukotzak: gure orainaren antropologia" proiektua jarriko du martxan gaurtik aurrera, koronabirusaren pandemiaren krisiarekin lotutako testigantzak eta bizipenak biltzeko. Ekimen hau maiatzaren 18tik ekainaren 18ra bitartean egongo da martxan.

Euskal gizartearen museo gisa, San Telmo Museoak ezin du ez ikusiarena egin COVID-19ak eragindako pandemiaren ondorioz gizartea bizitzen ari den aurrekaririk gabeko egoeraren aurrean, eta hausnarketa sustatzen lagundu nahi du osasun-mehatxuak egungo gizartean izan duen eraginari buruz eta pandemia osteko gizartearen eraikuntzan izango duen zereginari buruz.

Hala, San Telmo Museoak bat egin nahi du Gaztela eta Leongo Etnografia Museoaren "2020. Testimonios de una pandemia: antropología del presente" ekimenarekin, eta bizipenak museoarekin partekatu nahi dituzten pertsona eta kolektibo guztien lekukotasunen bilketa jarri du abian, gizartea bizitzen ari den ohiz kanpoko osasun-alertaren egoera biltzen dutenak.

Lekukotza horiek argazkiak, bideoak, abestiak, poemak, marrazkiak, kontakizunak, eskulanen irudiak... izan daitezke, formatu digitalean, planteatutako gaiei erantzuna ematen dietenak edo krisi honetan bizitako sentimenduak eta emozioak adierazten dituztenak. Izaera sortzaileko testigantzak edo izaera narratibogokoak izan daitezke.

Informazio gehiago eta parte hartzea

Museoen Nazioarteko Egunari lotutako ekimena

Lekukotzak jasotzeko epea Museoen Nazioarteko Egunean hasiko da, maiatzaren 18an. Aurten egun honi "Museoak berdintasunaren alde: aniztasuna eta inklusioa" gaia jarri dio ICOMek (Museoen Nazioarteko Kontseilua) eta San Telmo Museoak leloarekin bat egiten duen proiektu honen bidez biziko du data hau.

Pandemiak gizarte heterogeneoa osatzen dugun pertsona guztiei eragin digu. Hala ere, guztiak zaurgarriak garen arren, eta konfinatu egin behar izan garen arren, desberdin bizitzen ari gara ingurunearen, egoera partikularren eta izateko eta sentitzeko moduen arabera.

Ondare kolektibo immateriala

Bildutako materialekin askotariko artxiboa osatuko du San Telmo Museoak eta, zalantzarik gabe, oso baliagarria izango da egungo eta etorkizuneko antropologo, soziologo eta historialarientzat, gure gizarteak krisi sanitario hau nola bizi izan duen ezagutu eta aztertu nahi dutenentzat. Era berean, etengabe aldatzen ari diren errealitate berrietara egokitzeko pertsonek eta gizarteak duten gaitasunari buruz hausnartzeko eta eztabaidatzeko balioko du.

Jasotako materialen arabera museoak zabalik uzten du aurrerago erakusketa birtual eta/edo presentzial bat egiteko aukera.


Laburrean

  • Mota Bestelakoa
  • Data 2020(e)ko maiatzaren 18(e)tik 2020(e)ko ekainaren 18(e)ra
  • Lekua San Telmo Museoa
    Zuloaga Enparantza, 1
    Donostia-San Sebastián
  • Web San Telmo Museoa

Non

Euskadi, auzolana