(online) Lekeitioko Euskal Zine Bilera 2020

Lekeitio 2020(e)ko azaroaren 21(e)tik 2020(e)ko azaroaren 29(e)ra
  • (online) Lekeitioko Euskal Zine Bilera 2020

Edizio honetako eduki guztiak zinebilera.eus orrialdean ikusi ahalko dituzue azaroaren 21etik 29ra bitartean.

43. edizio honetan, online izaera hartuko du jaialdiak, pantaila guztietara helduz eta publiko zabalago batera hurbiltzeko. Inoiz baino errazagoa izango da Euskal Herrian eta euskaraz egiten den Lekeitioko jaialdiaz gozatzea.

Egun bizi dugun ezohiko egoera honek gure bizitzako arlo guztietan eragiten du. Errealitate berri hau erronkatzat hartuta, bide berriak irekitzeko aukera mahai gaineratu da, jaialdiaren espazioak jendez betetako zinematik atera eta edonork eta edonondik ikusi ahalko den jaialdia proposatuz. Eboluzio hau 2016an sortutako plan estrategiko berritzailearen hurrengo pausoa da, Lekeition sortutako jaialdiaren zabalkundea lortzeko ekimena, oinarriak ahaztu gabe eboluzio logiko bat biltzen duena. 

Pantailak nonahi daude, etxean, lanean, kalean eta baita gure poltsikoan. Ikus-entzunezkoak eskura izan nahi ditugu eta horren jakitun Euskal Zine Bilerak zinematik pantaila guztietara egiten du salto.

Norabide berri honetan, Euskal Zine Bilera hiru ataletan bananduko da: Euskarazko zinema SORTUz, Euskararen zinema PARTEKATUz eta Euskal Zinemagintzarekin SARETUz.

SORTU atalean zinearen esperimentazio eta alfabetizazioarekin lotutako ekimena aurkituko ditugu. Alde batetik, Euskaltzaleen Topagunearekin elkarlanean egiten den Kameratoia izango dugu. Gazteentzako euskarazko ikus-entzunezko rally honetan izena ematen duten taldeek, ordu gutxi batzuk besterik ez dituzte izango film labur bat egiteko. Bestetik, Benito Ansola saria izango dugu. Aurreko urtean saria eraman zuen Oier Fuentesek bere filmaren produkzioa nolakoa izaten ari den azalduko digu, egungo osasun egoerak sortu dituen zailtasunak zehaztuko dituen working progress batekin. Zoom atalean, Hazparneko Zinegin festibalarekin elkanaren bidez sortutako egitasmoa aurkeztuko da.

PARTEKATU atalean zinemaren arlo ezberdinak elkarbanatzeko xedea duten espazioak azaltzen dira. Alde batetik, aurre aukeratuak izan diren 19 lanek osatuko duten Lehiaketa izango dugu. Film horiek zeintzuk diren jakin nahi? Hauen inguruko informazio guztia zinebilera.eus orrialdean aurkituko duzue. era berean, Irabazleak aukeratzearen arduradunak Aitor Oñederra, Erika Olaizola eta Mikel Rueda izango dira. Beste aldetik, Euskal zinemagintzaren figura eta ekimenak omentzeko asmoz sortutako Euskal Zinemaren Begirada izango dugu. Nork eramango du? Hori ezagutzeko oraindik aste batzuk itxaron beharko ditugu.

SARETU atalean euskal ikus-entzunezkoen sortzaile eta erakundeekin jarriko gara harremanetan. (H)emen elkartearekin batera, euskal zinemagintzaren egoera eta ezinegonak partekatzeko solasaldia antolatuko da. Era berean, Pantaila Zuria espazioa estreinatuko dugu, ikus-entzunezko beste jaialdi eta egitasmoei leiho bat irekiz, aurten Zinegoak izango da gonbidatua. Azkenik, iraganetik datozen irudi eta soinuak biltzea xede duen Atzo8 izango dugu, Euskadiko Filmategiarekin elkarlanean.

Elkarlanetik kultura sendotzen

Edizio berritzaile honetan, xede nagusia Euskal Zine Bileraren zabalkundea izango da. Jaialdia online formatura mugitzean aukera berriak sortu dira eta horien bidez euskal zinemagintza osatzen duten zale eta profesionaletara heltzeko bideak areagotu. Publiko zabal batera heltzeko xedean laguntzeko, EITBren elkarlan berezia izango dugu aurten. Garrantzitsua deritzogu euskal ikus entzunezkoak, honen sorkuntza eta bere sektorea batzen dituen egitasmoarekin batera egotea, euskal ikus-entzunezkoen alorrean dagoen erakunde nagusiarekin.

Era berean, bizi ditugun garai zail hauetan elkarlanetik indartzeko apustua egin nahi du Euskal Zine Bilerak. Zinegin eta Zinegoak jaialdiak, Hemen elkartea, Elias Querejeta Zine Eskola, Zine-Lab zinema laborategia , Euskadiko Filmategia eta beste hainbat eragileren elkarlanari esker euskal kultura indartzea ahalbidetuko da. Eragile guztien arteko kolaborazioarekin elkar zaindu eta elikatzeko aukera sortzen da, jaialdiaren eta beste eragileen arteko zubiak sendotuz.

Euskal ikus-entzunezkoak nonahi

Euskal zinemaren hitzorduan hemen da eta aurten pantaila guztietan izango duzue ikusgai! Ordenagailua, tableta edo mugikor bat besterik ez duzue behar eta noski, estaldura ona izatea! 43. Euskal Zine Bileraren inguruan gehiago jakin nahi? Adi egon zinebilera.eus webgunera!


Laburrean

Non

Euskadi, auzolana