Dantza Agerketa 2020

Basauri 2020(e)ko Irailak 19
  • Dantza Agerketa 2020

Aurten Euskal Herriko Dantza Agerketaren XLVIII. edizioa egin egingo da, baina beste era batera. Irailaren 19an, larunbata, 20:00etan egingo da Social Antzokian, segurtasun neurri guztiak errespetatuz: baimendutako gehienezko kopurua, maskarak nahitaez erabiltzea, gutxieneko segurtasun-tartea eta gomendatutako neurri guztiak. Sarrerak -doakoak- Basauriko Teatro SOCIAL Antzokiko leihatilan egongo dira eskuragarri irailaren 12tik aurrera, ohiko ordutegian

Hori dela eta, ezinezkoa da zazpi herrialdeetako taldeek bertan parte hartzea eta, beraz, lurralde bakoitzeko dantza adierazgarrienen bideo-muntaia laburren bidez irudikatuko da bertako folklorea: Bizkaia, Araba, Gipuzkoa, Nafarroa, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa. Bideo horiek aurreko berrogeita zazpi edizioetakoren batean grabatutakoak dira, eta antzokiaren formatu handiko pantailan proiektatuko dira. Bideo bakoitzak herriko hiru taldeetako (Agintzari, Basauritar eta Edurre) dantzari bikoteek egindako zuzeneko dantza-sarrera bat izango du, Bilboko 'Beti Jai Alai' eta 'Bizkaiko Gaiteroak' taldeetako dantzari eta musikarien laguntzarekin. Ohiko aurkezpenak ere ez dira faltako ikusleak gidatzeko eta ikuskizunaz gehiago gozatzen laguntzeko.

Segurtasun arrazoi berberengatik, aurten ez da erromeria herrikoirik izango ostiralean, ezta Basauriko taldeen emanaldi berezirik ere igandean. Kalejirarik ere ez da egingo larunbateko saioa hasi aurretik.

ZUZENEKO EMANALDI OSOA “STREAMING” BIDEZ:

Jakin badakigu, gaur egungo egoera hau dela eta, jende askorentzat zaila izango dela larunbat iluntzean Social antzokira joatea –sarrera, beti bezala, doan izango da–; horregatik, EHDAren antolatzaileok ikuskizun osoa ‘streaming’ bidez ematearen aldeko apustua egin dugu. Euskal Herriko Dantza Agerketak Facebook-en eta Twitter-en dituen profilen bidez jarraitu ahal izango da, baita YouTubeko kanalaren bidez ere. Estekan errazago sartzeko, QR kode bat sortu da. Kode hori kartelean dago eta WhatsApp, gonbidapenak eta abarren bidez zabalduko da.

Talde autoktonoek euren herrietatik ikus dezaten ere erraztu nahi da, bai eta sare sozialen bidez #DantzaAgerketa hashtag-arekin zuzenean elkarreragiteko aukera ere izan dezaten.

Bai zuzeneko emanaldia bai bideo historikoen muntaia ERREKA ikus-entzunezko kooperatibaren esku daude, berori izan baita azken urteotan EHDA grabatzeko ardura izan duena.

Sare sozialak eta Youtube:

Euskal Herriko Dantza Agerketak kontu bana du Twitterren (@DantzaAgerketa) eta Facebooken (https://www.facebook.com/Euskal-Herriko-DANTZA-AGERKETA-119781798124085 /), gure lurraldeko dantza autoktonoak mundu osoan zehar eramaten jarraitzeko asmoz.

Era berean, gogorarazi dute urtero bideoak grabatzen direla bertako dantzen ikus-entzunezko artxibo gisa, eta azken urteetakoak eskuragarri daudela YouTubeko gure kanalean: https://www.youtube.com/channel/UCpEly8k28SSzghYQ4oQXU2w
dantzanet.net

Laburrean

Non

Euskadi, auzolana