"Norusta", Erlea Manerosen erakusketa

Donostia-San Sebastián 2020(e)ko urriaren 31(e)tik 2021(e)ko urtarrilaren 10(e)ra
  • "Norusta", Erlea Manerosen erakusketa

 
San Telmo Museoak Norusta erakusketa aurkezten du, 2020ko urriaren 31tik 2021eko urtarrilaren 10era bitarte ikusgai izango dena, Museo Bikoitza programaren barruan.

Museo Bikoitza, Asier Mendizabal artistaren proposamena, 2018an jarri zen abian. San Telmon egiten diren esku- hartze programa bat da, urteko aldizkakotasunarekin eta gonbidatutako artista baten eskutik. Bildumaren eta kontakizun museografikoaren hainbat berrirakurketa ahalbidetzea da helburua.

Lan horren emaitza urtebetez egongo da erakusketa-programaren barruan, eta azkenik museoaren arte-bildumari gehituko zaio, egungo une bakoitza San Telmoko bildumaren ondarera eta kontakizunera gehitzeko premia adieraziz, premia hori ordeztu gabe, betiere.

Erlea Maneros Zabala da edizio honetan parte hartu duen artista, Ibon Aranberriren ondoren. Artista honen kasuan Norusta izango da egindako lanaren emaitza aurkezteko lehen atala, urtarriletik aurrera  museoko erakusketa iraunkorrean jarraipena izango duena, bigarren atal batean.

Norusta

Erakusketa honen bitartez, Erlea Maneros Zabala (Bilbo, 1977) artistak ondoan jartze bat proposatzen du, bere paisaia biografikoaren eta museoko testuinguruaren artean; horrela, espazio-denbora harreman deszentratu bat markatzen du, proiektuak hartzen duen prestakuntza-epean zehar egin duen ibilbide pertsonaletik beretik sortuta.

Pandemiak eragin dituen eta lan prozesuari gaineratu zaizkion baldintza ezohikoek bultzatuta, artistak zabaldu egin du gonbidapen honetan ezarritako esparrua, zenbait teknika are biziago erabiliz. Bide horretatik, museoko artxiboen inguruan hasitako ariketa lerratzen joan da, errealaren esparrura, momentuak berak sorrarazitako egoera mental eta fisikoari erantzunez
Eta emaitza oszilazio dialektiko batean mugitzen da, bi objekturen eta horiek San Telmo Museoarekin duten harremanaren artean. Alde batetik, museoaren bildumako objektu bat dugu, erakusketan esangura berri bat hartzen duena; bestetik, museotik kanpo aurkitutako objektu bat, artistak dohaintza baten bitartez bilduman sartu duena.

—————

Lehen objektua Pedro Pérez de Castro (1823-1902) artistaren litografia bat da, museoaren funtsetatik aterea. Paisaia erromantiko eta ezaugarri plastiko nabarmenik gabeko horretan, euskal kostaldea ikusten dugu, lehorretik, Bizkaiko Lekeitioko Antzoritz lurmuturretik. Bi kilometroko itsaslabarra hartzen du Otoio mendiaren ipar isurialdean, itsasoarekiko mugan. Erlea Maneros Zabalak bisitatu eta haztatu egin du litografian goretsitako paisaia, itsasotik igoz, meteorologiak eta olatuek baldintzatutako hurbilketa zorrotz baten bitartez, halako moduan ezen nabigazio aldakorrak ezinbestean determinatu duen haren begirada fotografikoa. Eta atera den serieak litografia osatzen duen kostalde tarte bera dokumentatzen du, itsasoaren azal gaineko zenbait posiziotatik. Argazkiekin batera marrazki bat dago, bitakora-orri batez eta mapa batez osatu bat, horietan erregistratu baitira artistak egindako sartu-irtenen datak. Mapak kostaldeko lerroa deskribatzen du, itsaslabarreko guneak izendatzeko bertakoek erabiltzen zituzten eta dituzten toponimoekin batera. Guztira hamar izen identifika daitezke trazatutako lerro horren barnean.

Bigarren objektua orkatz (Capreolus capreolus) adar baten muturra da, artistaren familia-legatukoa. Jatorrizko erabileraren arrastoak galduak zeuzkan tresna bat da, eta istorioak, hipotesiak eta interpretazioak eman ditu, galtzeko bidean den oroitzapenaren ondorioz. Ikerkuntza-prozesuak erakutsi zuen antzina arrantzaleek erabiltzen zutela, arrain pozoitsuen ziztadak eta hozkadak neutralizatzearren. Proiektuaren parte gisa, Erlea Maneros Zabalak museoari eman dio pieza hori, eta bilduman sartu zeneko protokoloan egindako argazkia erakusten du.

Bideo proiektatu bat da irudi horren osagarria. Horretan, adar beraren zenbait erretratu ikusten ditugu segidan, Lekeitioko herri hizkerako hitz berezi batzuk gainjarrita dituztela. Hitz aukeratuak sonoritate zehatz eta laburtuagatik nabarmentzen dira. Erlea Maneros Zabalak eskuzko idazkeraren izaera formala nabarmenarazten du, letren eskala naturala areagotuz eta desitxuratuz, letren izaera grafikoa esapide horien erretratu bihurturik, tributu gisa. Era berean, erakusketaren titulua, Norusta, hizkera horretakoa da, eta itsasotik euria ekarri ohi duen ipar-mendebaldeko isurialde beretik datorren haizearen izena da.

—————

Museo barruan elkarren ondoko bi aretoz osatutako espazio autonomoak parentesi moduan funtzionatzen du, bildumako narratibaren beraren paraleloan den esparru kontzeptualtzat. Erakusketaren diseinurako, Erlea Maneros Zabalak bere egin ditu San Telmo Museoak aldi baterako hormak eraikitzeko erabili ohi dituen egitura modularrak. Egitura biluziek lehenagoko erakusketetatik datozen geruzak erakusten dituzte, eta ohikoez besteko artikulazio aldakorrez zabaldu dira. Horrela orografia bat sortzen dute, irudientzako dispositibo gisa, obra sortuaren eta horrek erakusketa-espazioarekin duen harremanaren artean ageri den tentsioari heldu beharretik abiatuta.

Proposamen honetan ikusten den espaziozkoaren, etnografikoaren eta artistikoaren arteko gurutzatzeak azpimarratu egiten du Museo Bikoitza programak planteatzen duen berrikuspena, hain zuzen San Telmo Museoaren bildumaren berezitasun bikoitza, gizarte museo eta arte bilduma gisakoa alegia, harturik abiapuntu. Hemen, erakusketak aldi baterako taularatze baten forma hartzen du, eta sekuentziak garatzea eta antolatzea ahalbidetzen. Bigarren atal batean, sekuentziak museoaren ibilbidean txertatuko dira, bilduma iraunkorreko ordena jarraituari gainjarririk nolabait, lanaren emaitzarekin horrela urteko zikloa osatuz.

Erlea Maneros Zabala

Erlea Maneros Zabalaren lanak irudien sorkuntzaren baldintzak eta ondorioak aztertzen ditu, haiek sortutako testuinguruak eta zabaltzeko erak landuz. Bere lanak planteatzen dituen gaiak aurki daitezke, batetik, abstrakzio lengoaien akademizazioan; bestetik, autoretzaren nozioan, eta baita ere, artisautzaren eta masa produkzioaren (prozesuan baliabide mekanikoak erabiltzen dituena) arteko harremanean.

Erlea Maneros Zabalak Glasgow-eko Arte Eskolan eta Kaliforniako Arte Institutuan ikasi zuen, eta Joshua Treen egiten du lan, Kalifornian. Bere lana erakunde ugaritan erakutsi du, besteak beste,  Museo Nacional Centro de Arte Reina Sofían (Madril), Museo Experimental El Eco-n (Mexiko hirian), REDCATen (Los Ángeles), Guggenheim-en (Bilbo), CAPC Musée d'Art Contemporain-en (Bordele) eta Bombas Gens Centre d'Art-en (Valentzia).

Horrez gain, San Telmo Museoarekin ere izan du lotura; izan ere, 2014an ikusgai egon zen SuturakEuskal Herriko artista garaikideen erakusketa kolektiboan parte hartu zuen eta bertan izan zen Gure Artea 2018 saria jasotzen.


Laburrean

Non

Euskadi, auzolana