Bilboko Kalealdia 2020

Bilbao 2020(e)ko irailaren 22(e)tik 2020(e)ko irailaren 27(e)ra
  • Bilboko Kalealdia 2020

BILBOKO KALEALDIA kaleko antzerki eta arteen jaialdia urtero antolatzen du Bilboko Udalak. Aurten, jaialdiaren 21. edizioa izango da, irailaren 22tik 27ra, azken hilabeteetako osasun-krisiaren ondorioz birprogramatu egin baita.

Programazioa kalitatezkoa eta askotarikoa da, adin guztietarako pentsatua. Iraileko aste horretan, bada, BILBOKO KALEALDIAKnazioarteko 26 konpainiaren 73 emanaldi eta 27 ikuskizun eskainiko ditu.

Datorren udazkenean, BILBOKO KALEALDIKO ikuskizunak hiriko zazpi espaziotan egingo dira: Casilda Iturrizar parkea, Areatzako kaia, Areatza, Arriagako plaza, Arriagako antzokiko alboa, Bizkaia Aretoa–UPV/EHU eta Plaza Barria. Emanaldiok hainbat diziplinatakoak izango dira: kale-antzerkia, zirkoa, dantza, dantza bertikala, clown, musika eta instalazio eszenikoak. Horrela, iraileko egun horietan Bilbo biziz eta kulturaz beteriko hiri bat izango da.

Jaialdiaren edizio berri honetara gonbidatutako konpainia guztietatik 13 Euskal Herrikoak dira: jaialdiak apustu garbia egiten du bertoko kulturaren alde eta hemen dauzkagun punta-puntako proposamenen alde. Horiez gain, Bilboko Kalealdian Estatuko 10 konpainia eta nazioarteko 3 egongo dira: bi Frantziatik etorriak (Europako erreferente nagusia kale-antzerkian), eta hirugarrena Belgikakoa. Guztiek jaialdiko ohiko agertokietan ikusi ahalko ditugun muntaiak ekarriko dituzte Bizkaiko hiriburura.

Casilda Iturrizar parkean hasiko dira ikuskizunak, hilaren 22an (martitzena), Mystérieuses Coiffures konpainiarekin, “Boni” eta Juan Palomorekin, eta Barsanti Cia taldearekin, 17:00etan. Parkea eta Arriaga Antzokiaren plaza jaialdiko lehen egunetako agertoki nagusiak izango dira. Programazio osoa bi espazio horietan egingo da barikura arte (hilak 25). Egun horretan, emanaldiak lekuz aldatuko dira, Alde Zaharrera, hiriaren auzo ezagun hau kulturaz eta dibertsioz betetzeko, hainbat txokotan: antzokiaren alboan, Areatzako kaian, Areatzan eta Plaza Barrian.

Aurten, gainera, Bizkaia Aretoa – UPV/EHU, Abandoibarran, jaialdiari amaiera emango dion muntaiaren agertokia izango da, domekan (hilak 27), 21:00etatik aurrera: La Glo Zirko Dantza KonpainiakSacred’ dantza bertikaleko ikuskizuna eskainiko du. Bilboko konpainia honen proposamenak kontatzen digu itsasorik sakonenetik galaxiarik urruneneraino dena konektatuta dagoela, eta lotura sakratu horrek bat egiten gaituela. ‘Sacred’-en, bizitzari nortasuna ematen dioten geometria jainkotiarretan zehar bidaiatzera gonbidatzen gaituzte, gogoeta egitera bultzatzen gaituen dantza eta proiekzioko ikuskizun batekin.

Bilboko Kalealdiaren edizio honetan, programazio guztia sarrera librekoa izango da. Aurrekoetan ez bezala, ez da karparik egongo.

Muntaietako bakar batean, La Baldufa konpainia katalanaren ‘Bye bye, Conffeti’ ikuskizunean, gonbidapena beharrezkoa izango da. Gonbidapenak Jaialdiaren Informazio Bulegoan eskuratu daitezke (gehienez, bi gonbidapen pertsona bakoitzeko), Areatzan, irailaren 26an (11:30-14:00 / 17:00-20:00). ‘Bye, bye Confetti’ lanak hiru pailazo erakutsiko dizkigu, Confetti euren buruzagiaren heriotzagatik negarrez. Antzezlan honetan umorea eta maitasuna barra-barra daude.

ESTREINALDIAK ESTATUAN ETA EUSKADIN

Bilboko Kalealdiko programak hiru estreinaldi eskaintzen ditu Estatuan eta beste hiru Euskadin.

Estatuko estreinaldietan, batetik, Barsanti Cia dago, “Pin, Pan, Pun, Sergio ta Erramun” ikuskizunarekin. Bertan, hasieran osasun-protokoloa betetzen ez duen lagun arteko batzar bat zirudiena beste gauza bat da: kale-antzerkiko saio bat. Normaltasun berriaz umorez, modu ludiko eta dibertigarrian jardungo dute.

Bestalde, Deabru Beltzak euskal konpainiak ‘Dibertidantza’ musika-ikuskizuna estreinatuko du: musikaz, jolasez eta dantzaz eratutako formula berezi bat da, plaza hankaz gora jarriko duena.

Hirugarren estreinaldia Mystérieuses Coiffures taldearena izango da: ‘El mundo de los colores’.

Euskadin estreinako aldiz ikusiko ditugun proposamenen artean Balbàl Company, Claire Ducreux & Toni Mira eta Daraomaï Cie konpainiak daude.

Balbàl Company frantsesek ‘Ninguna palabra’ lana eskainiko dute. Airean, akrobaziekin, euren mundua eta ikuspegia konpartituko dituzte publikoarekin, esekitako gorputzen laborategi bat eratuta.

Claire Ducreux & Toni Mira-k, aldiz, ‘Avec Les temps’ lanarekin, samurtasunaren, konfiantzaren eta umorearen garrantzia erakusten dute, mundu honetan aurrera egiteko beharrezkoak direlakoan. Bestalde, Daraomaï Cie taldea, hau ere frantsesa, ‘Corps de bois’ lanarekin iritsiko da gurera. Emanaldi honetan, balentria bati buruz hitz egiten dute: erortzen eta nekaezintasunez altxatzen direnei buruz, arauari erronka egiten dion gorputz bat onartzeari buruz.

NABARMENDUTAKO KONPAINIAK

Programazioaren barruan, Bucraá Circus konpainia nabarmentzen da. Bi pailazok osatzen dute, Pau Palausek eta Fernando Villellak, biak ere erregistro artistiko eta profesional zabalekoak. Pailazo hauek ‘El gran final’ aurkeztuko dute. Tragikomedia bat da, eta bi pailazo berriro aurkitzen dutenekoa kontatzen du. Aspaldi banatu behar izan ziren, Gerra Zibila piztu zenean. Irailaren 22an eta 23an ikusi ahalko da, Casilda Iturrizar parkean, 19:00etan.

Aurten, “eia” zirku-konpainiak bi ikuskizun ekarriko ditu Bilbora. Haietako bat, ‘inTarsi’, elkartzearen handitasunaz eta sentimenduen eraldaketaz aritzen da. Etengabe mugitzen ari den zirkua, ikuskizun indartsu, poetiko, dibertigarri eta gizatiarra, gizakia den piztia arraro horrenganako maitasun zintzoa pizten duen unea. Ikuskizun honek sari garrantzitsuak jaso ditu, adibidez 2017ko MAX saria ikuskizun berri onenari. Irailaren 26an, zapatua, 22:00etan ikusi ahalko da Arriaga antzokiko plazan.

‘Mulïer’ ikuskizunarekin ezusteko ederra emango die Maduixa CIA konpainia valentziarrak irailaren 25ean Arriaga Antzokiko plazara datozen pertsonei, 22:00etatik aurrera.Mulïer’ hanka-luzeen gaineko dantza-ikuskizuna da, bost dantzarik interpretatua. Oso sari garrantzitsuak eskuratu ditu: Max saria kaleko ikuskizun onenari eta musika-konposizio onenari, Moritz Fira Tàrrega saria kaleko estreinaldi onenari, eta Umore Azoka saria ikuskizun onenari.

BILBOKO KALEALDIAK aurten Alodeyá, Balbàl Company, Daromaï Cie eta Nom Provisional Cia konpainien ikuskizunak hartuko ditu, guztiak ere “TRAVESÍA – PIRINEOS DE CIRCO” mugaz gaindiko proiektuak diruz lagundutakoak (Bilboko Udala proiektu horretako partaide da). Proiektuaren helburua da mugaz gaindiko espazioan zirku-artisten enplegua sustatzea, akonpainamendu-metodoak aldatuz eta sektorearen erronka berriei egokituz.

13 EUSKAL KONPAINIA

Mystérieuses Coiffures, “Boni” eta Juan Palomo, Barsanti Cia, Arriera, El Mono Habitado, Kukai Dantza, Markeliñe, Organik Dantza – Antzerki, Hika Teatroa, Deabru Beltzak, La Glo Zirko Dantza Konpainia, Erre Produkzioak eta Zanguango Teatro euskal konpainiek euren ikuskizunik berrienak erakutsiko dizkigute jaialdiaren testuinguruan, eta zenbait proposamen konpartituko dituzte: dantza, zirkua, kaleko antzerkia eta clowna, adibidez.

Haien artean Markeliñeren muntaia nabarmendu beharko genuke. Konpainia honek gauarekin jokatzen du, kontraste handiko soinu-atmosfera ikusgarriak sortuz. Keinuen bidezko interpretazioa, plataforma mugikorren erabilera, dantza, txotxongilo erraldoiak eta suaren magia dira “PSIKE” ikuskizunaren osagai nagusiak: show dinamiko, zirraragarri, komiko eta kartsua. Irailaren 24ko 21:30ean aurkeztuko dute, Arriaga Antzokiaren plazan.

‘Kirol legez / Fair play’ emanaldia ere, Kukai Dantzarena, aipatu beharko genuke. Musikak protagonismo berezia dauka ikuskizun honetan, sei dantzarirekin eta DJ batekin, zuzenean (irailaren 23an, 21:30ean, Arriaga Antzokiko plazan). Gasteizko Zanguango Teatro konpainiaren saioa ere aipagarria da: ‘Al otro lado’. Ikuskizun honetan, zenbait pertsonaia kalera irtengo dira, teloi mugikor batekin, eta aurkitzen dituzten eguneroko bizitzako eszenen alderdi magiko eta harrigarriak erakutsiko dizkigute (irailaren 27an, domeka, 17:30ean eta 19:30ean, Areatzan).

Modu berean, “EDEN” ikuskizuna aipatu behar dugu, Arriera konpainiarena. KARRIKAN plataformaren laguntzaren laugarren deialdiko bi proiektu irabazleetako bat izan da.

CASILDA ITURRIZAR PARKEKO AGERTOKIA

Casilda Iturrizar parkea Bilboko Kalealdiko agertoki nagusietako bat izango da berriro ere. Bertako apainketa, aurten ere, Mystérieuses Coiffures-en eskutik etorriko da, loreen erabateko protagonismoarekin. “Koloreen mundua” proposamenarekin, parkera hurbiltzen diren pertsonak zur eta lur geratuko dira. Parke honetan egingo dira 73 ikuskizunetatik 33, irailaren 22, 23 eta 24an.

OSASUN-SEGURTASUNA

Osasuneko protokoloak zorrotz beteko dira ekitaldi guztietan, osasun-segurtasuna ahalik eta gehien bermatzeko. Halaber, maskara derrigorrezkoa izango da Bilboko 2020ko Kalealdiko ekitaldi guztietan.

Bilboko Kalealdiko ikuskizunen egunak eta ordutegiak eta bakoitzaren informazioa erantsitako txostenean eta esteka honetan ikusi daitezke.

SARE SOZIALAK:

Facebook: www.facebook.com/bilbokokalealdia

MÁS INFORMACION:

www.bilbokokalealdia.eus

bilbao.eus

Laburrean

Non

Euskadi, auzolana