"Kandinsky"

Bilbao 2020(e)ko azaroaren 20(e)tik 2021(e)ko maiatzaren 23(e)ra
  • "Kandinsky"
    © Vasily Kandinsky, VEGAP, Bilbao 2020

Vasily Kandinsky (Mosku, 1866 – Neuilly-sur-Seine, Frantzia, 1944) abstrakzioaren aitzindari izan zen, eta estetikaren teorialari ezaguna. XX. mendearen hasierako artea berritu zutenetako bat izan zen. Kandinskyk mundu naturalarekiko loturetatik askatu nahi zuen pintura, eta, zeregin horretan, bizitza osoan landuko zuen gai berri bat aurkitu zuen, artistaren “barne-beharrean” soilik oinarritutakoa. Erakusketa honetako obrak Solomon R. Guggenheim Foundation-en funts aberatsetakoak dira batez ere, eta pinturak eta paper gainean egindako lanak dira. Kandinskyk bere ibilbide osoan izan zuen bilakaera estetikoa dakarkigu erakusketak.

1908an Bavariara bizitzera joan ondoren, Kandinskyk Municheko Zaldizko urdina (Der Blaue Reiter ) taldea sortzen lagundu zuen, kolorearen ahal espresiboarekiko eta formaren oihartzun sinboliko eta, askotan, espiritualarekiko interesa partekatzen zuten artisten talde ez oso kohesionatu bat. Oso aldi emankor baten ondoren, Kandinskyk Alemaniatik joan behar izan zuen Lehen Mundu Gerra piztu zelako, eta, azkenean, Moskura itzuli zen. Hiri hartan, haren hiztegi piktorikoa Errusiako abangoardiaren esperimentu utopikoak islatzen hasi zen (besteak beste, irudi geometrikoetan jarritako enfasia), eta mintzaira estetiko unibertsal bat ezarri zuen. Gerraren ondoren, Kandinsky eskolak ematen hasi zen Bauhaus arte eta diseinu aplikatuko eskola alemaniarrean, haiek bezala pentsatzen baitzuten; alegia, artea gai dela banakoa eta gizartea eraldatzeko. Hala ere, artistak Alemaniatik joan behar izan zuen berriro, 1933an naziek Bauhaus eskola itxi zutenean. Nina emaztearekin batera, Parisko aldirietara joan zen bizitzera. Bertan, material desberdinekin esperimentatu zuen, eta irudimen handiko obrak sortu zituen pigmentuak eta harea nahastuta. Azken garai horretako konposizioek izaki bizidunez betetako mundu txiki-txikiak dirudite, artistak surrealismoarekin lotura zuelako eta natura-zientziak interesatzen zitzaizkiolako (bereziki, botanika, enbriologia eta zoologia).

Guggenheim Fundazioaren historia lotuago dago Kandinskyren lanarekin beste artista batzuen lanarekin baino. Solomon R. Guggenheim industrialariak sortu zuen Museoa; 1929an hasi zen obrak biltzen, eta, oso gogoko zuenez arte modernoa, Pintura Ez-objektiboaren Museoa inauguratu zuen New Yorken, gerora Solomon R. Guggenheim Museum izango zena. Gaur egun, Guggenheim Museoak oinarrizko artista honen 150 pieza baino gehiago ditu.

  • Komisarioa: Megan Fontanella

Vasily Kandinsky
 
Vasily Kandinsky 1866ko abenduaren 16an jaio zen Moskun. Bertako unibertsitatean, zuzenbide- eta ekonomia-ikasketak egin zituen 1886tik 1892ra, eta, lizentzia eskuratu ondoren, eskolak eman zituen. 1896an, uko egin zion irakasle-postu bati, eta Munichera joan zen, artea ikastera, Anton Azberekin, 1897 eta 1899 artean, Kunstakademie akademian, eta, gero, Franz von Stuckekin, 1900ean. 1901 eta 1903 artean, Kandinskyk Phalanx taldearen arte-eskolan irakatsi zuen. Talde hura berak sortu zuen Munichen, beste batzuekin batera. Bere ikasleetako bat, Gabriele Münter, izan zuen neskalagun 1914ra arte. 1902an, Kandinskyren lehenengo erakusketa egin zen Berliner Secession elkarteak antolatua, eta artistak bere lehenengo xilografiak sortu zituen. 1903an eta 1904an bidaiak egin zituen Italia, Herbehereak eta Afrikako iparraldea ezagutzeko eta Errusiara ere bueltatu zen bisitan. 1904tik aurrera, Parisko Salon d’Automne-n (Udazkeneko erakusketa) egin zituen erakusketak.

1909an, Neue Künstlervereinigung München (NKVM) elkarte sortu berriko presidente aukeratu zuten. Elkartearen lehenengo erakusketa 1909an bertan izan zen, Munichen, Heinrich Thannhauserren Moderne Galerie galerian. 1911n, Kandinsky eta Franz Marc Almanach Der Blaue Reiter (Zaldizko Urdinaren almanaka) argitaratzea pentsatzen hasi ziren; hurrengo urtean kaleratu zen. 1911ko abenduan, Über das Geistige der Kunst (Espirituzkoa artean) argitaratu zuen. Hilabete hartan bertan, Marc eta Kandinsky NKVM elkartetik joan ziren, eta, handik gutxira, Der Blauer Reiter-en lehenengo erakusketa egin zen Moderne Galerie galerian. Gero, 1912an, taldearen bigarren aurkezpena izan zen, Municheko Galerie Hans Goltz galerian. Kandinskyren bakarkako lehenengo erakusketa Berlingo Der Sturm galerian inauguratu zen, 1912an. Hurrengo urtean, haren lanetako bat New Yorkeko Armory Show erakusketan sartu zen, baita aipatu dugun Berlingo galeria berean egin zen Erste deutsche Herbstsalon-n (Udazkeneko erakusketa alemaniarra) ere. 1914 eta 1921 artean, Kandinsky Errusian bizi izan zen, batez ere Moskun, eta Hezkuntzako Herri Komisariotzan aritu zen lanean.

1922an, eskolak ematen hasi zen Weimarreko Bauhaus eskolan. 1923an, haren bakarkako lehenengo erakusketa izan zen New Yorken, Société Anonyme elkarteak antolatuta (aurrerago, elkarteko presidenteorde izan zen). 1924an, Lyonel Feiningerrek, Alexei Jawlenskyk, Kandinskyk eta Paul Kleek bat egin zuten, eta Blaue Vier (Lau urdinak) taldea sortu. 1925ean, Kandinsky Dessauko Bauhaus eskolara joan zen, eta, 1928an, Alemaniako herritartasuna lortu zuen. 1933an, gobernu naziak Bauhaus itxi zuen, eta, hilabete batzuk geroago, urte berean, Kandinsky Neuilly-sur-Seinera joan zen bizitzera, Paristik hurbil. 1939an, Frantziako herritartasuna eman zioten. Naziek berrogeita hamazazpi lan konfiskatu zizkioten 1937an «arte degeneratua» aurkitzeko egin zuten garbiketan. 1944ko abenduaren 13an hil zen Kandinsky, Neuillyn.

Megan Fontanellaren aurkezpena (bideoa):

 

 

Laburrean

  • Mota Erakusketa
  • Data 2020(e)ko azaroaren 20(e)tik 2021(e)ko maiatzaren 23(e)ra
  • OrdutegiaAsteartetik igandera 10:00-20:00. Uztaila eta abuztuan, astelehenetik igandera: 10:00-20:00
  • Lekua Guggenheim Bilbao Museoa
    Abandoibarra Etorbidea, 2
    Bilbao
  • Sarrerak Erosi
  • HizkuntzaBat ere ez
  • Web Guggenheim Bilbao Museoa

Non

Euskadi, auzolana