"Maketa" + "Panpina"

Vitoria-Gasteiz 2020(e)ko Azaroak 20
  • "Maketa" + "Panpina"

Zurrunbilo 2020 jaialdiaren barruan. 

Maketa

“Millennial-ok zer daukagu esateko?”

“Mikroskopio batekin aztertzen naute,

ni naiz ikertzaileen xedea.

Ni naiz objektua.”

Bat batean, Motxiladunak eta Kaskodunak foku guztia bereganatzen dute, ustez inork ikusten ez dituen momentu horretan.

Taldea osatzen dugunon belaunaldiaren ezaugarriak eta haien artean sortzen diren kontraesanak eszenikoki ikertu nahi izatetik sortu da MAKETA. Belaunaldi bakoitzak bere bereizgarriak ditu eta gureari paradigma aldaketa bortitza tokatu zaiolakoan, gure buruak ezin kokatu, millennial izate horretan noraezean gabiltza. Bizi kalitate, hezkuntza eta baldintza onenak izan ditugunok gure bizitza gobernatu ezean gabiltzalako irudia ematen dugu.

Hala da, edo kanpoko begirada baten epaia da gure hautuak ulertzen ez dituena? Sorkuntza prozesu hau abian jartzeko orduan honako hau izan da planteatu dugun galdera: zer daukagu esateko? Bestetik, euskal kulturarekiko daukagun erantzukizuna praktikara eraman nahi eta gure alea nola jarriko dugun ikertzeko motibaziotik jaio da MAKETA. Praktika mahai gainera ekartzen hasita, gehiegizko estimuluek eraginda noraezean edo paralisian bizi garenok egiten eta ekiten hasi nahi dugu, oinarritik eraikitzen. Horregatik, hartu ditugu estrategikoak diren erabakiak: batetik, parekidetasuna eta sexu, genero, jatorri… aniztasuna errespetatu eta bermatzeko desioarekin abiatzen da MAKETA, irudi garbiketatik at, proiektuaren oinarrian ikuspuntu feminista txertatuz, bai antzezlanean bai prozesuan zehar-lerro bihurtuko dena; bestetik, gazte euskaldun sortzaileen arteko saretzea gauzatu nahi dugu; sinisten dugulako ikuspuntu eta praktika ezberdinen arteko harremanetatik haziko direla berritzaileak eta berezkoak izango diren komunikatzeko era berriak.

–Antzerki esperimentala/performancea/dramaturgia berriak, euskaraz.

Panpina

Noiz bilakatzen da norbera panpin eguneroko bizitzan?

Erika Rooibos aktore ospetsua da.

Gaur bere publiko guztia gonbidatu du antzoki honetara: iritsi da mundu guztiaren aurrean egia esateko momentua.

Gaur, lehen aldiz, Erika Rooibos-ek maitasuna egingo du bere itzalarekin.

Antzezlan honetan gai sakonak topatuko ditu ikusleak, umorea eta performance kutsuko aktore lan fisikoaz lagunduta: noiz bilakatzen da norbera panpin eguneroko bizitzan? Zer pasatzen da panpin baten burutik? Noiz behar dugu begiratu gaitzaten, eta zergatik? Emakume oro da panpina? Besteen begiradak egiten gaitu panpin? Edozein pertsonak du maitatua izateko beharra. Baina zertarako gaude prest hori lortzearren? Beldurrak, ingurukoen iritziarekiko dependentzia… Besteen begiradaren aurrean panpina izatea menpekotasun keinu bat da, ala askatasun adierazpen gorena?

Erika Olaizola aktorearen bulkadaz sorturiko antzezlana da Panpina. Oier Guillan idazlearen kanpo begirada eta Leire Arenas artistaren zentzu espaziala baliatuz, hiruak elkartu eta sortze prozesua abiatu zuten. Bide horretan Kulturaz kooperatibak emandako laguntza izan zuten ezinbesteko bultzada.

Panpina oholtza gainean Erika Rooibos aktorearen argilunak erakutsiko dituen lana da, baina era berean, edozein pertsonak izan dezakeen onarpen beharraren ertzak modu intimo bezain probokatzailean agerian jarriko dituena.

Biografiak

Erika Olaizola Eizmendi (1989 Azpeitia)

Kamikaz Kolektiboaren sortzaileetako bat da.

Bere bi antzezlan berezienetakoak, Artedrama, Le Petit Théâtre de Pain eta Dejabu Panpin Laborategia taldearen Francoren bilobari gutuna eta Xake produkzioaren Lur.

Zinea ere egin du. Los tontos y los estupidos Roberto Caston zuzendariarekin eta Oreina Koldo Almandozekin. Telebistan Goenkale seriean ere aritu da. Oraintxe, grabatu berri den Kartzela webseriean aktore lanak egin ditu.


Laburrean

  • Mota Antzerkia
  • Konpainia
  • Data 2020(e)ko Azaroak 20
  • Ordutegia18:30
  • Lekua Baratza Aretoa
    Plazuela Aldabe, 4 - Bajo
    Vitoria-Gasteiz
  • Zenbatekoa7 €
  • Sarrerak Erosi
  • HizkuntzaEuskara
  • Web Baratza Aretoa

Non

Euskadi, auzolana