Donostia Zinemaldia 2020

Donostia-San Sebastián 2020(e)ko irailaren 18(e)tik 2020(e)ko irailaren 26(e)ra
  • Donostia Zinemaldia 2020

Irailaren 18tik 26ra bitartean Donostiako 68. Zinemaldia egingo da.

Rifkin’s Festival Woody Allenen film berriaren munduko estreinaldiak emango dio hasiera, lehiaketatik kanpo, 68. Donostia Zinemaldiari, irailaren 18an, Kursaal auditoriumean.

Filma, The Mediapro Studio, Gravier Productions eta Wildside ekoiztetxeena, joan den udan filmatu zen, Donostian eta Gipuzkoako beste herri batzuetan. Donostia Zinemaldira joango den bikote ezkondu estatubatuar baten istorioa kontatzen du: senar-emazteak liluratuta geratuko dira zinema-jaialdiarekin, hiriaren edertasun eta xarmarekin eta zinemaren munduaren fantasiarekin; emazteak affaire bat izango du zinema-zuzendari frantziar batekin eta senarra hirian bizi den emakume batekin maiteminduko da.

Viggo Mortensen, Donostia saria

Viggo Mortensen aktore eta zinemagileak Donostia saria jasoko du Donostia Zinemaldiaren 68. edizioan, bere ibilbidearen aitorpen gisa. Izar estatubatuarrak Falling filma aurkeztuko du, zuzendari gisa duen lehen lana.

Donostian izango da film horren Europako estreinaldia. Filmak amaiera eman zion Sundanceko zinema-jaialdiari eta Canneseko zinema-jaialdiak hautatutako filmen artean dago. Lance Henriksen eskarmentuduna eta Mortensen bera dira Falling filmeko protagonistak, eta gidoia Mortensenek berak ondu du. Bi aktoreok aita-semeen rolean ari dira, bakoitzaren munduak ez du zerikusirik bestearenarekin, eta mundu horiek talka egingo dute familia-drama honetan. Mortensenen Perceval Pictures ekoiztetxeak ekoitzi du filma, Ingenious, Hanway Films, Scythia Films eta Zephyr Filmsekin batera. Espainiako estreinaldia urriaren 2an izango da, Caramel Films eta Youplanet Picturesek banatuta.

Fernando Truebak itxiko du Zinemaldia El olvido que seremos / Forgotten We'll Be filmarekin

Fernando Truebak zuzendu duen eta Javier Cámara protagonista duen El olvido que seremos / Forgotten We'll Be ekoizpen kolonbiarraren nazioarteko estreinaldiak lehiaketaz kanpo itxiko du Donostia Zinemaldiaren 68. edizioko Sail Ofiziala. Filma, Héctor Abad Faciolinceren izen bereko eleberriaren egokitzapena, Cannes 2020ko Hautaketa Ofizialaren parte da, nahiz eta pandemia dela-eta azkenean bertan behera utzi zen zinema-jaialdi hori.

Héctor Abad Faciolincek, zeina gaur egungo Kolonbiak duen idazlerik nabarmenetakoa den, bere aitaren historia kontatu zuen El olvido que seremos bere liburuan; idazlearen aita, Héctor Abad Gómez, mediku eta giza eskubideen aldeko aktibista izan zen 1970eko hamarkadako Medellín polarizatu eta bortitzean. David Truebak idatzi du mundu osoan 300.000 kopia baino gehiago kaleratu dituen, hamabi hizkuntzatara baino gehiagotara itzuli den eta 20 herrialdetan baino gehiagotan saldu den best-seller horren egokitzapenaren gidoia.

El olvido que seremos / Forgotten We'll Be Caracol Televisión-en proiektua da, Dago García Producciones ekoiztetxeak ekoitzia, eta Javier Cámara, Nicolás Reyes Cano, Patricia Tamayo eta Juan Pablo Urrego antzezleak daude, besteak beste, aktore-zerrendan. Halaber, Kolonbiako Zinema Arte eta Zientzien Akademiak aukeratu zuen Iberoamerikako Film Onenaren Sarirako hautagai gisa Goya Sarien hurrengo edizioan, zeina 2021eko otsailaren 27an Málagan egingo baita.

Euskal Zinema

Zinemaldiko hamahiru film arituko dira lehian Euskal Zinemaren Irizar Sarirako.

Hogeita bat lanek –14 film luzek, hiru film laburrek, bi telesailek, film ertain batek eta ekoizpen-fasean dagoen proiektu batek– osatzen dute Donostia Zinemaldiaren 68. edizioan hautatutako euskal ekoizpena, eta Sail Ofizialean, New Directors Sailean, Zabaltegi-Tabakaleran, Culinary Zineman, Zinemiran, Made in Spainen, Euskal Zinemaren Galan, EiTB Galan eta WIP Europan banatuta egongo dira lan horiek.

Zinemirak, berariaz euskal zinemari eskaintzen zaion sailak, fikziozko eta ez-fikziozko hamaika ekoizpen biltzen ditu, eta mundu-estreinaldi gisa emango diren film luzeak izateagatik, horietako bederatzi Euskal Zinemaren Irizar Sarirako hautagai izango dira, Zinemaldiko beste atal batzuetan programatutako beste lau filmekin batera. Guztira, 13 film luze lehiatuko dira 20.000 euro gordineko saria lortzeko (ekoizleak jasoko du zenbateko hori).

Sail Ofiziala

Hamahiru film lehiatuko dira aurten Urrezko Maskorra irabazteko. Zerrenda horretan honako zinemagileak ariko dira lehian: Pablo Agüero (Akelarre), Danielle Arbid (Passion simple), Sharunas Bartas (In The Dusk), Naomi Kawase (Asa Ga Kuru / True Mothers), Antonio Méndez Esparza (Courtroom 3H), François Ozon (Été 85 / Summer of 85), Thomas Vinterberg (Druk / Another Round), Eduardo Crespo (Nosotros nunca moriremos / We Will Never Die), Dea Kulumbegashvili (Dasatskisi / Beginning), Harry Macqueen (Supernova) eta Takuma Sato (Nakuko wa ineegaAny Crybabies Around?)

Sharunas Bartas (Siauliai, Lituania, 1964) Cannes, Berlin, Venezia eta Locarnoko jaialdietan esperientzia duen autorea da, eta Frost (2017) eta Eurazijos aborigenas / Eastern Drift (2010) filmak zuzendu ditu (2014an, Eastern Promises. Ekialdeko Europaren erretratua 50 filmetan atzera begirakoan aukeratu zuten). Irailean Donostiara itzuliko da, In The Dusk filma nazioarteko mailan estreinatzeko, Bigarren Mundu Gerraren ondoren Lituaniako okupazio sobietarraren aurkako mugimendu partisanoaren borrokari buruzko drama bat.

Naomi Kawasek (Nara, Japonia, 1969) maiz parte hartu du Donostia Zinemaldian, eta, aurten, Urrezko Maskorra eskuratzeko aukera izango du berriz ere, Asa Ga Kuru / True Mothers filmarekin (lehenbizikoz proiektatuko dute Europan); bi ama –bata biologikoa eta bestea adopziozkoa– aurrez aurre jartzen dituen mikrokosmos familiarraren esplorazio berri bat da. Errealizadore japoniarra Genpin (Fipresci Saria, 2010) eta Vision (2018) filmekin lehiatu da Sail Ofizialean, eta bere filmak Perlak sailean eta .doc – Ez-fikzioaren bide berriak (2010) eta Japoniako zinema independente berria 2000-2015 (2015) atzera begirako tematikoetan ere ikusi ahal izan dira.

Dea Kulumbegashvili (1986) gazte georgiarrak bere film laburrak estreinatu zituen Cannesko zinema-jaialdian eta Errealizadoreen Hamabostaldian, eta Dasatskisi / Beginning film luzearekin egingo du debuta. Filmak (Donostian proiektatuko da lehenbizikoz mundu mailan) Jehovaren lekuko batek eta bere familiak talde estremista batengandik eta herri georgiar urrun bateko poliziarengandik jasaten duten jazarpena kontatzen du.

François Ozon (Paris, 1967) Sail Ofizialera itzuliko den beste zinemagile bat da. Urrezko Maskorra eta Gidoi Onenaren Epaimahaiaren Saria irabazi ditu Dans la maison (2012) filmagatik, eta, besteak beste, Sous le sable (2000), Le refuge (Epaimahaiaren Sari Berezia, 2009) eta Une nouvelle amie (2014) filmekin lehiatu da. Errealizadoreak Zabaltegin (Regarde la mer, 1997) proiektatu zuen bere opera prima, eta Été 85 / Summer of 85 lanarekin lehiatuko da; nerabeen maitasunei buruzko kontakizun bat da, laurogeiko hamarkadarekin nostalgikoa erabat.

Zinemaldiak Takuma Sato (Akita, 1989) japoniarraren bigarren film luzea estreinatuko du mundu mailan, baita ere. Don 't Say That Word! (2014) filmari esker, hainbat sari jaso ditu Tokioko Pia zinema-jaialdian eta Busango nazioarteko jaialdian. Bere lan berriak, Nakuko wa ineega / Any Crybabies Around? izenekoak, Urtezahar-gauean biluzik eta mozkortuta korrika ari zela telebistak grabatu zuen gizon baten bizitzak izan duen aldaketa kontatzen du.

Azkenik, Thomas Vinterbergek (Kopenhage, 1969), azken hamarkadetako Danimarkako zinemagile adierazgarrienetako batek, Druk / Another Round filmaren Europako estreinaldiarekin parte hartuko du. Film honetan, Jagten filmean bezala (2012), Mads Mikkelsen aktorea da protagonista. Festen (1998) filmaren egileak (2007an Sukar izoztua atzera begirakoan programatu zen) esperimentu bitxi batean murgildutako hainbat irakasleren bizitza kontatzen du: lanaldian zehar intoxikazio etiliko maila bera mantentzea lortzen badute, euren buruak zabaldu, eta sormena areagotuko dutela uste dute.

Pablo Agüerok (Mendoza, 1977) New Directors sailean parte hartu zuen 77 Doronship lanarekin (2009), eta Sail Ofizialean, Eva no duerme lanarekin (2015). Orain, Akelarre filmarekin lehiatzeko itzuliko da, 2017an Europa-Latinoamerika VI. Koprodukzio Foroaren ArteKino International Prize saria irabazi zuen proiektuarekin, hain zuzen. Errealizadore argentinarraren bosgarren filma Espainiaren, Frantziaren eta Argentinaren arteko koprodukzioa da; Amaia Aberasturi eta Alex Brendemühl dira protagonistak, eta Euskal Herrian filmatu da, euskaraz eta gaztelaniaz. Drama historiko bat da, Euskal Herrian, XVII. mendean, sorginkeriarekin zerikusia duen prozesu judizial bat oinarri duena.

Antonio Méndez Esparza (Madril, 1976), gizarte-arazoengatik kezkatuta beti, Urrezko Maskorra lortzeko borrokatuko da bere hirugarren film luzearekin: Courtroom 3H (Sala del Juzgado 3H). Ez-fikziozko istorio bat da, eta adin txikikoekin lotutako gaiak ebazten dituen Floridako auzitegi berezi batean kokatzen da. AEBn bizi den zinemagilea koprodukzio espainiar-estatubatuar honekin itzuliko da Zinemaldira, hemen aurkeztu baitzituen bere aurreko lanak ere: Aquí y allá (2012), Cannesen Kritikaren Asteko Sari Nagusia irabazi zuena eta ondoren Horizontes Latinos sailean proiektatu zena, eta Life and Nothing More (La vida y nada más, Sail Ofiziala, 2017) Spirit Awards sarietan Fipresci eta John Cassavetes sariak irabazi zituena.

Donostia Zinemaldiak Danielle Arbid frantziar-libanoarra sartu du bere lehiaketan, eta Passion simple film luze berriarekin ariko da zuzendari ospetsua Urrezko Maskorra irabazteko lehian. Eduardo Crespo argentinarra (Nosotros nunca moriemos / We Will Never Die) eta Harry Macqueen britainiarra (Supernova) ere egongo dira lehiaketan. Sail Ofizialean musika gai izango duten bi lan ere egongo dira: Julien Temple ibilbide luzeko dokumentalista eta zinemagile ingelesa The Pogues taldeko lider karismatikoarenganako hurbilketa batekin lehiatuko da, Crock of Gold: a Few Rounds with Shane MacGowan lanarekin, hain zuzen; Matt Dillon aktore estatubatuarrak, halaber, Emanaldi Berezien barruan erakutsiko digu zuzendu duen bigarren filma, El gran Fellove, Francisco Fellove musikari kubatarrari buruzko dokumentala.

Ziyang Zhou (Ordos Hiria, 1983) txinatar zuzendaria bere bigarren lanarekin (Wuhai) sartuko da lehiaketan. Wuhai, filmari izena ematen dion hiri txikia, Barne Mongolian dago, eta bertan gertatzen da, hain zuzen, filmak irudikatzen digun ekintza, finantza-zailtasunak dituzten senar-emazte zoriontsu batean ardaztua. Egileak aitorpen ugari jaso zituen bere opera primarekin, Old Beastekin (2017), nola bere herrialdean hala bere herrialdetik kanpo.

Rodrigo Sorogoyenek (Madrid, 1981) hirugarrenez parte hartuko du Sail Ofizialean. Aurreko edizioetan, Que Dios nos perdone (Gidoi Onenaren Epaimahaiaren Saria, 2016) eta El reino (2018) filmekin parte hartu zuen. Oraingoan, zuzendariak Antidisturbios telesaila erakutsiko du lehiaketaz kanpo (Movistar+ plataformakoa da, eta sei kapitulu ditu): istiluen aurkako polizia talde bati giza hilketa leporatu diete, kaleratze-prozesu bat konplikatu ostean. Aktoreen zerrendan Vicky Luengo, Raúl Arévalo, Álex García, Hovik Keuchkerian, Roberto Álamo, Raúl Prieto eta Patrick Criado daude.

Sail Ofizialak Patria telesailaren emanaldi berezia ere izango du. Aitor Gabilondok HBO Europerentzat sortutako zortzi ataleko telesaila da, Fernando Arambururen eleberri arrakastatsuan oinarritua. Euskal Herriko historiaren hiru hamarkada jorratzen ditu indarkeriak banatutako bi familiaren ikuspegitik.

Perlak Saila

Kiyoshi Kurosawaren Wife of a Spy filmak irekiko du Perlak saila, zeinak Donostia Zinemaldiaren 68. edizio honetan nazioarteko beste zinema-jaialdi batzuetan hautaturiko bederatzi film bilduko baititu: Cannes, Venezia, Deauville eta Sundance, besteak beste. Perlak sailean askotariko esperientzia duten zinemagileak lehiatuko dira, hala nola Maite Alberdi, Michel Franco, Eliza Hittman, Phyllida Lloyd, Maïwenn eta Susanna Nicchiarelli, eta Donostia Hiria Publikoaren Saria eskuratu ahalko dute; halaber, hasiberriek ere hartuko dute parte, hala nola Yoon Dan-bik eta Florian Zellerrek.

Perlak irekiko duen filma hur-hurreko Veneziako Mostran lehiaketa ofizialaren parte da. Kiyoshi Kurosawa (Kobe, 1955) beteranoakWife of a Spy filmarekin lehiatuko da, kutsu epikoak dituen drama batekin; Aoi Yu eta Takahashi Issey aktoreak dira protagonista nagusiak II. Mundu Gerra piztu aurreko gauean hasten den film horretan. Japoniako zuzendaria ohikoa da Cannesko eta Veneziako zinema-jaialdietan, baina Donostian ere parte hartu izan du Tokyo Sonata (Perlak, 2008), Shokuzai / Penance (Zabaltegi-Bereziak, 2012) eta Akarui Mirai / Bright Future filmekin, Japoniako zinema independente berria 2000-2015 eta Japonia beltzean atzerabegirakoetan ere parte hartu zuela alde batera utzi gabe.

Michel Franco (Mexiko Hiria, 1979) Donostiara itzuliko da Nuevo orden / New Order lanarekin Italiako zinema-jaialdian parte hartu ondoren. Film horretan, errebolta sozial batek bide ematen dio estatu-kolpe bortitz bati, zeina emakume gazte eta solidario baten ikuspegitik eta haren familia aberatsaren alde lan egiten duten morroien ikuspuntutik ikusten den. Zuzendari, gidoilari eta ekoizle mexikarra ohikoa da Cannesko Zinema-jaialdian eta Horizontes Latinos Sailean; izan ere, Daniel y Ana (2009), Después de Lucía (2012), Chronic (2015) eta Las hijas de abril (2017) filmak erakutsi zituen Horizontes Latinosen.

Mostrak bere lehiaketan estreinatuko dituen eta geroago Donostian ikusi ahalko diren hamaika lanetako beste bat Miss Marx dugu; bertan, Karl Marxen alaba Eleanorren –feminismoaren eta sozialismoaren gaiak lotu dituen lehen emakumeetako baten– maitasun-istorio grinatsu baina tragikoa kontatzen zaigu. Susanna Nicchiarelli (Erroma, 1975) zinemagileak haren bizitza egokitu du zinemarako, Cosmonauta (2009), La scoperta dell’alba / Discovery of Dawn (2012) eta Nico, 1988 (2017) obrekin golardo ugari jaso ondoren; izan ere, Nico, 1988 lanak Film Onenaren Saria eskuratu zuen Veneziako Orizzonti sailean.

Halaber, Donostia Zinemaldiak Maïwennen (Les Lilas, 1976) bosgarren film luzea –ADN DNA– ere emango du, Deauvilleko Zinema-jaialdian estreinatu eta berehala; izan ere, pandemiaren eraginez azkenean bertan behera utzi behar izan zen Cannes 2020ko hautaketaren parte gisa eman dute filma Deauville. Polisse (2011) filmarekin Cannesko Epaimahaiaren Saria irabazi zuen aktore eta errealizadore frantziarrak zuzendu eta antzeztu du Mathieu Demyrekin batera idatzitako film berria, aitona hil ondoren nortasun-krisi bat pairatzen duen emakume bati buruzkoa. Fanny Ardant eta Louis Garrel aktoreek ere parte hartu dute.

Aurrez beste lehiaketa batzuetan estreinatu diren film luze gehiago ere izango ditugu Perlak Sailean, hala nola Phyllida Lloyden (Bristol, 1957) britainiarraren Herself; Mamma Mia! (2008) eta The Iron Lady (2011) ere zuzendu ditu Lloydek. Aurreko Sundance Zinema-jaialdian emana, drama horrek Clare Dunne aktoreak –gidoiaren idazketan ere parte hartu zuenak– antzezturiko ama gazte ezkongabe baten gorabeherak kontatzen dizkigu; Dunneren pertsonaiak mutil-laguna utzi eta higiezin-sistema ustelaren aurkako borroka hasiko du.

Never Rarely Sometimes Always filmak, hots, Eliza Hittman (New York, 1979) estatubatuarraren hirugarren lanak, Epaimahaiaren Sari Berezia irabazi zuen Sundancen eta Epaimahaiaren Sari Nagusia Berlingo azken Zinema-jaialdian. Zuzendariaren obra berriak Zuzendari Onenaren Saria irabazi zuen Sundancen Beach Ratsekin (2017), eta Pennsylvaniako landa-eremuan bizi diren bi neraberen irudikapen intimo gisa deskribatzen da, nahi ez duten haurdunaldi batek ustekabeko bidaia bat egitera behartuko ditu bi pertsonaiak.

Halaber, Sundancen erakutsi zen jada iragarri dugun (zehazki, nazioarteko dokumentaletarako lehiaketatik) El agente topo / The Mole Agent, proiektu fasean 2017ko Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroan EFADs-CAACI Saria irabazi zuena. Filmaren egileak –Maite Alberdi (Santiago, 1983) txiletarrak– zahar-etxe batean espioi sartuko den 83 urteko alargun baten istorioa kontatzen digu.

Bestalde, Florian Zeller (Paris, 1979) eleberrigile eta antzerkigile frantziarrak The Father antzezlanarekin debutatu du zuzendari gisa; izen bereko bere antzezlanaren egokitzapen honetan, alabak ipintzen dizkion erizain guztiak baztertzen ditu bakarrik bizi den gizon zahar batek. Anthony Hopkins (Donostia Saria, 1998) eta Olivia Colman (The Favourite, 2018) –Emakumezko Aktore Onenaren Oscar Sariaren irabazlea– dira Sundancetik igaro zen eta Toronton izango den film berri honen protagonista nagusiak.

Perlak Sailean aurkeztuko diren beste opera prima –azkena– Yoon Dan-bi (Gwangju, 1990) hegokorear gaztearen Nam-mae wui Yeo-reum-bam / Moving On da. Filma Busango Zinema-jaialdian estreinatu zen. Gainera, Rotterdameko zinema-jaialdian Bright Future saileko film onenaren saria jaso zuen udan aitonaren etxera bizitzera doazen bi anai-arrebaren istorio honek.

Perlak Espainian eman ez diren eta kritikak txalotu eta/edo nazioarteko beste zinema-jaialdi batzuetan saritu dituzten urteko film luzeen sorta da. Lan guztiekDonostia Hiria Publikoaren Saria irabazteko aukera izango dute, zeinak bi golardo barne hartzen dituen: Film Onena (50.000 euro) eta Europako Film Onena (20.000 euro).

Sarreren salmenta

68. edizioko saio guztietarako sarreren salmenta mailaka egingo da Internet bidez, Zinemaldiaren web ofizialean eta Kutxabanken:

Irailaren 13an, igandean, 9: 00etan: 18, 19 eta 20ko salmenta.

Irailaren 14an, astelehena, 9: 00etan: 21, 22, 23 eta aurreko gainerako egunetako salmenta.

Irailaren 15ean, asteartea, 9: 00etan: 24, 25, 26 eta aurreko gainerako egunetako salmenta.


Laburrean

Non

Euskadi, auzolana