Cortada 2020 - Gasteizko Film Laburren Jaialdia

Vitoria-Gasteiz 2020(e)ko abenduaren 16(e)tik 2020(e)ko abenduaren 19(e)ra
  • Cortada 2020 - Gasteizko Film Laburren Jaialdia

2020ko abenduaren 16tik 19ra izango da aurtengo edizioa. 

 

"CORTADA 2020": OINARRIAK

1. CORTADA. VITORIA-GASTEIZKO FILM LABURREN XXIV. JAIALDIA Euskal Autonomia Erkidegoaren hiriburuan egingo da, 2020ko abenduaren 16tik 19ra bitartean. Aintzat hartuta 2020ko lehenengo seihilekoan izandako osasun alertaren egoera, jaialdia egokitu egingo da agintari politiko eta sanitarioek zehaztutako jarraibideetara, eta aurrez aurre egiten jarraituko da, betiere egoerak horretarako aukera ematen badu, eta ospakizunaren unean egokiak diren edukiera eta higiene gomendioei jarraikiz. Osasun alertaren edo salbuespenezko egoeraren berragertzea gertatuz gero, antolatzaileek eskubidea izango dute jaialdia modu mistoan antolatzeko: aurrez aurre eta online, edo online soilik euren webgunearen bidez (www.festivalcortada.com) edo egokitzat jotzen dituzten baliabideen bidez. Jaialdiak online baino izango ez den atal bat du: HEMENGOAK.

2. CORTADAn parte hartu ahal izango dute Espainian jaio edo bizi diren film laburren egileek. Espainiarrek NANa aurkeztu beharko dute nahitaez, eta bizileku-baimena edo horren ziurtagiria espainiar nazionalitatea lortu ez duten biztanleek.

3. 2019an eta 2020an ekoitzitako filmak aurkeztu ahal izango dira, gehienez 30 minutukoak.

4. Lehiaketan parte hartu ahal izateko, film laburrek ICAAren kalifikazioa izan beharko dute, edo kalifikazioa eskatzeko prozesuan egon beharko dute. Ezinbestekoa izango da baldintza hori justifikatzea, edo kalifikazio hori eskatu izanaren egiaztagiria aurkeztea, HEMENGOAK atalerako izan ezik. Atal horretan Euskal Autonomia Erkidegoko film labur kalifikatuek edo kalifikatu gabeek parte har dezakete.

5. CORTADA lehiaketak ATAL OFIZIALA du. Atal horretan sartuko dira hautaketa batzordeak hautatutako FIKZIOA, DOKUMENTALA eta ANIMAZIOA kategorietako film laburrak. GUREAK atalean euskal film laburrak aukeratuko dira, eta horiek ere ATAL OFIZIALEAN sartuko dira.

6. GUREAK atalean parte hartzeko, film laburren egileek egiaztatu egin beharko dute Euskal Autonomia Erkidegoan (Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa) jaiotakoak direla edo bertan bizi direla. Halaber, atal honetan EAEko enpresek ekoitzitako film laburrak ere onartuko dira, nahiz eta zuzendariak ez izan autonomia erkidego horretakoak. Kasu horretan, enpresak edo ekoizleek egiaztatu egin beharko dute EAEra atxikita daudela, egiaztagiriren baten bidez.

7. Halaber, film laburrak Araban estreinatzea ezinbestekoa da, eta ez dira onartuko probintzia horretako beste jaialdiren batean proiektatu diren edo Arabako Lurralde Historikoan saio publikoan estreinatu diren film laburrak.

8. Salbuespen gisa, CORTADAREN XXIV. edizioak ez ditu izango UNILABUR eta EHULABUR sail ez-ofizialak. Horiek, ziurrenik, 2021eko edizioan berreskuratuko dira.

9. Salbuespen gisa, Arabako film laburrak sustatzeko HEMENGOAK atalak eutsi egingo dio izenari, baina aldatu egingo du aplikazio eremua; izan ere, atal horretan EAEko hiru probintzietako lanek hartu ahal izango dute parte. Atal horretan sartuko dira GUREAK atalean hautatu ez diren euskal film laburrak eta sari independentea eskuratu ahalko dute. Atal hori online izango da eta antolatzaileek lanak zein egunetan proiektatuko diren jakinaraziko dute. HEMENGOAK atalean parte hartzeko, film laburrek ez dute izan beharko ICAAren kalifikazioa.

10. Salbuespen gisa, edizio honetan kendu egingo da IKUSLEEN SARIA, boto paperak, boligrafoak, hautetsontziak eta beste elementu arazotsu batzuk erabiltzeak sor ditzakeen arazoak direla eta, aintzat hartuta 2020ko lehenengo seihilekoan izandako osasun alertaren egoera.

11. Salbuespen gisa, edizio honetan kendu egingo da EUSKAL FILM LABURRIK ONENAREN SARIA, eta, ziurrenik, 2021eko edizioan berreskuratuko da.

12. Hautaketa batzorde batek aukeratuko ditu ATAL OFIZIALEKO filmak, jasotako lan guztiak ikusi ostean, eta haren erabakia apelaezina izango da. Sariak EPAIMAHAI OFIZIAL batek emango ditu; bertako kideak zinemarekin eta, oro har, kulturarekin lotura duten pertsonak izango dira, eta gutxienez kide bat UPV/EHUkoa izango da. Epaimahai hori arduratuko da jaialdiko Atal Ofizialeko sari guztiak emateaz. Epaimahaiaren erabakia apelaezina izango da.

13. GOYA® SARIETARAKO aurrehautaketa. Espainiako Arte eta Zientzia Zinematografikoen Akademiak CORTADA aukeratu du Goya Sarietako Fikziozko Film Laburrik Onenaren eta Dokumental Laburrik Onenaren kategorietako hautagaiak aurrez hautatzeko. Horrenbestez, jaialdiko FILM LABURRIK ONENAREN SARIA irabazten dutenak (izan fikziozkoa edo dokumentala) eta CORTADAKO FIKZIOZKO FILM LABURRIK ONENAREN SARIA eta DOKUMENTAL LABURRIK ONENAREN SARIA irabazten dutenak Goya® Sarietarako aurrez hautatuak izan daitezke, betiere Akademiaren oinarrietan eskatzen diren baldintzak betetzen badituzte. ANIMAZIOZKO film laburren kasuan, Akademiak ez du exijitzen bere sarietara aurkezteko sari edo hautaketarik, FIKZIOZKO FILM LABURREN eta DOKUMENTAL LABURREN kasuan ez bezala.

14. FORQUÉ SARIETARAKO aurrehautaketa. EGEDA erakundeak CORTADA aukeratu du Forqué Sarietako Zinema Film Labur Onenaren kategoriako hautagaiak aurrez hautatzeko. Horrenbestez, CORTADA lehiaketako FILM LABURRIK ONENAREN SARIA irabazten duena (izan FIKZIOZKOA edo DOKUMENTALA) JOSÉ MARÍA FORQUÉ ZINEMA SARIAN lehiatzeko aurrez hautatua izan daiteke, betiere lehiaketaren oinarrietan eskatzen diren baldintzak betetzen baditu.

15. CORTADAn aukeratutako filmak lehiaketaren webgunean eta PDF formatuan deskargatzeko moduko katalogo batean agertuko dira (katalogo hori xede horrekin egingo da berariaz, eta webgunean bertan egongo da eskuragarri). Filmak saio publikoetan jarriko dira ikusgai, lehiaketaren egunetan, baldin eta agintari sanitario eta politikoek horretarako baimena ematen badute. Proiekzioa ahalik eta kalitate handienekoa izango da; horretarako, hautatuek emandako DCPak edo HDko artxibo digitalak erabiliko dira. Artxiboen gutxieneko bereizmena 1920 x 1080 - 1080 p. izango da. Jaialdiak bere gain hartuko du ekoizleek entregatutako materialen ardura horiek galtzen edo hondatzen direnean, aseguru baten bidez. Film laburren kopia fisikoak jasoz gero, jaialdiak bere gain hartuko ditu kopia hori itzultzearen gastuak. Proiekzio guztiak VITAL FUNDAZIOA KULTURUNEA ARETOAN izango dira (Posta 13-15, 01005 Vitoria-Gasteiz). Aurrez aurreko proiekzioak egitea ezinezkoa bada, antolatzaileek aukera izango dute film laburrak online emateko. Jaialdiaren egunak gerturatzen diren eta hautaketa argitaratzen den heinean, egileek eta ekoizleek lehiaketarekin lotuta sortzen diren egoera guztien berri izango dute.

16. CORTADAko sail guztiek hartzen dute parte lehiaketan. Hautatutako film labur guztiek izango dute oinarri hauetan zehaztutako sariak jasotzeko aukera, eta guzti-guztiak proiektatuko dira jaialdiaren webgunean zehaztuko diren saio publiko edo birtualetan, antolatzaileek erabakitzen duten egunetan.

17. CORTADAk gonbidapena egingo die ekoizleek eta egileek egokitzat jotzen dituzten ordezkariei beren lanak birtualki aurkezteko, betiere kontuan hartuta 2020ko lehen seihilekoan igaro dugun larrialdi egoera eta lehiaketa egiteko unean indarrean egongo diren baldintzak. Amaierako ekitaldia eta sari banaketa ere lehiaketaren modalitatearen araberakoak izango dira (aurrez aurre edo online).

18. Gertaerek aurrera egiten duten heinean, hautatutako film laburren egileei jaialdiarekin lotutako berritasun guztiak jakinaraziko zaizkie, betiere osasun egoera orokorrera egokituta.

19. Sariak. Honako sari ofizial hauek emango dira lehiaketan:

CORTADA film laburrik onena 2.000 euro + garaikurra
Gureak saria. Euskal film laburrik onena 1.000 euro + garaikurra
Dokumental onena 500 euro + garaikurra
Animazio onena 500 euro + garaikurra
Hemengoak film laburrik onena 300 euro + garaikurra

IZEN EMATEA

Izen ematea doakoa da eta honela egin daiteke:
FESTHOME ikuskatze plataformaren bidez. Beharrezkoa da parte hartzaileek datu hauek ematea plataformari: ICAAren kalifikazioa edo kalifikazioa eskatu izanaren ziurtagiria (HEMENGOAK sailerako izan ezik), zer sailetara aurkezten den (FIKZIOA, DOKUMENTALA, ANIMAZIOA, GUREAK, HEMENGOAK), nazionalitatea edo bizilekua ziurtatzeko agiriak, film laburraren oinarrizko fitxa (hauek zehaztuta: izenburua, zuzendaria, iraupena), harremanetarako helbide elektronikoa eta argazkia. Eskatutako dokumentazioan zerbait falta bada, film laburra hautaketa prozesutik kanpo gera daiteke.
Izena emateko azken eguna 2020ko irailaren 14a da (astelehena). Ez da onartuko epez kanpo bidalitako film laburrik. Azaroko lehen hamabostaldian emango zaie hautaketaren berri parte hartzaile guztiei, haien film laburra hautatua izan ala ez. Hautaketa hori lehiaketaren webgunean eta sare sozialetan argitaratuko da jaialdiaren aurreko astean. Palmaresa, berriz, hautatutako film laburren egile guztiei jakinaraziko zaie.


Laburrean

  • Mota Jaialdia
  • Data 2020(e)ko abenduaren 16(e)tik 2020(e)ko abenduaren 19(e)ra
  • LekuaVitoria-Gasteiz

Non

Euskadi, auzolana