Bes-Te-Bat!: Travellin' Brothers

Berriz 2021(e)ko Urtarrilak 17
  • Bes-Te-Bat!: Travellin' Brothers

Bes-Te-Bat! zirkuituaren barruan.

Hamabost urte, zortzi disko eta mila kontzertu inguru Travellin' Brothers taldearen eskutik. Apustu arriskutsua da berauena, baina ibilbide paregabeak eta musikaren ezagutza zabalak ematen duten segurtasunean oinarritua: Estatuko, Europako eta Amerikako birak, lehen mailako artistekiko lankidetza, nazioarteko jaialdirik onenetako partaidetza, publikoaren zein kritikoen sari eta aipu handiak, urteotan guztietan bizi izandakoak...

Zuzenekoan, taldearen ibilbidea markatu duten abestiz osatutako errepertorioa erakusten dute. Azken diskoko abestietan oinarritua baina euren abesti historikoak berreskuratuz konponketa eta berrikuspen berriekin. Eta, ona ontzeko, beren-beregi prestatutako kantu argitaragabeak oparitzen dizkigute. Travellin' Brothers euren benetako esentzian.

Bilboko seikotea Jon Careaga abeslariak, Eneko Cañibano baxuak, Isi Redondo bateriak, Mikel Azpiroz piano eta hammond joleak, Alain Sancho saxoak eta Aitor Cañibano gitarrak osatzen dute. Bere azken albuma aurkezteko biran dauzkagu uneon, 13th Avenue South. Nashvillen grabatu dute, countryaren sorleku eta aberrian. Jarrera, energia eta konplizitate hutsa. Horrela dabiltza munduan zehar, mota guztietako klubak bisitatzen eta ehunka agertoki zapaltzen.

European Blues Challenge-ren arabera, Leioako Travellin' Brothers taldea Europako talderik onena izan zen 2015ean. Ez da harritzekoa. Dotore agertzen dira oholtzan, bat egiten dute hasiera-hasieratik publikoarekin eta, itxuratik musikara, blues kontzertu oso bat eskaintzen dute, komeni denean soulean atseginduz eta rock & roll zuzenenarekin libertituz.

 

 

Bes-Te-Bat!

Laburrean

Non

Euskadi, auzolana