Bermeoko udako kultur egitaraua

Bermeo 2020(e)ko uztailaren 3(e)tik 2020(e)ko abuztuaren 30(e)ra
  • Bermeoko udako kultur egitaraua

Aurtengo uda ez da aurreko urteetakoa bezalakoa izango. COVID-19ak sortu duen osasun krisiak uztaila eta abuztuan egingo diren ekimen eta ekitaldian erabat baldintzatuko ditu. Izan ere, indarrean dauden osasun eta segurtasun neurriak kontutan hartu beharko dira ekintzak antolatzerako orduan. Hala ere, honek ez du esan nahi ezer ere ez egingo ez denik, ezta gutxiago ere.

Bermeoko Udalak hainbat ekimen antolatu ditu uztaila eta abuzturako, udako jaietan egingo direnak kontutan hartu gabe. Bermeotarrek, honenbestez, ondo pasatzeko plan ezberdin asko izango dituzte, garantia guztiekin egingo direnak. Plan hauek, gainera, adin ezberdinei zuzendutakoak izango dira. Bai txikientzako eta baita, noski, nagusientzako ere.

Antolatu den lehenbizikoa erabat berria izango da: aire zabalean egingo diren zinema saioak. Udara begira hiru saio antolatuko dira: uztailaren 9 eta 24ean eta abuztuaren 21ean. Gainera, Andra Mari eta Santa Eufemia jaietan ere saioa egongo da, irailean. Saio hauek guztiak Goiko Plazan egingo dira, iluntzean, 21:30etatik aurrera eta sarrera doakoa izango da aforoa bete arte (100 eserleku jarriko dira). Lehen saiorako ‘Bohemian Rhapsody’ filma aukeratu da, bigarrenerako ‘Amaren eskuak’ eta, hirugarrenerako, ‘El verano de mi vida’. Bermeoko Udaletik eskatzen da, mesedez, aulkiak tokiz ez mugitzea eta antolatzaileen aholkuak errespetatzea. 

Martxoan egin behar eta bertan behera geratu zen Liburu Azoka uztailaren 14tik 19ra bitartean egingo da. Lameran egingo den azoka honek literaturaren azken nobedadeak hurbilduko ditu Bermeora. Ekimen hau Euskadiko Liburu Ganbarak eramango du aurrera. Noski, aurrekoetan bezala, hemen ere segurtasun eta osasun neurriak errespetatu beharko dira.

Uztailaren 15ean etxeko txikienei zuzendutako ekintza antolatu du Bermeoko Udalak: Txangozatu. Ekimen honetan 3 ‘txoko’ jarriko dira eta hauetan magia ikuskizunak, ipuin kontalariak, zirkoa… egongo dira txikienek disfrutatu dezaten. 20 parte hartzaileko 4 txanda antolatu dira. Hau da, 5 urtetik gorako 80 umek hartu ahal izango dute parte. Talde bakoitzari ordu konkretu bat emango zaio hiru txokoetan umeek parte hartu dezaten (elkartze gunea Goiko Plaza izango da).

Izena ematea beharrezkoa izango da. Horretarako, uztailaren 13tik aurrera Kultur Etxera etorri beharko da. Adin txikikoak beti joan beharko dute arduradun batekin lagunduta. Hala ere, taldeak egitea ere posible izango da. Pertsona batek 4 gonbidapen hartu ahal izango ditu, gehienez. 

Bestalde, aurreko urteetan bezala, aurten ere Musika Astea antolatuko da. Aurrerago emango du Udalak egitarauaren berri, baina egunak itxita daude dagoeneko. Musika Astea abuztuaren 3an hasi eta 7an bukatuko da. Bermeotarrek, aurten ere, lehen mailako ikuskizunez disfrutatzeko aukera izango dute.

Azkenik, abuztuaren 24tik 31ra BBK Artearen Ibilbidea erakusketa ibiltaria iritsiko da Bermeora. Bilboko Arte Ederren Museoaren bildumako lanik onenen hautaketa bat ezagutzeko aukera izango dute bertaratzen direnek. Ekimenaren helburu nagusia da museoaren bilduma bere aretoetatik haratago zabaltzen laguntzea eta herritarrak artera gerturatzea.

bermeo.eus

Laburrean

  • Mota Bestelakoa
  • Data 2020(e)ko uztailaren 3(e)tik 2020(e)ko abuztuaren 30(e)ra
  • LekuaBermeo

Non

Euskadi, auzolana