Ikuskizuna iazkoaren tankerakoa izango da, baina guztiz berria: esketx berriak, musika eta kanta berriak… Betiko zirkuaren izpiritua jasotzen du ikuskizunak, euskal publikoarentzat egokituta eta euskaraz.

Aurten, COVID-19ak sortutako osasun-krisia dela eta, karpa handiago bat instalatuko dute, ikusleen arteko distantziak zaindu ahal izateko. Iazko karpak, beraz, biltegian geratu behar izan du eta berri bat ekarri dute Portugaletik, dezentez handiagoa.

Sarrerak salgai uztailaren 6tik aurrera

Sarrerak internetez salduko dira uztailaren 6ko 9:00etatik aurrera, Gure Zirkuaren webgune berrian: www.gurezirkua.eus

Gure Zirkua egiten dutenek bideo bat prestatu dute, konfinamenduaren ondoren berriro agertokira azaltzeak sortzen dien emozioa azaltzeko eta jendea ikuskizun berria ikustera animatzeko.