Bilbao BBK Live UDA 2020 (edizio berezia online)

Bilbao 2020(e)ko uztailaren 9(e)tik 2020(e)ko uztailaren 11(e)ra
  • Bilbao BBK Live UDA 2020 (edizio berezia online)

"Ezin baduzue Kobetamendira igo, mendia zuen etxeetara eramango dizuegu". Ideia horrekin sortu da Bilbao BBK Live UDA, nazioarteko jaialdiaren online edizio berezia, uztailaren 9an, 10ean eta 11n.

Jaialdiak izan beharko zukeen egun beretan zabalduko dira Kobetamendiko agertokiak, eta sei artisten zuzeneko emanaldiak streaming bidez eskainiko dira mundu guztiarentzat. Egun horretarako berariaz diseinatutako kontzertuak dira eta, natura bete-betean izango direnez, Basoa gunean egongo bagina bezala sentituko gara, ilunabarrean saio bat entzuten, Arraiz mendiaren gailurra konkistatzen urte osoan bertan bizi diren animaliekin batera, edo egunsentian hiriaren ikuspegiari begira eta Lasai guneko soinu lasaiak entzuten. Edizio bakoitzean milaka eta milaka bisitari etortzen dira munduko txoko guztietatik; horrela, bada, aurtengoan Bilbao BBK Live jaialdiaren edukiera mugagabea izango da, eta nahi adina tokitatik disfrutatu ahal izango da.

OSTEGUNA 9

YAWNERS / San Miguel agertokia. Laurogeita hamarreko hamarkadako pop sonoritate irmoena da Yawners izenaren atzean ezkutatzen den Elena Nietoren soinu-erreferentzia; Elena Nieto salamancarra bera ere laurogeita hamarreko hamarkadan jaiotakoa da, eta bere proiektuaren lehen albumak, Just Calm Down, gure mugetatik kanpo ere eman du arreta, Japonian argitaratu berri baita. San Miguel agertokian joko du zuzenean. Bilbao BBK Live jaialdiaren babesle nagusia da San Miguel, eta hain berezia izaten ari den urte honetan, bereziki, zuzeneko musikarekin duen konpromisoa berretsi du; era berean, zale guztiak gonbidatzen ditu San Miguelek jaialdiaren edizio hau partekatu, esnatu eta bizitzera.

DORA / Firestone agertokia. Hamasei urte baino ez ditu jaialdiko artistarik gazteenak, baina gero eta ageriago dagoen diamantea da. Bost single argitaratu ditu jada Dorak, eta Spotify plataforman sei milioi erreprodukzio baino gehiago lortu ditu, baita beste horrenbeste YouTube kanalean ere; bere lehen EPa hilabete gutxi barru argitaratuko da, eta aurten gehien espero den lanetako bat da dagoeneko. Zuzenean entzun ahal izango dugunez, itxaronaldia jasangarriagoa izango da guretzat; izan ere, Firestone agertokian eskainiko du kontzertua eta, betiko moduan, musika eta talentu berriak bultzatzen jarraitzen du Firestone etxeak.

OSTIRALA 10

EL COLUMPIO ASESINO / Beefeater agertokia. Udaberriak eta konfinamenduak disko argitaratu berriaren eztia ezpainetan genuela utzi gintuzten. Kritikarien esanetan, Ataque Celeste nazioko urteko albumetako bat da, eta ezin uko egin zuzenean entzuteari. Beefeater agertokian kontrastea eta aniztasuna uztartzen dira, eta Beefeater etxeak zuzeneko musikarekin eta jaialdiarekin dituen konpromisoa berresten ditu El Columpio Asesinoren giro aztoragarriak eskainita.

KATZA / Lasai. Ostirala bukatzeko, lasaitasun bila joango gara Lasai gunera, hiriaren ikuspegiei begira eta, beti bezala, 100bmp edo bihotz-taupaden erritmoa baino mantsoago. Bilbon bizi den Katza DJk jarriko du musika. Punk giroan hasi zen, eta sumatzen zaio kutsu hori dantzarako bere sorkuntzetan; izan ere, soinuen berehalakotasuna, urgentzia eta purutasuna adierazten saiatzen da, nahiz eta askotariko estiloak erabiltzen dituen bere errepertorioan.

LARUNBATA 11

AMORANTE / BBK Fundazioa agertokia. Rodrigo Amarante brasildarrari eta Enrique Morente granadarrari zien maitasunetik datorkio Amorante izena Iban Urizar elgoibartarraren proiektuari. Etnomusikologo eta multiinstrumentista izaki, folk tradiziotik abiatzen da berak "herri musika" esaten dion hori egiteko, euskaraz interpretatuta eta tradizio anglosaxoia alde batera utzita. Esperientzia erabat iradokitzailea arratsaldea basoaren atarira bideratzeko.

JOHN TALABOT / Basoa. Musika elektronikoaren nazioarteko erreferentzia garrantzitsuenetako bat da. Basoa guneko DJ egoiliarrak aurten ere emango dio amaiera jaialdiari, orain arte askotan egin izan duen moduan. Red Bull etxearen laguntzarekin, John Talaboten soinu-uholde eskuzabal, baltsamiko eta sendagarriaz gozatuko dugu berriz, eta ziur basoa ere dardaraka jarriko duela.

Hiru egunetan, 21:00etan hasi eta gauerdira bitarte, sei kontzertu esklusibo horietaz gain, jaialdiaren hamalau edizioetan izan diren baina orain arte sekula argitaratu ez diren emanaldi historikoak ere eskainiko dira. Musikaz betetako ordu horietan guztietan, gaurkotasunaren kronista garratzenak izango dira gidari: Pantomima Full; hiru gauetan barrena, benetako jaialdizalearen barrez lehertzeko moduko erretratua marraztuko digute, Bilbao BBK Live jaialdirako berariaz sortutako edukien.

Uztailaren 9an, 10ean eta 11n, hau da, osteguna, ostirala eta larunbatean, 21:00etatik aurrera izango dira emanaldiak, www.bilbaobbklive.com webgunean eta jaialdiaren YouTubeko kanalean.

Emanaldi horrekin batera, Bilbao BBK Live jaialdiaren 2021eko ediziorako sarrerak salgai jarriko dira; artista hauek baieztatuta daude jada: The Killers, Pet Shop Boys, Bad Bunny, Bicep Live, Bomba Estéreo, Caribou, FKA twigs, Fontains D.C., Meute, Supergrass, El Columpio Asesino eta León Benavente, eta gehiago ere iragarriko dituzte laster.

EZ DA JAIALDIRIK GABEKO UDARIK...
EZTA ESKUMUTURREKORIK GABEKO JAIALDIRIK ERE

Bilbao BBK Live esperientziaren osagarri, 2020. urte honetan jaialdizaleek beren tradizio gogokoenetako bati uko egin behar ez izatea nahi dute antolatzaileek: eskumuturrekoa janztea, bizi izandakoa gogoratzeko hurrengo ediziora arte. Aurtengo urtea berezia da, eta horregatik geuk ere zerbait berezia, ezohikoa egin nahi izan dute. Ez da eskumuturreko bakarra izango, 7 baizik, udako planik hoberenetako bat gure lagunik onenekin partekatzeko: jaialdira elkarrekin joatea eta jaialdiaren espirituari bizirik eustea urte osoan. Jolas bat; eta jolas horretan, Bilbao BBK Live jaialdiaren edizio hau partekatu nahi dugun pertsona horiekin lotzen gaituena irudikatuko du kolore bakoitzak: adiskidetasuna, maitasuna, itxaropena, jakinduria, desioa, zoriontasuna eta lasaitasuna. Eskumuturreko bakoitzarekin desio bat, gurari bat oparituko duzu. Guk argi dugu zein den gure nahia: datorren urtean elkar ikustea, zuzeneko musika lehenbailehen itzultzea, eta osasuna; osasuna guztiontzat.

Eskumuturrekoak www.bilbaobbklive.com webgunean eros daitezke eta, gainera, beste helburu garrantzitsu bat ere badute; izan ere, salmentan lortutako diruarekin Bilbao BBK Live jaialdiaren crew edo lantaldeari laguntzeko funts bat sortuko da: runner-ak, hospitality-a, teknikariak, garraioa, produkzioa, stage manager-ak... kontratupean aritzen diren profesional autonomoak, gauza guztiek behar bezala funtzionatzeko ezinbestekoak direnak eta egungo egoera honetan inolako babesik gabe geratu direnak, lan egin ezinik eta gobernuak abiarazitako neurriekin estaldurarik gabe edo estaldura eskasarekin geratu direnak. Bildutako diruaren % 50 profesional horientzako izango da, eta beste % 50a Bizkaiko Elikagaien Bankura bideratuko da, baliabide gutxien dituzten familiei laguntzeko.

BILBAO BBK LIVE UDA | 2020ko uztailaren 9a, 10a eta 11
www.bilbaobbklive.com | #bilbaobbklive

BILBAO BBK LIVE | Kobetamendi, Bilbo - 2021eko uztailaren 8a, 9a eta 10a

THE KILLERS

PET SHOP BOYS

BAD BUNNY

BICEP live

BOMBA ESTÉREO

CARIBOU

FKA twigs

SUPERGRASS

AMORANTE

CARIÑO

CHICO BLANCO

EL COLUMPIO ASESINO

FONTAINES D.C.

LEÓN BENAVENTE

MARÍA JOSÉ LLERGO

MEUTE

MOSES SUMNEY

OMAGO

SLOWTHAI

THE MURDER CAPITAL

TINARIWEN

TRIÁNGULO DE AMOR BIZARRO

XABI BANDINI

Sarrerak salgai uztailaren 9tik aurrera www.bilbaobbklive.com webbunean.

Bilboko Udala

Laburrean

  • Mota Jaialdia
  • Data 2020(e)ko uztailaren 9(e)tik 2020(e)ko uztailaren 11(e)ra
  • LekuaBilbao

Non

Euskadi, auzolana