Irudika 2020 - Nazioarteko Ilustrazio Topaketa Profesionala

Vitoria-Gasteiz 2020(e)ko urriaren 29(e)tik 2020(e)ko urriaren 31(e)ra
  • Irudika 2020 - Nazioarteko Ilustrazio Topaketa Profesionala

Ilustrazioaren nazioarteko Irudika topaketa profesionalak ezagutzera eman ditu artistei laguntzeko eskaintzen dituen egonaldietan egindako irudia eta animazioa, 2020ko edizioko kartela eta spot-a egiteko erabiliko direnak. Araiz Mesanzaren ilustrazioa eta Raquel Meyersen animazioa baliatu dira jakinarazteko Irudika ekitaldiaren laugarren edizioa urriaren 29tik 31ra egingo dela, parte-hartzaile guztien osasuna bermatuko duen formatu batekin.

COVID-19aren osasun krisiaren ondorioz dekretatutako alarma egoerak zapuztu egin zuen ilustrazio eta animazio arloak sustatzeko Irudika topaketaren laguntzaprogramaren azken fasea. Irudika egonaldiak martxoaren 15ean bukatu behar izan ziren, Angoulême-ko Maison des Auteurs zentroko egonaldian zehar. Araiz Mesanza eta Raquel Meyers artistek burutua zuten jada beren egonaldia Bilbaoarte baliabide zentroan, eta Angoulêmen zeuden egonaldien amaierako prozesuko erakusketa inauguratzeko prest. Zoritxarrez, apirilaren 6an egitekoa zen ekitaldia 2021era atzeratu behar izan zen. Araiz Mesanza Oslora itzuli zen, han bizi baita, baina Raquel Meyersek Angoulême-n igaro behar izan du itxialdia, ezin izan baitzen segurtatu itzulerako bidaian ez zutela behartuko itxialdiren bat egitera eskala-hirietako batean.

Behin konpondu ondoren egonaldiak egiten ari ziren artisten egoera, Irudikak argitara eman ditu Araiz Mesanza eta Raquel Meyersek eginiko lan pertsonalen emaitzak. Hauek dira artista horiek egin dituzten lanak:

Araiz Mesanza (Gasteiz, 1983). Bere lana unibertso grafikotzat baliatuko da berarekin janzteko Irudika topaketaren kartela eta bere sekzioetako kartelak. Araizen beraren hitzetan, “natura pertsonifikatu nahi izan dut nolabait, eta kulunka bat sortu errealitatearen eta magiaren artean. Eta keinu bat egin oso trinkoa eta denbora berean oso arina den grabitate indar moduko bati, etengabe aldatzen eta mugitzen ari dena”.

Raquel Meyers (Cartagena, 1977). Raquelek teletestu bidezko animazio bat sortu du, gogoeta egiteko gure beharrik izango ez duen etorkizun bati buruz. Finantzamatematikaren, algoritmoen eta teknologiaren basakeriaren menpe egongo dira arrazoia eta bizitza; giza izaera apustu ekonomiko bat bihurtua dago, gizakiok Antropozenoko tekno-hondakin bilakatzen ari gaituena.

Egonaldiek diru-sari bat izan dute, eta baita ere poltsa bat dieta, material eta garraio gastuetarako (2.100 euro). Irudikaren egonaldi programa aurrera eramatea posible da Eusko Jaurlaritzaren, Vital Fundazioaren eta Euskal Irudigileak elkartearen ekarpenei (ilustrazio kategorian) eta Acción Cultural de España elkartearen laguntzari (animazio kategorian) esker. Irudika topaketak laguntzaile ditu baita ere Angoulême-ko Udala, La Citè Internationale de la Bande Dessinée, Bilbaoarte Fundazioa, Gasteizko Udala eta Arabako Foru Aldundia.

Irudika topaketaren laugarren edizioa

2020an egingo da Aurkezpen hau albiste bikoitza izan da, zeren, lan hauek aurkezteaz gain, iragarri baita ilustrazioaren nazioarteko Irudika topaketak beste edizio bat egingo duela aurten, hiru herrialdetako ilustratzaile profesionalekin, editorialekin eta agente literarioekin, eta Euskadiko ilustrazio sektoreko eta argitalpen industriako ordezkari askorekin. Laugarren edizio honetara gonbidatutako herrialdeak dira: Quebec, Uruguai eta Frantzia. Ekitaldiaren antolatzaile den Euskal Irudigileak-Euskadiko Ilustratzaileen Elkarte Profesionala lanean ari da formatu egoki bat aurkitu beharrez, osasun baldintzak eta topaketaren martxa ona segurtatzeko.

Hala, topaketa antolatzen ari den lantaldea hainbat proposamen ari da lantzen, presentzia fisikoa eta birtuala uztartzen dituztenak eta beti ere helburutzat dutenak laugarren edizio hau ongi atera dadila profesional parte-hartzaileentzat, publikoarentzat eta Irudika posible egiten duten langileentzat. Albiste onak garai lausoetan.

Irudika 2020 ekitaldiari buruzko informazio gehiago jakinaraziko dizuegu topaketaren web orrian eta sare sozialetan. 

Irudika

Laburrean

  • Mota Bestelakoa
  • Data 2020(e)ko urriaren 29(e)tik 2020(e)ko urriaren 31(e)ra
  • LekuaVitoria-Gasteiz

  • Sarrerak Erosi

Non

Euskadi, auzolana