Bermeoko Musika Astea 2020

Bermeo 2020(e)ko abuztuaren 3(e)tik 2020(e)ko abuztuaren 8(e)ra
  • Bermeoko Musika Astea 2020

Bermeoko Udalak plan ezberdinak proposatu ditu uda berezi honetarako. Egungo egoerak eta indarrean dauden segurtasun eta osasun neurriek ezinezkoa egiten dute ekitaldi asko egoera normal batean bezala egitea. Hala ere, Udalak ahalegin berezia egin du bermeotarrak planik gabe ez uzteko eta egoera berrira moldatutako eskaintza kulturala prestatu du.

Honela, aurten bere XXXV. edizioa ospatuko duen Bermeoko Musika Astea antolatu du Udalak, osasun neurri guztiak zorrotz betez. Hori bai, aldaketak egongo dira. Orain arte sarrera librea izan bada ere, aurtengo egoera berezia dela eta, sarrera gonbidapen bidez egin beharko da. Uztailaren 28tik aurrera gonbidapenak eskuragai egongo dira Kultur Etxean, astelehenetik ostiralera, 9:00-14:00 eta 17:00-21:30 ordutegian. Abuztuaren 3tik 7ra eskainiko diren kontzertuak Santa Maria elizan egingo dira arratsaldeko 8etatik aurrera, baina abuztuaren 8rako ekintza berezia prestatu da Goiko Plaza, aire librean. Azken eguneko kontzertu honetan, aire librean egindako zinema ikuskizunetan bezala, 100 eserleku jarriko dira eta ez da sarrerarik beharko. Lehenbizi iristen denak tokia izango du.

Abuztuaren 3tik 7ra eskainiko diren kontzertuetara joan nahi dutenek, hala ere, zenbait gauza izan beharko dituzte kontuan. Gehienez, pertsona bakoitzak bost gonbidapen hartu ahal izango ditu kontzertu bakoitzeko. Hori bai, kontzertu guztietarako hartu ahal izango dira gonbidapenak Kultur Etxera behin etorrita. Gainera, sarrerak hartzen dituen herritarrak izen abizenak utzi beharko ditu. Talde baterako hartzen baditu, taldeko pertsona guztiak identifikatu beharko ditu eta telefono zenbaki bat eman. 

Noski, maskarilaren erabilera beharrezkoa izango da kontzertu guztietan. Udalak mesedez eskatzen du kontzertuetara garaiz iristeko, jende pilaketak ekidite aldera. Eguneko kontzertuko gonbidapenak Santa Maria elizan banatuko dira arratsaldeko 7etatik aurrera, baldin eta soberan geratu badira.

Egitaraua:

Egitarauari dagokionez, kontzertuak Santa Maria elizan izango dira, 20:00etan, eta honako hauek izango dira aurtengo hitzorduak:

 Abuztuak 3: Basabi. Talde hau bost musikariren jakin-minaren ondorioz sortu zen. Haien helburua da espezializatuta dauden estiloak euren eremutik atera eta estereotipoak desegitea. Batasun hau bi irizpidetan oinarrituz sortu da: musika klasikoa zabaldu eta txalaparta bultzatu. Txalapartaren hotsa sokazko musika tresnen sonoritatea disziplina biziago eta organikoagoan eraldatuko du eta horrela bere baitan irisgarritasun eta esperimentazioa duen ikuskizunak sortu. Honela, taldeak taldekideen pentsamoldea islatzen duen hizkuntza propioa sortuko du, muga eta etiketetatik aldenduz. Bermeon, Kronos ikuskizuna eskainiko dute.

Abuztuak 4: Euskadi Brass Ensenble. Taldea 2014an sortu zenetik ez dira gelditu eta gure inguruan zein nazioarteko jaialdietan kontzertuak eskaintzen aritu dira. Hainbat jarduera garatu dituzte: haurrentzako tailerrak familientzako kontzertuekin (esaterako, Bilboko Musika-Música Jaialdian edo Loraldia Jaialdian), baita musika-kontzertua eta literatura batzen dituzten ekitaldiak esaterako, Kirmen Uribe idazlearekin eginiko musika eta literatura kontzertua edo musika eta antzerkia lotzen duena, ‘Pasadas las 4’ izandako konpainiarekin egindakoa. Bermeon soinu ibilaldia eskainiko dute: “zure barrutik hasiko dugun bidaia deskribatzailea aurkezten dizuegu G.Mahler, G.Bizet, G.Langford eta C.Hazell-ek lagunduta. Bermeotik Londresera trenez joatea irudikatu ahal duzu? Etorri gurekin”.

Abuztuak 5Ramón Bassal (biolontxeloa) eta Marc Piqué (pianoa). Ramon Bassal hainbat jaialditan eta kontzertu aretotan aritu da, besteak beste, Hego Koreako Seoripul jaialdian, ‘Guimaraes 2012 European Capital of Culture’ jaialdian, Amsterdamgo Openluchttheaterren Palau de la Musicako Petit Palaun, Gironako Auditorioan eta Oviedoko Antzoki Filarmonikoan. Ramonek Hochschule für Musik Basel-en, Schola Cantorum Basiliensis-en, Amsterdameko Kontserbatorioan eta Lisboako Akademia Metropolitarrean ikasi du. Marc Piqué, bestalde, Bartzelonan jaio zen eta Bartzelonako Udal Musika Kontserbatorioan eta Kataluniako Goi Mailako Musika Eskolan ikasi zuen María Jesús Crespo irakaslearekin eta Casals laukotearekin. Ondoren, Luiz de Moura Castro irakaslearekin ikasi zuen Lizeoko Goi Mailako Kontserbatorioan. Josep Colom, V. Bronevetzky, L. Sintsev eta C. Martínez Mehner irakasleekin ere izan da nazioarteko musika ikastaroetan. Ramón Bassalek eta Marc Piquék Beethoven-en 250. urteurrena ospatzeko egitaraua eskainiko dute. 

Abuztuak 6Jone Martinez (sopranoa) eta Itxaso Sainz de la Maza (pianoa). Jone Martinezek Olatz Saitua sopranoarekin hasi zituen kantu ikasketak Bilbon. Musika Hizkuntzaren Pedagogian lizentziatua da Euskal Herriko Goi Mailako Kontserbatorioan eta gaur egun kantu ikasketak Maite Arruabarrena mezzo-sopranoarekin eta Maciej Pikulskirekin amaitzen ari da bertan. Bere ikasketak Carlos Menarekin zabaldu ditu eta berarekin ari da antzinako musikan espezializatzen. Bestalde, Itxaso Sainz de la Mazak goi mailako ikasketak eta pianoaren interpretazioko masterra egin zituen Kataluniako Goi Mailako Musika Eskolan (Bartzelona) eta Hochschule Luzla – Musiken (Suitza), Vladislav Bronevetzky eta Hiroko Sakagamiren klaseetan. Era berean, Maciej Pikulski errepertoristarekin osatu zuen Musikenen (Donostia) abeslariei laguntzeko prestakuntza. Bikoteak kontzertu lirikoa eskainiko du Bermeon.

Abuztuak 7Bilboko Orkestra Sinfonikoaren Soka Laukotea: Bilbao Orkestra Sinfonikoak 1922ko martxoaren 8an eman zuen bere lehenengo kontzertua, Arriaga Antzokian, Armand Marsicken zuzendaritzapean. Bizkaiko gizarte zibilaren bultzadari esker sortu zen, eta, geroztik, harreman estua dauka Bizkaiarekin: gaur egun, esate baterako, 2.200 abonatu ditu Denboraldi Sinfonikoan. Uda honetan orkestrako ganbara taldeak kontzertuak eskaintzen ditu eta Bermeora soka laukotea dakar. 

Abuztuak 8: Two 4 the road.  Saul Santolariak (abeslaria, soinu ingeniaria eta musika produktorea) eta Diego Lasheras-ek (ibilbide luzeko pianista) osatzen duten bikote honek errepertorio fresko, atsegin eta zabala ekarriko du Bermeoko Goiko Plazara (jazz, pop-rock nazional eta internazionala, bossa nova…).

 


Laburrean

  • Mota Jaialdia
  • Data 2020(e)ko abuztuaren 3(e)tik 2020(e)ko abuztuaren 8(e)ra
  • LekuaSanta Maria eliza
    Bermeo
  • ZenbatekoaDoan

Non

Euskadi, auzolana