(ATZERATUA) Zinemaz Blai 2020 - Film laburren zikloa

Bilbao 2020(e)ko azaroaren 5(e)tik 2020(e)ko abenduaren 10(e)ra
  • (ATZERATUA) Zinemaz Blai 2020 - Film laburren zikloa

Zinemaz Blai 2020 Film laburren Zikloa atzeratu da (2020-10-28)

--

Euskal Museoak, seigarren urtez jarraian, film laburren ziklo bat antolatu du: Zinemaz Blai. Hasiera batean, maiatzean egin behar zen, baina COVID-19aren pandemiaren eraginez, bertan behera geratu zen. Orain, Bizkaiko erakundeak berriro heldu dio film laburren zikloari, betiere, gaur egun indarrean diren osasun-neurri guztiak betez eta «kultura segurua» dela baieztatuz.

Alberto López Echevarrieta kazetariak gidatuko du jarduera, zeina euskal zinemaren erreferente bihurtu baita jadanik. Oraingo honetan, Bizkaiko erakundeak «Euskal musikaren oinarriak» izeneko zikloa aurkeztuko du: euskal zinemako 5 saioren bidez, musikaren historiaren mugarriak erakutsi nahi ditu.

Zinemaz Blai zikloa egun hauetan egingo da: azaroaren 5, 12, 19 eta 26an eta abenduaren 10ean, 19:00etan. Sarrera doakoa izango da, edukiera mugatuta egongo da, eta gonbidapenak Euskal Museoaren webgunean eskuratu ahal izango dira urriaren 19tik (astelehena) aurrera.

Edizio honi hasiera emateko, «Zirzira Ahots Taldea» dokumentala erakutsiko da (Ius Pérez, 2020). Gainera, saio horretan bertan, solasaldi zabal bat egingo da Bizkaiko abesbatzen etorkizunaren inguruan; mahai-inguruan parte hartuko dute abesbatza horien ordezkarietako batzuek. Hurrengo egunetan, berriz, honako film hauek erakutsiko dira: «Au pays des basques», «Euskal Herri Musika», «Diez melodías vascas» eta «Ikuska 13: Euskal Melodia Berria»; Mikel Laboa izango da protagonistetako bat.

Aurreko urteetan bezala, film bakoitzaren ostean solasaldi bat egongo da. Aurten, «Euskal musikaren oinarriak» izeneko zikloan parte hartuko dute pertsona hauek: Bizkaiko Abesbatzen Astearen zuzendari Pilar Jaúreguik, Zirzira Ahots Taldeko zuzendari Ius Pérezek, Bilboko Abesbatzen Elkarteko zuzendari Enrique Azurzak, Euskal Museoko teknikari Amaia Mujikak, Euskadiko Filmategiko zuzendariorde Ion Lópezek, Jesus Guridi artistaren alaba Julia Guridik, Bilboko Abesbatzen Elkarteko zuzendari ohi Cecilio Gerrikabeitiak eta euskal kantagintza berria aztertu duen Joxe Mari Iriondok; Alberto López Echevarrieta kazetaria izango da gidaria.

Zinemaz Blai zikloari esker, hainbat aktore eta zuzendariren lana bertatik bertara ezagutzeko aukera izango da, hala nola Fernando Larruquert eta Victor Zubizarretarena. Gainera, euskal zinema soinudunaren estreinaldia ikusteko aukera izango dugu: Gernikako Arbola jo zuen Bilboko Schola Cantorum taldeak, foru zuhaitzean.

Hona hemen «Euskal musikaren oinarriak» zikloaren programazioa:

  • Azaroak 5, osteguna:

SOLASALDIA: BIZKAIKO ABESBATZEN ETORKIZUNA

Bizkaiko abesbatza tradizionalek errepertorio klasikoa jorratzen dute –joera horren erakusgarri da Bizkaiko Abesbatzen Astea, aurten 47. edizioa bete duena–; badira, ordea, korronte berriak ere, grinaz kantatzen dituztenak hala «Festara» nola Ken Zazpiren kantuak. Nolanahi ere, abesbatzen muinean bada beste arazo bat: jarraikortasuna. Abesbatzetan gero eta ahots gutxiago dago, eta, hala segituz gero, laster desagertuko dira. Bada konponbiderik? Gai horixe jorratuko dute zikloko lehen solasaldian.

Parte-hartzaileak: Pilar Jáuregui, Bizkaiko Abesbatzen Astearen zuzendaria, Ius Pérez, Zirzira Ahots Taldearen zuzendaria, eta Enrique Azurza, Bilboko Abesbatzen Elkarteko zuzendaria eta Abesbatzen Federazioko presidentea.

Proiekzioa: «ZIRZIRA AHOTS TALDEA» dokumentala (Ius Pérez, 2020).

  • Azaroak 12, osteguna:

IPARRAGIRRE, AHOTS BAT GERNIKARENTZAT

Orain dela bi mende jaio zen, Urretxun, Jose Maria Iparragirre; haren ahotsean eman zen ezagutzera «Gernikako Arbola» izeneko euskal ereserkia. Zenbait aditu eztabaidan dabiltza, erabaki nahian kantuaren egilea nor izan ote zen: Iparragirre bera edo Durangoko organo-jotzaile Juan Jose Altuna. Egia esan, Madrilen aditu zen estreinakoz ereserki hura, San Luis kafetegian; euskaldun asko joaten ziren hara.

Iparragirre omendu zuten euskal zinema soinudunaren estreinaldian, Au Pays des Basques (1930) filmean: Bilboko Schola Cantorum taldeak «Gernikako Arbola» abestu zuen foru zuhaitzaren aurrean. Víctor Zubizarretak zuzendu zuen kantaldi hura, taldearen sortzailea eta konpositore ahaztezina baitzen.

Parte-hartzaileak: Amaia Mujika, Euskal Museoko etnografia-gaietako aditua, eta Ion López, Euskadiko Filmategiko zuzendariordea.

Proiekzioa: AU PAYS DES BASQUES / EUSKALDUNEN HERRIALDEAN (Jean Faugére eta Maurice Champreux, 1930) 42 min

  • Azaroak 19, osteguna:

HERRI BATEN MUSIKA

Musikak euskal bizitzako egunerokotasunean duen garrantziaren analisia, Euskal Herri Musika film enblematikoaren bidez; Fernando Larruquertek egin zuen filma, 1979an, eta arrantzale, artzain eta nekazarien bizitza eta melodiak erakusten ditu, baita, jakina, haitzuloetako biztanleek igortzen zituzten marru primitiboak ere.

Parte-hartzaileak: Alberto López de Echevarrietak azalduko ditu, xehetasun handiz, dokumental honi buruzko alderdi garrantzitsuenak.

Proiekzioa: EUSKAL HERRI MUSIKA dokumentala (Fernando Larruquert, 1979) 68 min

  • Azaroak 26, osteguna:

GURIDIREN MAGIA

1920ko maiatzaren 22an, Amaya izeneko obra estreinatuko zen Bilbon, Albia Koliseoan: obra hori dugu euskal opera nagusietako bat. Jesus Guridik sortu zuen; hamar urtez aritu zen horretan. Sekulako arrakasta bildu zuen. Mendeurrenarekin bat eginez, Euskal Museoak konpositorea omenduko du, dokumental hau erakutsiz: DIEZ MELODÍAS VASCAS (Pedro Olea, 1971) 27 min

Bilborekin estu lotutako konpositorea zen Guridi, eta, hari buruz hitz egiteko, hiru lagun izango ditugu solaskide: Julia Guridi, maisuaren alaba; Cecilio Gerrikabeitia, Bilboko Abesbatzen Elkartearen zuzendari ohia, eta Pedro Olea, filmaren zuzendaria.

Parte-hartzaileak: Julia Guridi, Jesus Guridiren alaba, eta Cecilio Gerrikabeitia, Bilboko Abesbatzen Elkartearen zuzendari ohia.

Proiekzioa: DIEZ MELODÍAS VASCAS (Pedro Olea, 1971) 27 min

  • Abenduak 10, osteguna:

EUSKAL KANTAGINTZA BERRI BATEN HASTAPENAK

Saio honetan, euskal kantagintza berriaren hastapenetara bidaiatuko dugu. Horretarako, kantagintza-molde horren adibide bat erakutsiko da, Ikuska 13 piezaren bidez. Filmean agertzen dira Amaia Zubiria, Natxo de Felipe, Imanol, Ruper Ordorika, Txomin Artola, Zarama taldea eta Mikel Laboa.

Parte-hartzaileak: Joxe Mari Iriondo, aditua bertsolaritzan, trikitian eta euskal kantagintzan. Euskaltzaindiko ohorezko kidea, Euskal Kazetaritzaren saria jaso zuen 2018an, EITBko zuzendaria izan zen eta Ez dok amairu taldearen sorrera bultzatu zuen.

Proiekzioa: IKUSKA 13: EUSKAL KANTAGINTZA BERRIA dokumentala (Imanol Uribe, 1982) 11 min.

bilbao.eus

Laburrean

  • Mota Jaialdia
  • Data 2020(e)ko azaroaren 5(e)tik 2020(e)ko abenduaren 10(e)ra
  • Lekua Euskal Museoa
    Unamuno Plaza, 4
    Bilbao
  • Web Euskal Museoa

Non

Euskadi, auzolana