2021erako Bizkaiko museoen eta foru aretoen jardueren programa

Bilbao 2021(e)ko otsailaren 22(e)tik 2021(e)ko abenduaren 31(e)ra
  • 2021erako Bizkaiko museoen eta foru aretoen jardueren programa

Bizkaiko Foru Aldundiak 2021erako museoen eta foru aretoen jardueren programa aurkeztu du. Egitasmo horretan kalitatea, aniztasuna, irisgarritasuna eta entretenimendua lehenetsiko dira. Programa berriak, bigarren urtez jarraian, 200 proposamen eta jarduera kultural baino gehiago biltzen ditu.

Bizkaiko foru museoen sareak kulturari eta ondareari buruzko jardueren proposamen zabala hurbiltzen die herritarrei, besteak beste erakusketak, tailerrak eta bisita gidatuak. 2021eko jardueren katalogoak berrikuntza ugari biltzen ditu eta, ahal den neurrian, online ekintzak bultzatzen ditu, Bizkaiko museoen sareko ondarea eta kultura pertsona gehiagori helarazteko.

Museoen sareak egunero eskaintzen duen eskaintza kultural handia ikusarazteko eta kultura eta lurraldearen ondarea, historia eta nortasuna herritarren eskura jartzeko, Bilboko Arkeologi Museoak, Bermeoko Arrantzaleen Museoak, Muskizko Muñatones gazteluak, aurten 30. urteurrena ospatzen duen Gernika-Lumoko Euskal Herria Museoak, Muskizko El Pobal burdinolak, Balmasedako La Encartada Fabrika-Museoak, Bakioko Txakolinguneak, Kortezubiko Santimamiñeko kobazuloak eta Bilboko Ondare Aretoak eta ateak ireki zituenetik 30 urte betetzen dituen Rekalde Aretoak, 200 jarduera baino gehiago egingo dituzte 2021ean, besteak beste aldi betarako erakusketak, bisitaldi gidatuak, gaikako bisitak eta bisita antzeztuak, erakustaldiak eta makineria martxan jartzeak, topaketak artistekin, tailerrak, hitzaldiak, ondare-ibilbideak, Bizkaiko aztarnategi arkeologikoak ikusteko ibilbideak, ikus-entzunezkoen proiekzioak eta kontzertuak.

Publiko guztientzako ohiko programari eskola-eremura zuzendutako hezkuntza-eskaintza zabala gehitu behar zaio. Kolektibo hori oso kontuan hartu da aurten proposamen berriak diseinatzerakoan, une honetan zaila baita eskola-taldeak museoetara joatea. Hori dela eta, hamar ekimen berri baino gehiago sortu dira eskola-umeentzat.

Jarduera guztiak modu seguruan egingo dira, osasun-agintariek emandako neurriak eta gomendioak betez. Hori dela eta, museoek eta foru aretoek edukiera-muga bat ezarriko dute, eta nahitaezkoa izango da aldez aurretik jarduera guztiak erreserbatzea.

Argitalpena doan dago eskuragarri foru sareko museo eta areto guztietan eta online katalogoa www.bizkaikoa.bizkaia.eus-en deskargatu ahal da baita ere.

Jarduera aipagarriak

Bilboko Arkeologi Museoak "Erraldoien bizkar gainean: euskal arkeologiaren historia" erakusketa ireki berri du, arkeologiak Euskal Herrian izan duen bilakaera jasotzen duena. Erakusketa azarora arte egongo da zabalik eta apiriletik aurrera izango da ikusgai.

Bermeoko Arrantzaleen Museoak "Acurio eta Elcano 1519-1522. Bizkaitarrak lehen munduko biran" erakusketa antolatzen du urrira arte. Erakusketa bisitaldi gidatuekin eta 'Akurio eta Elkano 500 urte beranduago' hitzaldi zikloarekin osatuko da. Hitzaldi horiek online jarrai daitezke YouTubeko Bizkaia kanalean.

Gernikako Euskal Herria Museoak, bere 30. urteurrenean, egitarau zabala sortu du, apiriletik aurrera ikusgai izango den 'Hemingway & Euskal Herria' aldi baterako erakusketa nabarmenduz. Bertan idazle estatubatuarrak Euskal Herriarekin eta bertako jendearekin izan zuen harreman estuaren berri emango da.

El Pobal burdinolak eta Muñatones gazteluak, beste alde batetik, euren ikerketa-arloetan erreferente diren emakumeek gidatutako hitzaldiak eskaintzen dituzte. Ana Martínezek 'Burdina Erroman' hitzaldia gidatuko du; Ainara Martínezek eta Amaia Apraizek 'Paisaia oroimena da..' gidatuko dute eta Janire Castrillok eta Irene Lópezek 'Erdi Aroan emakume izatea' hitzaldia gidatuko dute.

La Encartada Fabrika-Museoaren kasuan makineria zaharberritzeko prozesua erakutsiko dio jendeari, bisita gidatuen bidez, otsailetik aurrera.Horrez gain, azaroan bere ehungailu, tailer mekaniko, iruteko tailer eta ehunen erakustaldiak eskainiko ditu.

Urtean zehar Bakioko Txakolinguneak eskarmentu handiko sommelierrek zuzendutako dastaketa eta uztartzeetan parte hartzeko aukera eskainiko du.

Rekalde Aretoak 30 urte bete dituen honetan erakusketa bi eskainiko ditu, eta horien artean 'Agustin Ibarrola. Naturalki" azpimarratu behar da, euskal artistari eta bere lanak naturarekin duen harremanari egindako omenaldia nabarmenduz. Era berean, "ERTIBIL Bizkaia" erakusketak aretoa hartuko du berriro, eta 2020an Bizkaiko Foru Aldundiak bekatutako sortzaile gazteei ikusgarritasuna emango die.

Gainera, aurreko urteetan bezala, uztailetik irailera bitartean Bizkaiko Foru Aldundiak zuzenduta Ibilbide Historikoen programa jarriko da martxan, Urdaibaiko aztarnategi arkeologikoetan egindako aurrerapenak eta xehetasunak ezagutzeko.


 

bizkaia.eus

Laburrean

Non

Euskadi, auzolana