Loraldia 2020

Bilbao 2020(e)ko irailaren 26(e)tik 2020(e)ko urriaren 22(e)ra
  • Loraldia 2020

Udagoienean loratzen da lelopean, irailaren 26an hasi eta urriaren 22ra arte luzatuko da udazkeneko Festibala. 

Osasun krisia dela eta, Loraldia Udagoiena jaialdiko ikuskizunak mugatuta daude, edukiera mugatuta dago, kultura gozatzen dugun pertsonen arteko harremana mugatuta dago, eta proposamenak sortzen dituzten pertsonekiko eta artistekiko hurbiltasuna mugatuta dago.

Baina Loraldia Udagoienak gaurko sasoi likidoei erantzun nahi die. Hori dela eta, berrikuntza batekin dator. Ohiko zuzeneko ikuskizunez gain, esperientzia digitala eskainiko du. Teknologiari esker mundura jalgiko da Loraldia. Izan ere, aro berriari bide berriak dagozkio.

ESPERIENTZIA DIGITALA

Esperientzia Digitala izena eman dio proposamen berriari Loraldia Kultur Elkarteak, streaming bidezko ekintza eta ikuskizunen erretransmisioa baino gehiago izango direlako. Programa berri honen parte izango diren ekintzek badute nortasun propioa eta presentzialen osagarri dira.

Hiru eguneko esperientzia digitala izango da. Ekitaldiak ikusi eta gozatu ahal izango ditugu Loraldiaren eta EITBen web orrialdeen bidez. Hortaz, mundu osoaren eskuetan egongo da gure kultura garaikidea.

Lehenengoa urriaren 4an izango da, Kanta batek mundua eral dezake? galderari erantzuten saiatuko dira. Noam Chomskyren Manipulazio mediatikoaren 10 estrategiak abiapuntu hartuta, Harkaitz Cano idazlearen, Petti musikariaren eta Ana Galarraga aurkezlearen arteko solasaldia izango da.

Horrez gain, esperientzia digital honen bidez, Manipulazio Estrategiak kontzertuko hamaika kantaz gozatzeko aukera izango dugu. Solasaldiak, kantak… eta parte hartzeko aukera.

Bigarrena urriaren 8an. Alos Quartet izeneko laukoteak Lau izeneko diskoa kaleratu du aurreko urtean eta horrekin batera taldearen 20. urteurrena ospatuko du Loraldia Udagoienean.

Sormen festa honetara bi dantza unibertso gonbidatu dituzte: alde batetik, Aukera Dantza Konpainia, sustraietatik sortzen diren soinuei kolore eta mugimenduz janzteko; bestaldetik, Amaia Elizaran, dantza garaikidearen irudimena eszenaratzeko. Eta, beraiekin batera, musikari algun apartak: Oskorri taldeko kide ohi batzuk, Gorka Hermosa eta Aitor Etxebarria, besteak beste. Ikuskizun osoa zuzen zuzenean emango da streaming bidez.

Hirugarrena eta azkena urriaren 18an izango da, Gure herriaren soinu banda lemapean. Mikel Urdangarinek solasaldia eta kontzertua eskainiko du, lehenengoa Ilaski Serranoren laguntzaz. Kantautorea lehenengoz bakarrik pianoarekin arituko zaigu oholtzan iluntzean eskainiko duen kontzertuan. Eta goizeko saio digital berezi honetan aperitibo txikia izango dugu, solasaldi eta musikarekin. Horrez gain, hitzordu honetan ez dira faltako lagunak: Karmele Jaio, Elizabeth Macklin eta Txani Rodriguez.

Bide digital horiek, edukiera-mugak ezartzen duena baino jende gehiagorengana heltzeko aukera emango dute. Finean, mundu interaktibo baten bidez eta parte-hartzearen bidez, sareetatik kalera eta kaletik sareetara bidaiatzea ahalbidetuko dituzte esperientzia digitalak. Gainera, esperientzia hau publikoaren ekarpenarekin osatuko da, sare sozialen bidez Loraldiarekin batera parte har dezan botako dizkien proposamenen bidez.

Esperientzia digitalak eskainiko dituen ikuskizunez gain, ohiko zuzeneko hamaika ekitaldi izango ditugu. Diziplina anitz, askotariko formatuak eta mota ezberdinetako ekintzak burutuko dira. Udazkeneko edizioan teatroa, dantza, musika, literatura, artea eta bertsolaritza presente izango dira. Euskal kulturaren adierazpen berritzaileenak plazaratuko dira.

MUSIKA

Urriaren 4an Manipulazio Estrategiak ikuskizuna izango dugu, pentsamendua, poesia eta doinua batzen dituen egitasmoa aurkeztuko du Pettik, goi-mailako musikariz inguratuta. Hain zuzen, hedabideek gizartea manipulatzeko erabiltzen dituzten estrategiak identifikatu zituen Noam Chomskyk pentsalariak. Hamar estrategia destilatu, eta poesia bihurtu ditu Harkaitz Canok. Eta kanta ez, gezi bilakatu ditu Pettik bere ahotsaren eta musika-senaren bidez. Hala, gaurkotasun beteko auzi baten ituan jotzen du, mezu zorrotz eta argigarriz. Manipulazioari aurre egiteko kultura-artefaktua.

Urriaren 8an Alos Quartet taldeak bere 20. urteurrena ospatzeko kontzertua eskainiko du, esan bezala.

Urriaren 16an, Bob Dylan artista eta literaturgilerik bikainenetakoaren omenez antolatutako ikuskizunaz gozatuko dugu Bidebarrieta liburutegian. Bertan Minesotako kantautorearen zenbait kantu hilezkorren letrak euskaraz entzun ahal izango dira. Iker Diaz Letamendi aktoreak (itzulpengintzaz ere arduratu da) errezitatu egiten ditu, Adolfo García perkusionistak pultsu literarioari eusten dion bitartean.

Hurrengo egunean aurkeztuko du Thierry Biscary kantari baxe nafarrak Muda izeneko proposamen artistikoa Itsasmuseum-en. Uxue Alberdi, Jon Benito, Itxaro Borda, Xabier Euzkitze eta Jon Maiaren hitzak erabili ditu abestiak ehuntzeko. Proiektu honen musikari gehienek musika tresna sokadunak jotzen dituzte : gitarrak, mandolina, kontrabaxua, txeloa eta eskusoinua eszenan izango dira.

Eta urriaren 18an Mikel Udangarinen kontzertua izango dugu Euskalduna Jauregian. Esan bezala, pianoan arituko da oraingoan Urdangarin. Errepertorio zaharra izango du abiapuntu, azken bi urteetan ondutako bertsioak plazaratzeko asmoarekin baina sorkuntza berri zenbaiti uko egin gabe.

LITERATURA

Iñigo Astiz idazlearen Analfabetoa liburua ixten duen testua oinarri hartuta, mende honen mamuei eta itxaropenerako zantzuei eskainitako poema irakurketa eszenikoa prestatu dute Astizek berak eta Mikel Ayerbek: Högeitavat. Irailaren 26an egingo dute Itsasmuseum-en.

Irailaren 30ean, Xabier Berasaluze Leturiaren Tarrapatan. Pandero baten ibilbidea liburuari buruzko solasaldia izango da Itsasmuseumen. Astebetean panderoa ikasteko metodoa eta DVDa eskaintzen du liburu honek, baina, horrez gain, Leturiak bere bi panderorekin izandako elkarrizketa, non bere ibilerak kontatzen dituen, trikitilarien munduko ohiturak eta bitxikeriak azalduz, abentura xelebre eta pasadizo mundialekin batera.

Literaturarekin jarraituko dugu urriaren 7an, Iñaki Sotoren Suak pizten direnean poesia liburuaren aurkezpena izango da.

Liburu bi horien aurkezpenerako Elkar Fundazioaren laguntza izan dute. Oraingoan, espazio eta aforo mugak gainditzeko, Itsasmuseumen egingo ditugu aurkezpen hauek.

Hariak ikuskizunarekin jarraituko dugu. Yoseba Peña idazlearen nobela batetik abiatuta sortu da sentikaria eta emakumea. Lau emakumeren bizitza-pasarteak hartuko ditu kontagai urriaren 10ean Itsasmuseumean bertso, testu literario, kanta eta audiobisualen bidez. Horretarako, Rafa Rueda, Iraia Elias, Nahikari Gabilondo eta Yoseba Peña izango ditugu gurekin.

Urriaren 14an, poema berriak plazaratuko ditu Miren Agur Meabek Bidebarrieta liburutegian, Nola gorde errautsa kolkoan eztulik egin gabe. Egilearen ohiko gaiak azalduko zaizkigu: oroitzapenen gaurkotzea, nortasunaren berrespena, indarkeriazko ekintzekiko ardura edota hitz poetikoaren balioa eta eginkizuna. Asmo horretan, zenbait emakume esanguratsu izango ditu solaskide, hala nola Mary Shelley, Marguerite Yourcenar, Ellen Ripley tenientea edota Brontë ahizpak. Ikuskizun poetiko honen soinu bandari dagokionez, Amorante gonbidatu du, eta Aitor Gametxoren ikus-entzunezko sormenak ilustratuko du giroa.

Eta literaturarekin amaitzeko, urriaren 22an, Muga proiektua ikusteko aukera izango dugu Euskararen Etxean. Xabier Montoiaren Anfetamiña liburutik abiatzen da. Berez, disziplina anitzeko ikuskizuna da. Poesia, musika eta ikus-entzunezkoak batzen dituen ekinaldi artistikoa, hain zuzen. Anfentamiña izan zen Xabier Montoiaren lehen poema liburua eta Alberto Gonzalez musikariak (Aterkings, Uler 600 edo 6nemen9 banden partaidea) kanta bihurtu. Horrez gain, proiektua burutzeko Iñigo Romera (Cancer Moon, El Inquilino Comunista…), Iñigo Eguillor (Gringo, Trampas…) eta Itziar Beristain (taldearen ahotsa) batu ditu. J.A. Goñi Areta Juxe argazkilaria izan da proiekzioen irudien egilea.

DANTZA

Urriaren 9an, Diagonalean zehar koreografia plazaratuko du Mizel Theret iparraldeko dantza sortzailerik garaikidenetakoak. Esku pilotarien keinua du abiapuntu. Pilotariaren keinu hori testuingurutik atera eta moztu egingo du koreografoak. Gero mugimendu horiek dantza abstraktu bihurtu dira.

TEATROA

Urriaren 1ean eta 2an Lurrun minez izeneko lana gozatu ahal izango dugu La Fundicion-en. Hiru mariken arteko drama psikologikoa, soziala eta sexuala da. Orain dela urte bete, Galder Perezek idatzi zuen gidoia eta orain estreinaldia dator. Esan bezala, sauna batean hiru gizon elkartuko dira eta horien arteko hitz-aspertuan hainbat gaiez eztabaidatuko dute. Nabarmenduko dugu Joseba B. Lenoir musikagilearen presentzia teatro lanean.

BERTSOLARITZA

Urriaren 11n, Garbiñe Ubeda idazleak etorkizunari buruz idatzitako Zaharkitze programatua izeneko testuaren gainean inprobisatuko dute Madallen Arzallus eta Onintza Enbeita bertsolariek Guggenheim Bilbao Museoan. Testuaren irakurrialdiari Don Inorrez taldeak jarriko dio soinu banda. Hauxe da geroari begira Loraldiak antolatzen duen seigarren hitzordua, klasiko bat bilakatu dena.

KULTURA SEGURUA DA

Loraldia Festibalaren antolatzaileok nabarmendu nahi dute ekitaldi eta ikuskizun guztietan segurtasun-neurriak bermatuta egongo direla. Edukiera-muga errespetatuko da, baita segurtasun distantzia eta bestelako neurriak ere. Izan ere, kultura segurua dela defendatzen dute, eta ondorioz, modu seguruan bizi eta gozatu daiteke.

EGITARAUA

IRAILAK 26

IRAILAK 30

URRIAK 1 eta 2

URRIAK 4

URRIAK 7

URRIAK 8

 

URRIAK 9

 

URRIAK 10

 

URRIAK 11

 

URRIAK 14

 

URRIAK 16

 

URRIAK 17

 

URRIAK 18

 

URRIAK 22

bilbao.eus

Laburrean

  • Mota Jaialdia
  • Data 2020(e)ko irailaren 26(e)tik 2020(e)ko urriaren 22(e)ra
  • LekuaBilbao

  • HizkuntzaEuskara

Non

Euskadi, auzolana