"Arissa. Itzala eta argazkilaria 1922-1936"

Vitoria-Gasteiz 2020(e)ko urriaren 8(e)tik 2020(e)ko urriaren 29(e)ra
  • "Arissa. Itzala eta argazkilaria 1922-1936"

Vital Fundazioa erakusketa-zentroanAntoni Arissa Espainiako argazkilarien abangoardiako ordezkariari eskainitako erakusketa izango da ikusgai. Telefónica Fundazioarekin elkarlanean Arissa. Itzala eta argazkilaria 1922-1936 ikusteko aukera izango da, bere ibilbide profesionaleko 150 argazki baino gehiago. Azaroaren 29ra arte egongo da ikusgai.

Vital Fundazioak eta Telefónica Fundazioak Antonio Arissa (1900-1980) bartzelonarraren figura eta obra ekarri dituzte Vitoria-Gasteizera. Argazkilaritzaren abangoardiako Espainiako ordezkaririk garrantzitsuenetako bat da Arissa, eta haren legatua ia oharkabean egon zen zortzi hamarkadatan. Valentin Vallhonrat-ek eta Rafael Levenfeld-ek komisariatu dute erakusketa, eta zuri-beltzeko 153 argazki bildu ditu, beren ibilbide profesionala hiru bloke estilistikoren bidez egiten dutenak: piktorialismoa, 1922 eta 1928 artean; modernitatearen soluzio bisualetaranzko bilakaera, 1930eko hamarkadaren hasierara arte; eta Ikuskera Berria, 1930etik 1936ra arte, Arissa argazki-abangoardietan erabat sartu zenean.

Azaroaren 29ra arte Vital Fundazioa erakusketa-zentroan ikusgai egongo diren irudiak Telefónica Fundazioak (121 argazki) eta Kataluniako Institut d 'Estudis Fotogràfics delakoak (32 argazki) gordetako negatiboen bildumetatik datoz.

Antoni Arissa Bartzelonan jaio zen 1900ean inprimatzaile familia batean. 1920tik aurrera, enpresaren kargu hartu zuen, eta, 22 urte besterik ez zituela, bere lehenengo saria lortu zuen eta horren atzetik beste zenbait etorri zien nazionalak nahiz nazioartekoak. Bere lana Saint Etienne-ko II Exposition Internationale d 'Art Photographique erakusketetarako aukeratu zuten, eta 1935ean Art de la Llum aldizkariak ale monografiko bat eskaini zion; aldi berean, Sant Andreuko Centro Popular Catalanistako Erakusketa Aretoko erakusketa egin zuten.

Gerra Zibila amaitzean, modernitatearen hedabideak desagertuta, Arissak bere jarduera artistikoa murriztu zuen eta, astiro-astiro, ahanzturan erori zen. 90eko hamarkadaren hasieran 'Argazkigintzako abangoardiak Espainian' erakusketak bere argazkietako sei bildu zituen eta, horrela, bere lana berreskuratzeko prozesua hasi zen.

Erakusketak Arissaren bizitzako hiru etapatik egingo du ibilbidea. 1920ko hamarkadaren hasieran hasi zen argazkigintzan; hasiera hori 1890ean sortu zen korronte piktorialistan kokatu behar da, hau da, argazkigintza diziplina artistikotzat hartzea bilatzen zuten elkarte eta gizarte fotografikoen inguruan sortutako korrontea. Garai horretan, bere ibilbidea garaiko gainerako autore espainiarren ibilbidearekin bat zetorren, argazkilaritza dokumentaletik aldentzen zirenak eta mugimendu artistiko ezberdinak batzen zituztenak, prerrafaelismotik sinbolismoraino, eta misterioz beteriko atmosferaz eta soinuz beteriko mundu preziosista batera eramaten zituena.

1922an Arissak, Josep Girabalt eta Lluis Batlle-rekin batera, Saint-Victor Argazkilaritza Elkartea sortu zuen, Kataluniako Argazkilaritza Elkartea agertu baino urtebete lehenago, eta han hartu zuten prestakuntza garaiko argazkilariek. Garai horretan garatu zuen bere lehenengo ekoizpena argazkilari piktorialista gisa, eta landa-giroko eszenak, aldez aurretik prestatutako agertokiekin egindako landa-ikonografiak eta Grimm anaien edo Perrault-en haurrentzako ipuinak gogorarazten dituzten haurren irudiak erretratatu zituen.

Bigarren blokea Ikuspegi Berrirako bilakaerarena da. 1930eko hamarkadaren hasieran bere produkzio fotografikoa ulertzeko modu berri bat sumatzen has gaitezke. Arissa argazkigintza moderno baterantz zihoan, piktorialismoaren apaindura eta erreferentzia sinbolistarik gabe, eta Europa erdialdeko argazkigintzaren planteamenduetara hurbildu zen, hau da, konposizioa, forma, lerroa, ikuspuntua eta argazkigintzako objektuen ezaugarriak eta intentzioa nabarmentzen dituen argiztapena ezaugarri dituenak. Bere argazkietan, izaera nostalgiko, iragan estetizista eta literarioaren birsortzea albo batera utzi zuen. Aurreko etapako euskarri narratiboak mantentzen diren arren, argiztapen handiko espazio abstraktuak, kontrapikatuak, itzalak, angelu berriak eta elementu grafikoak sartu zituen. Bere irudiak, garai hartan, kontzeptualizatu egin ziren eta bere konposizioak antolaketa bisual perfektu bihurtu ziren.

Argazkietan zer eta nola aterako zuen erabakitzean aldaketa hori hainbat alderdik indartu zuten, hala nola inprimatzaile-editore bere karrerak eta tipografiari buruz zituen ezagutzek. Publizitatea bezalako diziplinen gorakadak ere bultzatu zuen, non abangoardia fotografikoak bere espazioa aurkitu zuen, Arissaren belaunaldiko Pere Català Pic, Emili Godes edo Josep Masana argazkilarien eskutik. Are gehiago, argazkigintza berriaren baliabide estilistikoak jasotzen zituzten argitalpen berriak agertu zirelako, baita Manuel Abrilek edo Salvador Dalík sinatutako artikuluak ere, argazkigintza-lengoaia berriak ezartzearen alde egin zutenak. Hori izan zen argazkien kontzeptualizaziorako aldaketa, non piktorialismoaren dogmak baztertu zituen eta bere lana gauza txikietan zentratu zen. Familia zein bere etxebizitza bera bere lanen eszenatoki bihurtu ziren: etxea, lorategia, korridoreak, eguneroko objektuak eta bere alabak eurak elementu grafiko bihurtu ziren. Pixkanaka, zirkulua familiaren gunetik kanpo irekiko da eta Bartzelonako kaleak eta portua erretratatzera eramango du. Hortik aurrera, errealitatearen edozein zati izango da bere argazkigintza-jardueraren xede.  

 

Erakusketa Bartzelonako Centre de Cultura Contemporània-n, Logroñoko Amós Salvador Aretoan, Galiziako Arte Garaikideko Zentroan, Santiago de Compostelako CGAC zentroan, Andaluziako Argazkilaritza Zentroan eta Gijóngo Institutu Zaharreko Kultura Zentroan ikusi da jada. Telefónica Fundazioak sustatu du, 1998tik aro digitalean gizarteratzearen katalizatzaile izateko lanean dihardu-eta, beste eragile batzuk mobilizatuz, indarrak batzeko eta eraldaketa bultzatzeko. Ikuspegi horren bidez, pertsonen garapen-aukerak hobetzea du helburu, hezkuntza-, gizarte- eta kultura-proiektuen bidez.

Astearteetan 19:00etatik 20:00etara bisitaldi gidatuak egingo dira erakusketan. Gehienez ere hamar laguneko talde txikiak izango dira, eta aldez aurretik erreserba egin beharko da 945 776 858 zenbakian.


Laburrean

Non

Euskadi, auzolana