"Kearen eta lanbroaren artean", Sigfrido Koch Bengoechearen erakusketa

Donostia-San Sebastián 2021(e)ko otsailaren 18(e)tik 2021(e)ko maiatzaren 23(e)ra
  • "Kearen eta lanbroaren artean", Sigfrido Koch Bengoechearen erakusketa

Erakusketak 150 irudi inguru biltzen ditu, gehienak argitaratu gabeak, eta Lee Fontanellak eta Juantxo Egañak komisariatu dute. Otsailaren 18tik maiatzaren 23ra arte egongo da ikusgai.

Erakusketaren oinarria Sigfrido Koch Bengoechearen argazki lana da, XX. mendearen hasieran Donostiara bizitzera etorri zen Willy Koch Schöneweiss argazkilariaren lau seme-alabetatik bigarrena. Museoko kaperetako bitan aurkeztua, lehen aretoa "gerraren albumari" eskainia dago, Gerra Zibilaren argazki argitaragabeekin osatutako album bat. Horretatik 90 bat irudi erakusten dira, garai hura dokumentatzeko balio duen material gehigarriarekin batera. Albuma oraindik editatu gabeko aurkikuntza bat da, eta Espainiako Gerra Zibilean interesa duen pertsona ororentzat balio handia du. Bigarren aretoak 1948an argitaratutako País Vasco: Guipúzcoa liburuko 65 irudi inguru erakusten ditu, izaera bukolikoa dutenak.

Gerrako albuma

Gaur egun, album hau San Telmo Museoaren bildumakoa da Koch familiari esker; izan ere, beraiek gorde dute albuma urte hauetan guztietan. Bere edukirik nabarmenena dira Franco jeneralaren indarrak babestu zituzten Abiazio Legionarioak (Italia) eta Condor Legioak (Alemania) Euskal Herrian egindako bonbardaketen ondorioak erakusten dituzten argazkiak. Bertan, suntsitutako herrien irudiak daude, hala nola, Zornotza, Artxanda, Durango, Galdakao eta Gernikakoak. Horiez gain, espazio honetan Pablo Murga eta Alejandro Goicoechea ingeniariek proiektatutako Burdin hesiaren argazkiak daude. Bilboren defentsarako babes-sistema bat izan zen Gerra Zibilean, 180 bunker ingurukoa.

Lehen espazio horretan, halaber, Bilboko hilerriko hormaren argazki ikaragarriak daude ikusgai, paredoi gisa erabili zutena eta bertan fusilatuak ageri dira; argazkilariak tiroek txikitutako hormak ere erakusten dizkigu. Irudi horietan ikus daitezke ere Ebroko fronteko aireko bonbardaketen argazkiak, Madrileko Unibertsitate Hiriko eraikin suntsituen argazkiak, hiriburua hartu ondorenekoak, eta armadek etsaiari hartutako gerra-materialarekin Kursaalen egindako erakusketa, 1938koa, Exposición de material de guerra cogido al enemigo. Gune honi amaiera emateko, Carmelo Balda doktoreak egindako aurpegi-ebakuntzen argazki batzuk erakusten dira. Albuma Japoniako bigarren gerra txinatarrean zehar egindako argazki batzuekin amaitzen da, non ofizial japoniarrek presoei burua mozten dieten (hauek ez dira Koch Bengoechearen argazkiak).

Gainera, album honetan Eduardo Lagarderen 29 marrazkiren argazkiak daude, argitalpen ezberdinetan agertzen diren ilustrazioak irudikatzen dituztenak.  Agitalpen horietako batzuk eta marrazki horien hiru argazki erakusten dira atal honetan.

Material osagarri gisa, garaiaren testuinguruan kokatzen laguntzen duten hainbat elementu aurkezten dira, hala nola aldizkako argitalpenak edo beste artxibo batzuetatik eta erakundeen eta partikularren funtsetatik ekarritako argazkiak, beira-arasetan erakusten direnak: besteak beste, Oskar Kokoschkaren Pomozte baskickym detem! litografia ezaguna; Life aldizkari amerikarra, Robert Capak Cerro Murianon jasotako Gerra Zibileko argazkirik esanguratsuena lehen aldiz argitaratu zuena; edo Regards aldizkari frantziarra, non berak eta David Seymourrek ("Chim") Euskal Herrian Gerra Zibilaren inguruko hainbat erreportaje egiten zituzten; Euskadiko Alderdi Komunistak argitaratutako Erri aldizkari grafikoa, e.a.

Dokumentu horiekin batera, egile garaikide handien argazki gehiago daude, eta baita Florence Roberts kazetariaren albuma ere. Errefuxiatuen garraioan bereziki aritu zen Seven Seas Spray itsasontziko bidaiaria izan zen Roberts, eta Euskal Herriko Gerra Zibileko hainbat eszena islatzen ditu bere albumak. 

País Vasco: Guipúzcoa

Erakusketaren bigarren zatia 1948ko País Vasco: Guipúzcoa argitalpenean jasotako argazki bukoliko, oroigarri, agian nostalgikoek osatzen dute. 65 irudi hautatu dira, horietako batzuk jatorrizko maketakoak.

1948an Bilbon Huecograbado Arte enpresan inprimatu zen luxuzko liburuaren originalak dira. Liburuak 143 argazki ditu eta, besteak beste, tradizioak, giza motak, dantzariak, pilotariak, segalariak eta baserritarrak irudikatzen ditu. Herri batzuen argazkiak ere nabarmentzen dira, interes artistikoagatik.

Espazio honetan dokumentazio osagarriak ere ezinbesteko protagonismoa du. País Vasco: Guipúzcoa antzeko helburuekin argitaratutako beste liburu batzuekin batera agertzen da, besteak beste, Pascual Marínen Lo admirable de Guipúzcoa, Kurt Hielscherren Das Unbekannte Spanien,  eta José ortiz Echagüeren hiru liburu (lehen edizioak): España. Pueblos y Paisajes; España. Tipos  y Trajes eta España Mística. Koch Bengoechearen egunkari pertsonala ere areto honetan dago. Alemaniara familiarekin batera joan zeneko lehen hilabeteetan idatzi zuen eta bizipen horren lekukotasun intimo eta pertsonala da.

Pertsona eta erakunde mailegatzaileak

Sigfrido Koch Bengoechearen argazkiez eta museoaren funts gehiagoz gain, erakusketa honek honakoen maileguak izan ditu: komisarioenak, Lee Fontanella eta Juantxo Egaña, Koch familia, Bilboko Arte Ederren Museoa, Bilboko Euskal Museoa, CRAI Biblioteca del Pavelló de la República (Bartzelona), Euskal Itsas Museoa, Koldo Mitxelena Kulturunea, Donostia Kulturako Liburutegi Sarea, Frantziako Liburutegi Nazionala, Espainiako Liburutegi Nazionala, Arxiu de Catalunya, Centro Documental  de la Memoria Histórica (Salamanca), Bilboko Artxibo Historikoa, Gipuzkoako Artxibo Historikoa, Kutxa Ondarea, Museo de Navarra, Archivo de Navarra, Vitoria / Gasteizko Artxiboa, Fondo del Burgo Navarra, Uffizzio Aeronautico Italiano (Roma) eta Gerediaga Elkartea; eta beste hainbat partikularrenak ere.

 


Laburrean

  • Mota Erakusketa
  • Data 2021(e)ko otsailaren 18(e)tik 2021(e)ko maiatzaren 23(e)ra
  • Lekua San Telmo Museoa
    Zuloaga Enparantza, 1
    Donostia-San Sebastián
  • Zenbatekoa6 €
  • Sarrerak Erosi
  • HizkuntzaBat ere ez
  • Web San Telmo Museoa

Non

Euskadi, auzolana