Open House Bilbao 2020

Bilbao 2020(e)ko urriaren 24(e)tik 2020(e)ko urriaren 25(e)ra
  • Open House Bilbao 2020

Open House Bilbao jaialdia ospatuko da ostera ere ––eta laugarren urtea da ilaran–– urriaren 24ko eta 25eko asteburuan, aurreko edizioetan bezalako baikortasunarekin eta pozarekin, baina errealitate berriari egokiturik, hala jardueretan nola haien formatuan, eta jendarteak dituen egungo erronkei aurre eginez.

OHBILBAO 2020: ‘KALEAK BIZI-HABITAR LAS CALLES

Open House arkitekturari buruzko jaialdi bat baino askoz gehiago da. Aukera bat da herritarrek beren uriari buruzko oharmena emenda dezaten arkitekturaren eta hirigintzaren bidez. Ekitaldi honen bidez, arkitektura eta hirigintza ematen dira ezagutzera, haien zabalkundea egiten eta jendarteratzen da, publiko zabal baten artean, eta parte hartze bidez.

Aurtengo edizioan, errealitate berriari aurre egin beharrean izango da jaialdia bera ere, koronobirusa dela kausa, eta, horretarako, neurri sanitario beharrezkoei egokitu die jaialdiak bere formatuak. Proposamenaren oinarri diren irizpide orokorrek arreta berezia jarri dute jende pilatzeak saihestean, pertsonen arteko gutxieneko tartea ziurtatzean eta ezinbestekoak diren higiene neurriak ezartzean.

Open House Bilbao jaialdiaren laugarren edizio honetan, hiriko espazio publikoak izango du protagonismoa.

Jaialdiak, publiko zabal eta askotariko batengana iristeko pentsatu eta prestatutako jardueren egitarau baten bidez, gogoeta bat egitea proposatzen du, kaleek, plazek eta parkeek gaurko egunean betetzen duten zereginaren inguruan, eta pentsatzea nola egokitu behar zaizkion eta ahal zaizkion haiek errealitate berriei. Hala, hiriko zenbait espazio publiko hautatu eta ikusiko dira, eta haietan hainbat alderdi analizatuko dira, hala nola azpiegitura berdea eta mugikortasuna, eta XXI. mendean hirian zer eginkizun duten zehazten saiatuko.

PROGRAMA OHBILBAO 2020

Jarduera eta espazioetarako ikustaldi guztietarako beharko da aldez aurretik izena ematea web orrian, neurri sanitario guztiak beteko direla bermatzearren.

OPEN ESPAZIOAK

Espazioen katalogoa diseinatu da aurtengo egoera berezia kontuan hartuz eta hari egokituz. Eraikinak eta haietan egin litezkeen ibilbideak xeheki eta goitik behera aztertu dira, espazio seguruen katalogo bat osatzearren. Gainera, eta berritasun gisa, edizio honetan espazio publikoak sartu dira katalogo bisitagarriaren barruan.

Hara hemen edizio honetan irekiko diren espazioen zerrenda:

Open eraikinak:

1.Eleiz Museoa
2.“La Bolsa” eraikina.
3.Cava etxeak
4.Bidebarrietako udal liburutegia
5.Arriaga Antzokia
6.Villa María
7.Bilboko udaletxea.
8.Olabarri jauregia
9.Ibaigane jauregia
10.Elorrietako suhiltzailetegia.
11.La Concordia geltokia
12.Bilboko Elkarte Filarmonikoa
13.Bizkaiko Foru Liburutegia
14.Arte Ederren Museoa
15.Deustuko sifoia
16.Euskalduna Jauregia
17.Itsas Museoa
18.EHUko Bizkaia Aretoa
19.Miribillako Kirol Jauregia
20.Euskadiko Artxibo Historikoa
21.Carreras Múgica arte galeria

Open espazio publikoak:

22.Campo Volantín
23.Kale Nagusia
24.La Naja kaia
25.Casilda Iturrizar parkea
26.Abandoibarra

JARDUERAK

Espazioak irekitzeaz gain, OPEN HOUSE BILBAO jaialdiak jarduera osagarriak eskainiko ditu, edizio honetako gaia sendotuz. “Kaleak Bizi – Habitar las Calles” goiburuarekin, honako jarduera hauek eskainiko dira espazio publikoan:

Hiriko natura:
Naturari entzunez” eta “Hiritik naturara” izeneko ibilbideak egingo dira, gogoeta egitera animatuz, naturala den zerari buruz, artifiziala den zerari buruz eta hiriari buruz. Ibilbideak egingo dira gai horretan aditua den paisaia-arkitekto emakumezko batek gidaturik.

Trenbidea, hiria eta espazio publikoa:
360 º esperientziak eta ibilbideak, trenbideak hirian utzi dituen aztarnez aritzeko. Hiri-bilbean integratuta dauden espazioetatik hasi eta aukera-espazioetara, eta haietan iraganari buruz ikastea eta etorkizuneko erabilerak eta aukerak asmatzea...

Hiri-pasierak:
Espazio publiko klasiko nahiz garaikideetan zehar egingo diren ibilbideak…hiriko espazio publikoen eredu batzuk eta besteak agertuz. Zabalgunetik hasi eta ibai ertzaren eraldakuntzetaraino, kale eta plaza eredu bestelakoetan zehar igaroz.

Paisaiak bizikletaz:
Bizikletaz egingo da ibilbide bat, bizikletetarako azpiegituren bidez ezagutzeko edo berriro ere aurkitzeko itsasadarraren inguruko paisaiak, eta, bitartean, hain erabilera askotarikoak dituen espazio publiko horren ingurumenari, jasangarritasunari, hirigintzari eta eraikuntzari dagozkion gaiez jardutea.

Itsasadarreko espazioetan nabigatuz:
Nabigazio esperientzia honen bidez, ibai ertzari beste ikuspuntu batetik begiratuko zaio, itsasadarrean zehar ibiliz, eraldakuntzen eta espazio irekien antolatzaile handi horretan zehar, alegia, eta, haietan, gure uriaren garapenaren gakoetako asko aurkitzea.

Familientzako tailerrak:
Sorkuntzazko pilulak, familian jostatzeko hiriko kaleetan, irudimenaz eta erritmoaz baliatuz, eta instalazio iragankorrak sortuz, zeintzuetan jostatuz hiriko espazio publikoak birpentsatzera gonbidatuak izango baikara.

#Opengram
Argazkiaren bidez, parte hartzaile bakoitzak, bere begiradaren ekarpena egingo du eta jaialdia bizitzeko bere modua adieraziko. Open Housen esentzia eta giroa atzematea, sareetan partekatzeko. Argazkiak Instagramera igoz, eta horretarako #OpengramBilbao20 y #OHBilbao2020 traol-hitzak baliatuz, eta @openhousebilbao etiketa emanez.

OHBILBAO2020 PROTOKOLOA COVID-19RAKO

Open House Bilbao jaialdiak konpromisoa hartzen du COVID-19ak eragindako arriskua kudeatzeko, arrisku hori ahalik eta gehien gutxitzeko neurriak ezarriz prozesu guztietan.

Jaialdiko jarduerak COVID-19RAKO OHBILBAO Protokoloa betez garatuko dira: protokolo horretan datoz ezarrita Open House Bilbaon parte hartzen dugun guztion segurtasuna eta osasuna bermatzeko jarraibideak.

Hara neurri batzuk: bisitak egiteko taldeak txikiak izango dira, eta nahitaez eman behar da izena aldez aurretik, jaialdiaren web orriaren bidez.

Pertsonen artean gorde beharreko tartea bermatzearren, taldeak gehienez ere 10 pertsonakoak izango dira, jarduera gehienetan: guztietarako eman beharko da izena aldez aurretik, web orrian bertan, kasu bakoitzean behar den kontrola eta zainketa egin ahal izateko.

Era berean, ahalik eta gehien mugatu dira banatzekoak eta entregatzekoak diren materialak eta euskarri fisikoak, eta edukien zabalkunde digitalari eman zaio leku handiagoa.

Jabetzen gara ez dagoela huts egin ezinezko neurririk, eta, beraz, beharrezkoa da era bateko eta besteko prebentzio neurriak ezartzea, kutsatzeko arriskua ahalik eta gehien murrizteko. Egoera honetan, bereziki garrantzitsua da norberaren erantzukizuna, eta beharrezkoa da protokoloak jasotzen dituen jarraibideei zorrozki jarraitzea.

COVID-19aren aurreko OHBilbao2020 protokoloa jaialdiaren web orrian dago begiratzeko eta jaisteko.

 

bilbao.eus

Laburrean

  • Mota Bestelakoa
  • Data 2020(e)ko urriaren 24(e)tik 2020(e)ko urriaren 25(e)ra
  • LekuaBilbao

Non

Euskadi, auzolana