Arriaga Antzokiaren berrirekiera

Bilbao 2020(e)ko ekainaren 17(e)tik 2020(e)ko uztailaren 23(e)ra
  • Arriaga Antzokiaren berrirekiera

2020ko ekainaren 17a oso egun garrantzitsua bilakatuko da duela denbora gutxi 130 urte bete dituen Arriaga Antzokiaren historian. Egun horretan, Arriagak berriro irekiko ditu ateak, denok ezagutzen ditugun osasun arloko arrazoiak direla eta ateak itxi behar izan zituenetik hiru hilabete eta bost egun igaro ondoren. Eta itzulera bikaina, paregabea, izango da, Joaquín Achúcarroren, gure garaiko piano jole garrantzitsuenetako baten, eskutik.

Berea izango da Arriaga Antzokiak uztailaren 23ra arte eskainiko dituen 19 ikuskizunen artetik lehenengoa, bertako ukitu nabarmena izango duen denboraldiaren barruan, #BilbaoAurrera programaren barruan gauzatutako Bilboko Udalaren estrategiarekin bat etorriz. Azpimarratu behar da alderdi politiko guztiek sinatu duten programa horren helburua, COVID-19aren ondoriozko osasun krisialdiak izan dituen eraginak arintzera bideratutako neurriak bultzatzea dela, baita kulturaren alorrean ere.

Oihala berriro altxatzeko unea heldu da, eta Arriaga Antzokiak #BilbaoUda2020 udal ekimenaren barruan egingo du uda honetan. Eta abaguneetara egokituz egingo du, beti egin duen bezala. Horretarako, Arriagara doazen pertsona guztien (ikus-entzuleak, artistak eta langileak) segurtasuna une oro bermatuko duten higiene neurrien protokoloa prestatu du. Edukiera murriztu egingo da, eta gehienez ere, aurretik esleituko diren eta antzokian zehar banatuko diren 305 besaulki jarriko dira salgai, une oro pertsonen arteko distantzia fisikoa gorde ahal izateko. Kopuru hori aldatu ahal izango da aurrerago, gertakarien eta osasun arloko agintarien aholkuen arabera. Hartutako beste neurri batzuk garbiketarekin, sarbideen antolakuntzarekin, Antzokiko seinaleekin, gune komunetatik ibiltzearekin… daude erlazionatuta.

ACHÚCARRO, SINBOLOA

Arriaga Antzokiaren berrirekieraren protagonista Joaquín Achúcarro maisu handia izango da. Bera zen, hain zuzen ere, duela egun gutxi, maiatzaren 31n, igandean, Arriaga Antzokiaren 130. urteurrena ospatzeko kontzertua eman behar zuena. Zoritxarrez, hori ezinezkoa izan da, baina, orain, Arriagan, maisuarekin elkartzeko eta urteurrena baino garrantzitsuagoa den zerbait, bizitza eta kultura, ospatzeko eta gaur egunera eta etorkizunera begiratzeko, aukera dugu. Ez da kasualitatea bere belaunaldiko norbait izatea Arriagako ikuskizunei berriro ekiteko aukeratu dena, pandemiaren ondorioak gehien jasan dituen belaunaldiaren sinbolo moduan. Hori dela eta, Arriaga Antzokiak Achúcarro maisuaren alde egin duen apustua sinboloa ere bada, arteak eta edertasunak abagune zailenak gainditzen dituela erakusten duen sinboloa, hain zuzen ere. Bere sentsibilitatea, indarra eta gozotasuna ekainaren 17an, asteazkenean, elkartuko dira, Bachen, Beethovenen, Brahmsen eta Liszten lanetatik zehar egingo dugun bidaian hunkitzeko.

Eta, egun horretatik aurrera, beste 18 ikuskizun, guztiak ere egun bakarrean eta 19:30ean hasita, bost asteko epean, uztailaren 23ra arte. Arriaga Antzokiak zuhurtziaz eta sormenez erantzun gura izan dio proposamen eszenikoen kalitatea eta eszenatokiaren beraren barruan osasun arloko neurriak betetzea uztartzen dituen erronkari. Irizpide horretan oinarrituta ari gara ekoizpen propioko ikuskizunak, eszenografiak, antzezleen posizioak… diseinatzen, gauza modu egokian egiteko. Irizpide hori bera beteko dute 2020ko ekainean eta uztailean ikus-entzuleek gozatu ahal izango dituzten gainerako ikuskizunek ere.

BERTAKO TALENTUA ETA EKOIZPEN PROPIOA

Arriaga Antzokiaren programazio berria definitzen duen zerbait baldin badago, bertako talentuaren aldeko apustua da, zalantza barik. Ezaugarri hori berezkoa du Arriaga Antzokiak, baina une honetan are gehiago indartzen da gure kultur ingurunearekin dugun konpromisoa.

Adibide garbiena, bertako ekoizpenetan egin den lanean erakusten da. Oraingo honetan sei ikuskizun izango dira, horietako lau Calixto Bieitok, Arriaga Antzokiko zuzendari artistikoak zuzenduta. Ikuskizunen artean, Asier Polo biolontxelo jole bikainak Bach interpretatuz emango duen kontzertua (uztailaren 2an) eta Jone Martínez sopranoak eta Maite Maruri mezzoakPassamezzo Antico ensamble barrokoarekin batera Vivaldi interpretatuz eskainiko dutena (uztailaren 8an) egongo dira. 

Gabriel Arestiren etxea defendituko dut (uztailak 9) poesia ikuskizuna ere Bieitok zuzenduko du. Gabriel Arestiren poemei egingo zaien omenaldia da, euskaraz eta gaztelaniaz, Miren Gaztañagaren, Itxaso Quintanaren, Mikel Losadaren eta Gabriel Ocinaren ahotsekin. Amaitzeko, uztailaren 14an, Bieitok berak Tiempos de Cabaret y Cambalache zuzenduko du, Gurutze Beitiarekin, Iñaki Maruri pianoan eta Jon Fresko perkusioan arituko diren antzerki-kabaret ikuskizuna, keinuan, imintzioan, oihuan eta zoramenean oinarritutako antzezlana, oso antidoto ahaltsuak baitira krisi garaietarako. Eta are gehiago musikaz janzten direnean.

Arriaga Antzokiko beste ekoizpen lan biek figura handiak ekarriko dizkigute. Alde batetik Lucía Lacarra izango dugu. Matthew Goldingekin batera, Reencuentro en danza izeneko oroimeneko ikuskizuna interpretatuko du, Tchaikovski edo Vivaldiren musikak Petipa edo Edwaard Liangren koreografiekin uztartuko dituen programan hainbat pieza integratuz. Ikuskizunak Bilbao Sinfoniettaren zuzeneko musika interpretazioa ere izango du. Uztailaren 7an izango da hori.

Beste alde batetik, Bernardo Atxagak bere azkenengo sorkuntza lana estreinatuko du uztailaren 21ean: Pange lingua, voglio una pizza. “Pange lingua”, Atxagak ume zenean bere jaioterrian entzuten zuen otoitza zen, elizan oraindik latina erabiltzen zen garaietan; “Voglio una pizza”, erlijiozko esperientziatik berrogeita hamar urtera idatzi zuen poema bufoaren izenburua da. Bi une horien artean, hirurogeita hamarreko hamarkadan “Etiopia”, euskal literatura modernoaren historian jauzia eragin zuen liburua, idaztera eraman zuen poesia jarduna dago. Irakurketa elebiduna izango da parte batean, eta Joseba Apaolazak helaraziko dizkie itzulpenak eta oharrak ikus-entzuleei.

ANTZERKIA ETA MUSIKA

Antzerkiari dagokionez, euskaraz Ez dok hiruren bertsio akustikoa jarraitu ahal izango dugu Patxo Telleriarekin eta Mikel Martínezekin, ekainaren 18an; eta Aitziber Garmendiak interpretatuko duen Marta González de Vegaren Txanogorritxotik otso emera (sei mutil medio), dibertigarria (ekainaren 25ean).

Gaztelaniako lanei dagokienez, hor dira Itziar Lazkanok eta Ramón Bareak interpretatuko duten eta antzerkiaren aurreko maitasun kantua den Hoy, última función (ekainak 24); edo Desfasando que es gerundio lanaren estreinaldia (ekainaren 30ean), eguneroko egoeretatik umorez betetako ibilbidea proposatzen duen Lalúlú Teatroren (Sol Maguna, Maribel Salas eta Gemma Martínez) ikuskizun berria. Ramon Bareak errepikatuko du, baina oraingo honetan ahanzturaren kontrako eta herrien oroimena erreibindikatzearen aldeko ¡Ay, Carmela! oihuaren zuzendari gisa. Protagonistak Olatz Ganboa eta Diego Pérez izango dira. P6ren ekoizpen lana uztailaren 16an ikusi ahal izango da. Eta egun batzuk geroago, uztailaren 22an, Juan Pañosek Ramper, vida y muerte de un payaso interpretatuko du, Imanol Ituiñok idatzi eta zuzentzen duen eta ahaztutako jenio baten historia hurbiltzen digun bakarrizketa.

Musika izango da programazioaren beste zutabe garrantzitsu bat. Bilbao Orkestra Sinfonikoarekin (BOS) lankidetzan, kamerako musikako bi kontzertu emango dira, bat Guridiren musikarekin, ekainaren 19an, BOSeko harizko bi laukotek interpretatutako zenbait piezarekin; eta bestea Beethoveni eskainitakoa, ekainaren 26an, BOSeko harizko beste laukote batek eta haizezko eta harizko zazpikote batek interpretatuta.

Gainera, ekainaren 23an, Vanessa Goikoetxea eta Mikeldi Atxalandabaso, lehen aldiz elkartuko dira eszenatoki berean, zartzuela programa eskaintzeko, Usandizagaren, Guridiren, Sorozabalen eta Arrietaren Romantzen eta Duoen interpretazioekin. Uztailaren 1ean, Alicia Amo sopranoak, Beethoveni, Schuberti eta Mendelssohni eskainitako bloke bat izango duen errezitaldia emango du; bigarren partean, oso melodia sefardi ederrak interpretatuko ditu. Eta uztailaren 15ean, Andeka Gorrotxategi euskal tenore handiak, bere ahotsa eta presentzia jarriko ditu Euskal Herriko eta Italiako abestien aukeraketan, zartzuelako erromantzak eta operako ariak ere interpretatuko dituen kontzertuan. Hiru musika hitzordu horiek Rubén Fdez. Aguirre maisuaren lankidetza izango dute, piano jotzailearen paperean, noski.

Hain programazio bereziari amaiera emateko, ikus-entzuleek Eñaut Elorrietaren heldutasun artistikoaz gozatzeko aukera izango dute. Arriagara, iazko abenduan “Irteera argiak” diskoa aurkeztu zuen lekura, itzuliko da, lan horren beste musika ikuspegi bat oparitzeko, uztailaren 23an gertatuko den oso emanaldi berezian.

SARREREN SALMENTA

Programatutako ikuskizun guztietarako sarrerak bihartik, ostegunetik, ekainaren 4tik, aurrera egongo dira salgai www.teatroarriaga.eus webgunean edo Arriaga Antzokiaren txarteldegietan. Txarteldegien kokalekua, indarrean dauden osasun arloko arauak betetzen direla bermatzeko egokitu eta seinaleztatu da. Sarrerek 15 euroko kostu bakarra izango dute (12 euro Arriagaren Adiskideentzat) eta 30 eurorengatik hiru ikuskizunerako bonua eskuratzeko aukera ematen da.

 
bilbao.eus

Laburrean

Non

Euskadi, auzolana