"Zura eta ura"

Bilbao 2020(e)ko abenduaren 18(e)tik 2021(e)ko irailaren 26(e)ra
  • "Zura eta ura"

ZURA ETA URA, proiektu fotografiko-literarioa da, eta gure arrantza-portuek eraikuntzan zura material sintetikoekin ordezkatzearen ondorioz izan duten nortasun-galerari buruz hausnartzera gonbidatzen gaitu. Proiektu honek, gainera, Bizkaiko Erriberako azken arotzak ere omendu nahi ditu. Ontzien eraikuntzan, zuraren ordez beste material batzuk erabiltzearen ondorio nagusiak bi dira: kolorea eta nortasuna galtzea, eta ibaiertzeko arotzeriaren sektorea desagertzea.

Portuetako polikromia desagertzearen ondorioz, arrantza-portuek berezkoak zituzten ikusmen-aberastasuna eta berezitasuna murriztu egin dira; izan ere, leku bereizgarriak eta gomutagarriak dira munduko hainbat lekutan. Euskadiko arrantza-portuetan, urdina, gorria eta berdea izan dira historikoki kolore nagusiak. Koloreen konbinazio hori, nolabait, bizitza ulertzeko modu baten isla da, denboran zehar sendotuz joan dena nortasun-adierazpen izan arte, eta, hain zuzen ere, identitate horren galera islatu nahi du ZURA ETA URAk.

Itsasontziak eraikitzeko joera-aldaketa horren beste ondorioetako bat da erriberako arotzeria, artisau-ontziola txikiak, eta zurezko ontzien eraikuntza-, konponketa- eta mantentze-lanekin lotutako industria osoa desagertuz doala, apurka-apurka.

Proiektuak erakusketa ibiltari bat eta argitalpen bat ditu. Konrado Mugertzak zuzendu du, Bizkaiko Foru Aldundiak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Laboral Kutxak eta Baskegurrek finantzatuta, eta Itsasmuseuren eta Donostiako Aquariumaren elkarlanari esker, produkzioari dagokionez.

Erakusketa hainbat argazkik osatzen dute, artistikoak eta dokumentalak, eta egurrezko, burdinazko eta harrizko ehunduren kolorea irudikatzen dute. Argazki horiek guztiak Konrado Mugertzak, artista eta erakusketa ugaritako komisarioak, egin ditu. Saiakera labur batzuk eta ibilbide handiko egileen literatura-testuak ere aurki ditzakegu, hala nola Leire Bilbao, Unai Elorriaga, Itxaro Borda, Kirmen Uribe, Anjel Lertxundi, Arantxa Urretabizkaia, Miren Agur Meabe eta Jokin de Pedrorenak, bai eta Jesús Mari Lazkano artista plastikoarenak, Humberto Astibia irakaslearenak eta Julián Murelaga Lekeitioko erriberako arotz eta irakaslearenak ere.

Bestalde, erakusketan ikusgai dauden irudi eta testu guztiak biltzen ditu argitalpenak. Liburuan, testu nagusiak euskaraz daude garatuta, eta, ondoren, gaztelaniazko, frantsesezko eta ingelesezko itzulpenak ageri dira.

ZURA ETA URA 2021eko irailera arte egongo da ikusgai Itsasmuseumen; liburua, berriz, gure dendan eskuratu daiteke.


Laburrean

Non

Euskadi, auzolana