Seriesland 2020 - Euskal Herriko Sail Digitalen Nazioarteko Jaialdia

Bilbao 2020(e)ko urriaren 19(e)tik 2020(e)ko urriaren 23(e)ra
  • Seriesland 2020 - Euskal Herriko Sail Digitalen Nazioarteko Jaialdia

SERIESLAND Bilboko Nazioarteko Websailen Seigarren Jaialdiak "gauza arraroak" dakartza Bizkaiko hiriburura, edo behintzat hori dakarrela ematen du hura iragartzen duen kartelari erreparatuta; izan ere, ikus-entzuleen marka guztiak puskatu dituen Netflixen sail batean dago inspiratua: “Stranger Things”. Duffer anaien sailak nahasian dakartza beldurra eta naturaz gaindiko 80ko hamarkadako thrillerra, eta hura izan da aurten erreferentzia Bilboko lehiaketako posterrean; lehen urtetik hasita, beti omendu izan du zinemako edo telebistako klasikoren bat.

Neska anonimo bat, baserritar jantziarekin (buruzapi gorria, alkandora zuria, gerruntzea, gona gorria eta mantak beltza); hura izan da SERIESLANDen hirugarren jaialditik hona kartel iragarleko protagonista. Behin baino gehiagotan, dantzari klasikoekin lagunduta agertu izan da; dantzariok zuri-zuri ageri dira, eta txapela eta gerriko gorriekin. Hirurak udal bizikleta elektrikoetan daude, eta giro ilun eta kezkagarri batek inguratzen ditu, Bilborockeko fatxadaren aurrean, zeina modu bitxian kokatua baitago Omako baso margotuko arbolen ondoan. Hiru bizikleten aurrealdeko argiek 20ko hamarkadako telebista bat argiztatzen dute, pantailan jaialdiko logotipoa ageri duena.

Bai karteleko irudiak eta bai tipografiak erreferentzia egiten diote azken urteetan arrakasta gehien izan duten telesailetako bati, zeinak ikus-entzueko marka guztiak puskatu baititu Netflixen. Ross eta Matt Duffer anaiek sortua da "Stranger Things", eta bertan, sailkatzea ezinezkoa den koktel bat dator nahasian, suspentsea eta beldur paranormala, nerabe talde bat duelarik protagonista; sail horrek inspirazio iturri nagusi gisa izan ditu Steven Spileberg eta John Carpenter zinemagileak eta Stephen Kingen nobelak.

Hala, "Stranger Things" sailak txanda hartu die "Tronuen dema"-ri, "Izarretako gerra"-ri, "Homeland"-i, "Friends"-i eta "Atzera etorkizunera"-ri; film horiek omendu baitzituzten websailen nazioarteko jaialdi honen aurreko urteetako karteletan.

VI. SERIESLAND urriaren 19tik 23ra izango da aurrez aurreko formatuan, eta Bilborock aretoa izango du egoitzan nagusia oraingoan ere; horrez gain, Bizkaia Aretora joko du programatuta dauden 30 jarduera pasa horietako batzuk gauzatzeko. Jaialdi honetan, lau kontinentetako eta 22 herrialdetako 92 websail emango dira, eta aukera izango da urriaren 15etik 25era websailak sarean doan ikusteko, bai eta jarduerei streaming bidez jarraitzeko ere. Lehiaketaren atalari dagokionez, ohikoa den bezala, jarduera paralelo ugari izango da: proiekzioak, mahai-inguruak, ponentziak, elkarrizketak eta DIMA plataforma digitala, zeina saiatzen baita sortzaileak, ekoizleak eta banatzaileak sail digitalekin konektatzen.

Koronabirusaren pandemiaren ondorioz pairatzen dugun osasun krisia dela eta, lehiaketak prebentzio neurri guztiak hartu ditu, bertaratuen eta gonbidatuen segurtasuna bermatzeko; hortaz, publikora irekitako jarduera guztietan ezingo da gainditu jende kopuru jakin bat.

SERIESLAND jaialdiari buruz

SERIESLAND-Bilbo International Digital Festival da websailen ikus-entzunezko lehiaketa bakarra Euskal Herrian egiten dena; eta orain arte egin diren bost jaialdietan bere burua sendotzea lortu du, generoan erreferentziazkoa bihurtuta nazioarte mailan eta urtez urte bost kontinentetako sailak erakarrita lehiara. Lanik berrienak eta nabarmenenak doan ikusteko modua izateaz gain, lehiaketak bigarren adar bat dakar ikus-entzunezko sektorearentzat diseinatua: fikzio mota honetako sortzaileen, ekoizleen eta banatzaileen topagune bat, Internet bidez erakusteko pentsatua. Bizkaiko Foru Aldundiak babesa ematen dio jaialdiari, Euskara, Kultura eta Kirol Sailaren bitartez, eta orobat BEAZ sozietate publikoak ere, zeinak pertsona eta enpresa ekintzaileei laguntzen baitie. Eta Bilbo Ekintzak ere babestuta dago, Bilboko Udaleko udal-sozietatea.



intermedia.eus

Laburrean

  • Mota Jaialdia
  • Data 2020(e)ko urriaren 19(e)tik 2020(e)ko urriaren 23(e)ra
  • OrdutegiaOrdu desberdinak eguneroko programaren arabera
  • Lekua Bilborock
    Muelle de la Merced, 1
    Bilbao
  • ZenbatekoaDoan
  • HizkuntzaElebietan
  • Web Bilborock
  • Info Gehiago

Non

Euskadi, auzolana