"La Ruta del Arte BBK Artearen Ibilbidea"

Bakio 2020(e)ko abuztuaren 17(e)tik 2020(e)ko abuztuaren 24(e)ra
  • "La Ruta del Arte BBK Artearen Ibilbidea"

Azken hilabeteetan itxialdian egon ondoren, pixkanaka, gizartea dagokion espazio publikoa berreskuratzen ari da. Kulturak eta arteak herritarrei laguntzeko lan egin dute etapa gogor honetan, eta susperraldi mailakatu horrekin bat egin nahi dute. Horrekin batera, ekimen zoragarri bat sortu da, eta, horri esker, gaurtik aurrera, ikusleek La Ruta del Arte BBK Artearen Ibilbidea ekimena ikusi ahal izango dute aire zabalean.

Erakusketa ibiltari hori Bilboko Areatzan hasiko da, eta, geroago, Bizkaiko kostaldean zehar bidaiatuko du uda honetan. Ia lau hilabetez (ekainaren 16tik urriaren 4ra), erakusketak Bizkaiko kostaldeko hainbat herri zeharkatuko ditu, eta astebeteko egonaldia egingo du herri bakoitzean, Bilboko Arte Ederren Museoaren bildumako lanik onenen hautaketa bat ezagutarazteko.

La Ruta del Arte BBK Artearen Ibilbidea erakusketa ibiltaria da. Asmo didaktikoa du, eta funtsezko ibilbidea eskaintzen du museoaren bildumako 40 maisulanetan zehar; kalitate handiko teknika erabiliz egindako erreprodukzioak dira, eta xehetasunen zehaztasun txundigarria eta kolorearen fideltasun handia lortzen dute.

Horrekin batera, 40 lanetatik 24k QR kodea izango dute, eta erakusketa bisitatzera hurbiltzen direnei aukera emango diete gailu mugikorrean iruzkinak dituzten audio fitxategiak doan deskargatzeko (euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez). Gainera, 6 lanek haurrentzako diseinatutako kontakizun bat izango dute, 5 eta 10 urte bitarteko umeei zuzendua.

La Ruta del Arte BBK Artearen Ibilbidea ekimenaren helburu nagusia museoaren bilduma bere aretoetatik haratago zabaltzen laguntzea eta herritarrak artera gerturatzea da. Horrela, publikoak pinakotekaren ondare komun aberatsaz gozatu ahalko du eta bere garrantziaz jabetzeko aukera izango du, artearen historiako hainbat garai eta eskolatako artista handien obra seinalatuen bidez; gainera, teknologiari esker, haren ezagutzan sakondu ahal izango du.

Erreproduzitutako 40 obren hautaketan, XIII. mendetik XX. mendera artekoak, hurrengo artisten lanak daude: erromaniko anonimo katalana, Bartolomé Bermejo, Jan Mandijn, Martin de Vos, Grekoa, Frans Pourbus, Orazio Gentileschi, José de Ribera, Francisco de Zurbarán, Anton van Dyck, Pieter Fransz de Grebber, Juan de Arellano, Bartolomé E. Murillo, Luis Paret, Francisco de Goya, Anselmo Guinea, Mary Cassatt, Paul Gauguin, Joaquín Sorolla, Darío de Regoyos, Adolfo Guiard, Ignacio Zuloaga, José Gutiérrez Solana, Valentín de Zubiaurre, Aurelio Arteta, Juan de Echevarría, Robert Delaunay, Daniel Vázquez Díaz, Antonio de Guezala, María Blanchard, Nicolás de Lekuona, José María de Ucelay, Antoni Tàpies, Francis Bacon, Agustín Ibarrola, Antonio Sistiaga, Balerdi, Vicente Ameztoy, Alfonso Gortázar eta Eduardo Arroyo.

Herri partaideak

  • ekainak 16-29 Bilbo
  • ekainak 29-uztailak 6 Areeta (Getxo)
  • uztailak 6-13 Portugalete
  • uztailak 13-20 Santurtzi
  • uztailak 20-27 Muskiz
  • uztailak 27-abuztuak 3 Ereagako hondartza (Getxo)
  • abuztuak 3-10 Gorliz
  • abuztuak 10-17 Plentzia
  • abuztuak 17-24 Bakio
  • abuztuak 24-31 Bermeo
  • abuztuak 31-irailak 7 Mundaka
  • irailak 7-14 Elantxobe
  • irailak 14-21 Ispaster
  • irailak 21-28 Ondarroa
  • irailak 28-urriak 4 Lekeitio

Proiektu eta proposamen didaktikoa

Proiektua Museoko Erakusketa Saileko Miriam Alzurik koordinatu du, eta obrei buruzko iruzkinak egin ditu. Hezkuntza eta Kultur Ekintza Saileko María Victoria Antoñanzasek eta César Ochoak proposamen didaktikoa garatu dute, eta, horri esker, hezkuntza arloko langileek publikoaren galderak orientatu eta erantzungo dituzte bisita dinamizatuetan (asteazkenetik igandera, 17:00etatik 20:00etara).

Jarduera agintaritza eskudunek ezarritako osasun-neurriak betez gauzatuko da, eta gehienez 8 pertsonako edukiera izango du talde bakoitzeko.

 


Laburrean

  • Mota Erakusketa
  • Data 2020(e)ko abuztuaren 17(e)tik 2020(e)ko abuztuaren 24(e)ra
  • LekuaBentako Plaza
    Bakio
  • ZenbatekoaDoan
  • HizkuntzaBat ere ez

Non

Euskadi, auzolana