Aukeran taldearen koreografiak dantza tradizionala eta hizkuntza garaikidea uztartzen ditu, eta Maurizia Aldeiturriaga panderojolea da ikuskizunaren haria.
SINOPSIA
Maurizia Aldeiturriaga lehen emakume panderojolea , plazarik plaza panderoa hartu eta bere ahots eta izaera boteretsua lau haizeetara zabaldu zuen emakume sendoa. Emakume eredugarri hau abiapuntu hartuta bere baitan dituen alderdi ezberdinak taularatzen dira: alde indartsua, ahula, aurpegirik gogorrena eta xamurrena, alderik argiena eta ilunena, irudi astun eta primarioa edo arin eta sofistikatua. Beti ere panderoa ardatz harturik , emakume honen eta guztien ahotsa islatzen duen kale ikuskizuna.
“... Ni Maurizia naz. Ni ere banaiz Maurizia, eta haren moduan prest nago plazara irteteko”.
Aukeran DK 1997an sortu zen, Edu Muruamendiaraz dantzari eta koreografoaren ekimenez. Ordudanik ibilbide luze eta emankorra izan du, hainbat ikuskizunen produkzioak eta horiekin egindako birek erakusten dutenez. Dantza tradizionalaren eta garaikidearen arteko mestizajea da lan koreografikoaren ezaugarria.