Civivox Ikastaroak. Otsaila-Maiatza 2021

Pamplona/Iruña 2021(e)ko urtarrilaren 21(e)tik 2021(e)ko maiatzaren 31(e)ra
  • Civivox Ikastaroak. Otsaila-Maiatza 2021

Civivox sareak 187 ikastaro eta lantegi eskainiko ditu otsailetik maiatzera bitarte, aurrez aurreko eta onlineko modalitateak uztartuta. Behin-behineko izen-emateak urtarrilaren 29ra (ostirala) bitarte egin daitezke iruñakulturada.es webgunean, 010 herritarrendako informazio-telefonoan edo aurrez aurre edozein Civivoxetan. Otsailaren 1ean lekuak zozketa bidez esleituko dira izena eman duten guztien artean. Behin jakinarazpena jaso eta gero, hautatuek 72 ordu izanen dituzte matrikula gauzatzeko. Ez badute halakorik egiten, lekua berriz ere zozketatuko da behin-behinekoz izena eman zutenen artean. Sormenaren aldeko apustuak berebiziko garrantzia izaten jarraituko du hurrengo lauhilekorako Civivox sareko jardueren eskaintzan, hainbat diziplinaren inguruko 61 proposamenekin.

Ikastaro eta lantegi guztietan edukiera mugatuta dago jardueretako bakoitzean parte-hartzaileen segurtasuna bermatzeko, eta une oro ikastaro eta lantegi bakoitza birusa ez hedatzeko indarrean den araudira egokituko da. Ohi bezala, hainbat mailatako argazkigintza ikastaroak egonen dira, eta antzerkiaren eta musikaren inguruko zenbait proposamen, gitarra eta kaxoi flamenkoa protagonista direla. Eleberri edo poesiari buruzko literatura-ikastaroak ere eskaintzen dira, hainbat diziplinatako dantza-ikastaroak, bai eta Civivox sarearen proposamenetan ohikoak direnak ere, altzarien zaharberritzean, zur-lanetan, barrualdeen diseinuan edo estilismoan eta joeretan murgiltzeko. Oraingoan, ohikoak diren proposamenei –chalk painta, kaligrafia ingelesa, olio-pintura, akuarela, grabatua eta komikien sorkuntza– beste berri batzuk gehitu zaizkie, hala nola fanzineen sorkuntza, xilografia eta arte organikoa.
Ohi bezala, haurrendako eta familiendako programazioak badu bere tokia Civivox sareak eskaintzen dituen proposamenetan. Oraingoan hamahiru jarduera eskaintzen dira ardatz hartuta robotika, familiarteko arte plastikoak, hiri-baratzeak, musika eta honek hezkuntza emozionalarekin duen lotura zein haurtxoentzako estimulazio artistikoa. Gehienak familiarteko ikastaroak dira, eta adingabeek heldu batekin batera parte hartu behar dute.

Eten digitala murriztu eta gainditzearen alde egiten jarraitzen du Civivoxek lauhileko honetan. Hala, teknologia berriei buruzko 24 ikastaro eskainiko ditu, maila guztietara egokituak, 3 modulu desberdinduren bidez. Civivox sarearen proposamenean ere badaude historiari, arteari eta ondareari buruzko ezagutzen garapena sustatzen duten zazpi ikastaro, hainbat arlotan. Ikuspegia hala tokikoa –Iruña artearen eta ondare historikoaren azterketaren erdigune gisa hartuta– nola globala da, zinemara, artera eta musika garaikidera gerturatuta. Eskaintza osatzeko, garapen pertsonaleko 78 ikastaro daude. Jarduera fisikoak jarraituko du yoga, pilates, yogilates, sasoian egoteko zirkuitu, teknika hipopresibo zein bizkar osasuntsuko eskolen bidez. Norberaren osasuna eta ongizatea lantzeko atalean nabarmentzekoak dira buru-bizkortasunari, mindfulnessari eta adimen emozionaleko estrategiei buruzko proposamenak. Bestetik, sukaldaritza-ikasgelako saioak birtualki izanen dira, murrizketak direla-eta.

Higiene-neurriak jarduera guztietan, eremu seguruak bermatzeko

Proposamen guztiek zorrozki jarraituko dituzte birusaren kutsapenari aurre egiteko une oro indarrean diren osasun-segurtasun neurriak, hala espazioen edukieraz zein garbiketaz eta desinfekzioaz bezainbatean nola partaideek bete behar dituzten babes-pertsonaleko neurriei dagokienez (maskarak erabiltzea, gel hidroalkoholikoak, etab.).


Laburrean

  • Mota Formakuntza
  • Data 2021(e)ko urtarrilaren 21(e)tik 2021(e)ko maiatzaren 31(e)ra
  • LekuaPamplona/Iruña

Non

Euskadi, auzolana