Organo Musika Nafarroan 2020

Pamplona/Iruña 2020(e)ko irailaren 18(e)tik 2020(e)ko urriaren 31(e)ra
  • Organo Musika Nafarroan 2020

Organo Musika Nafarroan musika zabalkunderako programa bat da, Nafarroako Gobernuak 1984az geroztik antolatua, Nafarroako elizetan erabilgarri dauden organoak nahiz organoetarako idatzita dagoen musika ezagutzera emateko.  

Organoaren inguruko unibertso artistikoa aniztasun eta aberastasun agortezinekoa da. Kanpotik ikusita, hori beste garai bateko eta desagertzeko bidean aurkitzen den testuinguruko instrumentua dela pentsatu ohi da. Mundu osoan garatzen diren proposamenek eta jarduerak ez dute, ordea, gauza bera esaten. Hala ere, aitortu behar dugu Nafarroan gutxienez hainbat irakasgai egiteke ditugula desagertze organistikoa gure hainbat eskualdetara iritsi ez dadin: hauts eta ahanzturan utzitako tresnak, organo-jotzaileak prestatzeko eremu gehiago ez izatea, organoaren inguruko ondarea hedatzeko proiekturik eza, Nafarroako organoaren historiari eta gure ondarearen gai teknikoei buruzko azterketa sakonen eskasia,…

Dena den, alderdi negatibo horiez gain, badira bestelako alderdi itxaropentsuak eta atseginak ere. Horietako bat ziklo hau bizirik irautea da, duela 36 urtetik hona: “Organo Musika Nafarroan”. Aurten, zikloak aldaketa esanguratsua eta latza izango du, giza jarduera guztiek bezala, osasun-egoerarekin loturiko kontuak direla-eta. Aldaketa horiek antolakuntza-erronka handia dakarte. Baina aipatu behar da “Organo Musika Nafarroan” zikloa inoiz ez dela aldaketetatik urrun ibili, betiere izaera askotariko proposamen artistikoen esperimentazio gisa, antolaketa-erronka propioak ekarri dituztelarik: organorik gabeko barrutietan organo-kontzertuak, musika-interpretazioarekin batera egindako arte plastikoaren proiekzioa, pelikula mutua inprobisatutako soinu-bandarekin, perkusiorako eta organorako sortu berria den abangoardiako musika, kontzertuan dauden lau autoretatik hirurekin, kantu gregorianoa eta organoa duten kontzertuak, askotariko hitzaldiak eta topaketak, organorako musikara batutako poesia-saioak,… Halaber, aipatzekoa da ikus-entzunezko zatiaren arduradunek kontzertu bakoitzean egiten duten lanaren kalitate eta konplexutasun gero eta handiagoa edota zikloa zabaltzeko lanaren bilakaera. Eta gurpilak biraka jarraitzen du.

Aurten, gure ondare eta gure historia organistikoen ezagutza eta errekonozimendua sustatzen jarraitu behar dugu, funtzionamenduan nahiz mutu dauden gure organoena, horietako batzuk balio historiko eta artistiko izugarria baitute. Organoaren gaurkotasuna erakutsiko dugu perkusioarekin musika sinfonikoa transkribatzeko bezalako eremuetan, egungo konposizioaren zenbait adibide emango ditugu, organorako errepertorio tradizionala ere bai, edota gure konpositore berriak eta sarituak ezagutzera emango ditugu. Aparteko aipamena merezi du Montserrat Torrentek, duen maisutasunari zahartzaroarekiko bidezko errespetuaren aldarrikapena batzen baitio, are gehiago garai hauetan, gainera.

Ziklo honetan, organo-jotzaileak dira protagonistak, logikoa eta bidezkoa den moduan, baina haiek bezainbat dira erabiliko dituzten organoak. Guztiek elkarren beharra dute, eta hori beti oso interesgarria da.

Azkenik, gure zikloan ohikoa den publikoa izatea espero dugu, zikloa beraiena baita, eta bertan ohikoak ez diren beste pertsonek interesa bilatzea nahi dugu. Ezbairik gabe, haiekiko guztiekiko komunikazioak ematen dio zentzurik handiena honako hau bezalako jaialdia antolatzeari, oraindik ere horrenbeste eskaintzeko du-eta.

José Luis Echechipía
Organo Musika Nafarroan zikloaren zuzendari artistikoa


Laburrean

Non

Euskadi, auzolana