"Diamante inquieto", María Paz Jiménezen pintura-erakusketa

Irun 2020(e)ko irailaren 18(e)tik 2020(e)ko azaroaren 22(e)ra
  • "Diamante inquieto", María Paz Jiménezen pintura-erakusketa

Menchu Gal aretoa erakusketa denboraldi berriko lehenengo erakusketa orrazten ari da, zeinaren protagonista María Paz Jiménez artistaren pintura izango den.

Erakusketak "Diamante inquieto" du izenburutzat, eta Menchu Gal aretoko ikasturte honetako erakusketetan lehenengoa da. 30 margolanen bidez, abangoardien aitzindari izan zen pintore autentiko baten jardunbide iradokitzailea laburbiltzen du: María Paz Jiménezena (Valladolid, 1909 ? Donostia, 1975).

110 urte dira pintore ausart hau jaio zela, XX. mendeko euskal eta espainiar artearen aitzindaria dudarik gabe; emakume apurtzailea, atzarria, atsegina, eskuzabala, zorrotza eta zolia. Erakusketak egiten duen errepasoa figurazioan hasten da, non mundu laño bat ikusten den eta protagonistak emakumeen erretratuak diren.

Txiki marrazkilari eta kartelgileak eman zizkion lehenengo irakaspen plastikoak María Pazi, eta oso litekeena da horrek haren hasiera bateko marrazki erako moldeak eragin izana. Espainiako Gerra Zibilaren ondorioz, María Paz Frantziara aldatu zen, eta, ondoren, Argentinara, Alfredo Bizcarrondo senarrarekin eta Carlos semearekin batera: 1938tik Bigarren Mundu Gerra bukatu zen arte (1945 arte), Buenos Airesen bizi izan zen familia.

María Pazek Eskola Libreetan sakondu zuen bere trebakuntza plastikoan, baita María Mercedes Rodrigué de Soto Acebalen estudioan ere (1902-1986). Marie Laurencin Frantziako abangoardia kubistako pintoreak ere (Paris, 1883-1956) izan zuen eraginik harengan: Section d?Or taldearekin lotuta zegoen, eta Guillaume Apollinaire nobelagilearen musa izan zen. 1943an, Buenos Airesen, hainbat erakusketa eta sariketatan parte hartu zuen María Pazek. Urte hura berezia izan zen harentzat, Buenos Airesko Udalak "Pintura espontaneo eta irudimentsuaren saria" eman baitzion. Gertakari horren harira, pintoreak lehenengo erakusketa pertsonala jarri ahal izan zuen, Buenos Airesko Udal Aretoetan, "surrealismo esoterikoaren" barruko obrekin.

1945ean, Bizcarrondo-Jiménez familia Donostiara itzuli zen. 1940ko hamarkadan, figura estilizatu eta sinbolistako surrealismo quasi metaforikoa mantendu zuen María Pazek; unibertso magiko eta are autobiografiko bat, "txorimalo" edo "nano" esaten zienez osatutakoa. Jesús Olasagasti, A. Ibarrola, E. Txillida, J. Oteiza artistekin harremanetan jarri zen María Paz; Luis Martín Santos, Camón Aznar intelektualekin; Gabriel Celaya, Blas Otero, Ángel Crespo, José Hierro poetekin; eta abarrekin.

Erakusketak 1943tik 1975era bitarteko obraren errepasoa egingo du, pintorearen seme Carlos Bizcarrondoren bilduma partikularreko obrak eta zenbait erakundetakoak (San Telmo Museokoak, Gipuzkoako Foru Aldundikoak, Kutxa Fundaziokoak eta Francisco de Ibero Institutukoak) bilduta, eta irailaren 17an zabalduko da, 19:30ean. Irailaren 18tik aurrera, berriz, ostiral eta larunbatetan ikusi ahalko da, 18:00etatik 21:00etara bitartean, eta igande eta jaiegunetan, 11:30etik 13:30era bitartean, azaroaren 22ra arte.

Gainerako jardueretan bezala, aretoko edukiera mugatuko da, pertsona arteko distantzia gorde beharko da, maskara erabili beharko da, eta gel hidroalkoholikoa banatuko da sarreran.

irun.org

Laburrean

  • Mota Erakusketa
  • Data 2020(e)ko irailaren 18(e)tik 2020(e)ko azaroaren 22(e)ra
  • Lekua Menchu Gal Museoa
    Urdanibia, s/n - Sarrera Eguzkitzaldea kaletik
    Irun
  • HizkuntzaBat ere ez
  • Web Menchu Gal Museoa

Non

Euskadi, auzolana