"Kuboa", Julio Le Parc-en esku-hartzea (Tabakaleraren berrirekiera)

Donostia-San Sebastián 2020(e)ko ekainaren 1(e)tik 2022(e)ko ekainaren 1(e)ra
  • "Kuboa", Julio Le Parc-en esku-hartzea (Tabakaleraren berrirekiera)
    Iturria: Tabakalera

Julio Le Parc-en "Kuboa"k egingo dio ongietorria publikoari Tabakaleraren berrirekieran.

Plazan dagoen 2.000 pieza baino gehiagoko instalazio mugikorra eraikinaren epizentroa izango da ekainaren 1etik aurrera. Publikoaren eta langileen segurtasuna bermatzeko beharrezkoak diren higiene- eta osasun-neurri guztiak hartuko ditu zentroak.

Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak ateak irekiko ditu datorren ekainaren 1ean, sorkuntzari eta kultura garaikideari eskainitako espazio asko aktibatuta: bi erakusketa-aretoak, Ubik sorkuntza liburutegia, Sortzaileen Gunea eta 2deo ikus-entzunezko laborategia. Halaber, Tabakalerak lanean jarraitzen du datozen asteetan beste espazio, zerbitzu eta jarduera batzuk gehitzeko, eraikina ahalik eta azkarren eta berme handienekin erabiltzaileen eskura jartzeko.

Eraikineko espazio batzuk egokitu egin dira erabiltzaileei ahalik eta esperientzia onena eta gozamen handiena eskaintzeko. Horretarako, lehenengo egunetan, Nestor Basterretxea plazako (0 solairua) sarrerako atetik sartuko da publikoa zentrora; bertan kokatuko da, aldi baterako, Info Puntua –normalean lehen solairuan kokatzen dena-, harrera lanak egin eta bisitari bakoitzari eraikinaren sarbideari eta erabilerari buruzko informazioa eta araudia eskaintzeko. Eraikinaren espazio publikoa, lehen egunetan, igarobide moduan erabiliko da. Tabakalerara sartzeko, derrigorrezkoa izango da maskara erabiltzea, eta pertsonen arteko bi metroko distantzia errespetatu beharko da.

Kuboa, 10x10 metroko eskultura erraldoia Plazan

Julio Le Parc artista frantziar-argentinarraren Kuboa instalazio mugikorrak ongietorria egingo dio publikoari eraikinean sartu bezain laster, Plazan (0 solairua). Altzairuzko 2.660 pieza, 10 x 10 metro eta tona bateko pisua duen eskultura mugikorrak Tabakalerako espaziorik enblematikoenetako batean barneratzen denari obra deskubritzeko gonbita egingo dio. Gainera, behin eta berriz deskubritzeko parada izango da, beti aldakorra den obraren pertzepzio bati esker, eta ondorioz, espazioaren pertzepzioa ere etengabe aldatzen duena.

Kuboa plazaren izaera aldatzen duen pertzepzio sentsorial eta ludikorako gonbidapena da zeinak argi, itzal eta mugimendu jokoei esker espazioaren etengabeko eraldaketa eskainiko dion publikoari.

In situ sortutako Julio Le Parc-en pieza monumentala Plazan ikusgai ipintzeko erabakiak proposamen artistikoak erakusketa-aretoetatik haratago aurkezteko interesari erantzuten dio. Arte garaikidearen figura nabarmenak berrikusteko aukera bat da, espazio publikoa modu eskuragarriagoan aktibatu eta eraldatu dezaketen artelanen bidez.

Gainera, Kuboaren aurkezpenarekin, Tabakalerak omenaldia egin nahi dio arte modernoa garaikidearen ziurgabetasunekin lotzen jakin zuen artistari, artearen eta bere publikoen artean harreman berri bat ezartzen aitzindari izan zen Julio Le Parc-i: "Nire obrak hurbiltzen den edonorekin harreman zuzena sortzea bilatzen dut, eta ez arte kritikariekin bakarrik. Garrantzitsuena obraren eta ikuslearen artean egon daitekeen konplizitatea da", adierazten du Le Parc-ek.

Instalazioaren osagarri, haurrentzako artearen eta arkitekturaren bitartekaritzan diharduen Maushaus taldeak jolasaren, artearen eta esperimentazioaren inguruko jarduerak garatuko ditu datozen hilabeteetan, Le Parc-ek garatutako artearen eta hiri-jolasaren proposamenak berrinterpretatuz.

Kuboa obra Tabakaleran izango da ikusgai datozen bi urteetan.

Erakusketa-aretoak irekitzea

Ekainaren 2an zabalduko dituzte ateak Tabakalerako bi erakusketa-aretoek. 0 solairuan, Nestor Basterretxea. Argazkigintzaren bitartez erakusketa. Kutxa Kultur Arteguneak aurkezten duen mostrak artistaren argazki- eta film-lana sakon ezagutzera ematen du, lehen aldiz.

Bestalde, Cybernetics of the Poor: Tutorialak, ariketak eta partiturak arte garaikideko erakusketa martxoaren 6an inauguratu zen, alarma egoera baino lehen, eta abuztuaren 23ra arte egongo da zabalik eraikinaren lehen solairuan. Diedrich Diederichsen kultura-kritikari eta komisario alemaniarrak eta Oier Etxeberria Tabakalerako arte garaikidearen arloko arduradunak komisariatutako erakusketak zibernetikaren eta artearen artean historikoki izan diren konexio-moduen inguruko analisia planteatzen du. Tabakalerak eta Vienako Kunsthallek ekoitzi dute, eta bertako eta nazioarteko 24 artistaren lanak daude ikusgai.

Bi erakusketa-aretoek ordutegia bateratuko dute aurrerantzean, eta asteartetik igandera bisitatu ahal izango dira, 12:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara.

Ubik, Sortzaileen Guneak eta 2deo ikus-entzunezko laborategiak jarduerari ekingo diote berriro

Ekainaren lehen hamabostaldian, Ubik sorkuntza liburutegiak mailegu eta itzulketa zerbitzuak eskainiko ditu, eta horretarako Tabakalera txartela erabili beharko da. Ekainaren 16tik aurrera, aldiz, liburutegi barruko espazioa zabalduko da, zenbait
murrizketekin. Ubik ohiko ordutegian irekiko da, 10:00etatik 20:00etara, asteartetik larunbatera, eta 10:00etatik 14:00etara, igande eta jaiegunetan.

Hirugarren solairuko Sortzaileen Guneak ere bere jarduerari ekingo dio ekainean, eta bere espazioak eta zerbitzuak berraktibatuko ditu, alarma-egoeraren ondorioz etenda geratu ziren egoitzen bidez proiektuak garatzen lan egiten duten sortzaileak
berriz ere hartzeko.

2deo euskarazko edukien ikus-entzunezko laborategiak, sektoreko profesionalei zuzenduta dagoenak, espazioa zabalik izango du astelehenetik ostegunera, baina eskaintzen dituen zerbitzuez gozatzeko ezinbestekoa izango da aldez aurretik hitzordua eskatzea.

Zinea berriz ere Tabakaleran

Tabakalerako pantaila partekatuko zine-programazioa ekainaren 17an hasiko da berriro. Zinezaleek, uda osoan zehar, astero bi zine emanaldiz gozatzeko aukera izango dute, asteazkenetan eta larunbatetan. Ohi bezala 19:00etan izango dira saioak eta alarma-egoeraren ondorioz bertan behera geratu ziren hainbat ziklotako filmak berreskuratuko dira: R.W. Fassbinder, Zinearen historia etengabea, Kleber Mendonça Filho zuzendari brasildarrari eskainitakoa, Zinemaren historiak. Santos Zuzunzunegui, Eskolatik eta Zinema eta zientzia zikloetakoak, hain zuzen ere.

Berrikuntza gisa, zinearen itzulerak, Joanna Hogg zinegilearen atzera begirako osoa ekarriko du estrainekoz. Joanna Hog "zinema britainiarrak gordetako sekretu handienetarikotzat" jotzen da.

Sarrerak erosteko eta zinema-aretora sartzeko prozedurari buruzko informazioa datozen egunetan eskainiko da. Bitartean, ekaineko, uztaileko eta abuztuko programazioa tabakalera.eu webgunean dago kontsultagai.

Eskaintza gastronomikoa eta dendak

LABe gastronomia digitalaren laborategia, eraikinaren 5. solairuan dagoena, jendearentzat itxita egongo da aldi baterako, baina LABe Restaurant Deliveryren eskaintzarekin jarraituko du, duela egun batzuk abian jarritako etxez etxeko zerbitzuaren proposamen gastronomikoarekin alegia, zeinak LABeren filosofia eta kalitate bereizgarriei eusten dion.

Bestalde, Tabak, Nestor Basterretxea plazan dagoen kafetegiak, azken egunetako eskaintza handitu du, gosari, bazkari eta arratsaldez anoak eskainiz. Establezimendua ohiko ordutegian egongo da irekita, 8:00etatik 23:00etara, terraza eta barruko espazioaren edukiera erdira mugatuta. Gainera, pizzeriak (online eskatu daiteke) etxez etxeko zerbitzua jarri du abian.

Ekainaren 1etik aurrera, halaber, Impact Hub, Basque Living, Läntoki, Arteuparte Studio eta Tobacco Days ekimen pribatuak irekiko dituzte, eta ekainaren 15ean One Shot Tabakalera House hotelak ere ateak zabalduko ditu.

Tabakaleraren ordutegia ohikoa izango da: 09:00etatik 21:00etara (astelehenetik ostegunera), 9:00etatik 22:00etara (ostiraletan), 10:00etatik 22:00etara (larunbatetan) eta 10:00etatik 21:00etara (igande eta jaiegunetan).

InfoPuntuaren ordutegia, bestalde, honako hau izango da:

Astelehena-asteazkena: 09:00-20:00
Osteguna-Ostirala: 09:00-21:00
Larunbatetan: 10:00-21:00
Igande eta jaiegunetan: 10:00-20:00


Laburrean

  • Mota Erakusketa
  • Data 2020(e)ko ekainaren 1(e)tik 2022(e)ko ekainaren 1(e)ra
  • Lekua Tabakalera
    Andre Zigarrogileen plaza, 1
    Donostia-San Sebastián
  • ZenbatekoaDoan
  • HizkuntzaBat ere ez
  • Web Tabakalera

Non

Euskadi, auzolana