Bilboko Udal Txistulari Banda + Nagore de las Cuevas + Arkaitz Pascuas: "Dantzarako Musika"

Bilbao 2021(e)ko Otsailak 24
  • Bilboko Udal Txistulari Banda + Nagore de las Cuevas + Arkaitz Pascuas: "Dantzarako Musika"

  • Dantzarako Musika” ikuskizun berezia izango da, zeinetan ikus-entzuleek “eserita” dantzatzeko musika eskainiko den.
  • Egitaraua bederatzi obrez osaturik egongo da eta erabateko estreinaldi bat eskainiko da: Eduardo Morenok konposatutako eta taldeko bost kideei eskainitako “Dantzarako bilduma”. Lana bals, polka, biribilketa, habanera eta jota batez osaturik dago. Autoreak berak lagunduko dio Bandari eszenatokian.
  • Hitzordua Euskalduna Jauregiko 0D Aretoan izango da, arratsaldeko 19:00etan. Sarrerak zenbakituak dira eta Euskalduna Jauregiko txarteldegietan, www.euskalduna.eus webgunean eta Kutxabanken zerbitzu anitzeko kutxazainetan erosi ahal izango dira.

Dantza eta bere errepertorioa betidanik izan da Bilboko Udal Txistulari Bandaren lehentasunetako bat eta tradizioa apurtu barik modalitate horretarako konposizio berriak sortzea, bere helburuetako bat.

Asteazken honetarako, otsailak 24, diseinatutako programa, hain zuzen ere horren erakusgarri izango da. “Dantzarako Musika” izenekoa, ikuskizun berezia izango da, zeinetan ikus-entzuleek “eserita” dantzatzeko musika eskainiko den.

Horretarako, Garikoitz Mendizabal (txistu lehena eta zuzendaria), Idoia Kareaga (txistu bigarrena Gorka Zabaleta (silbotea), Sabin Bikandi (silbotea) eta Asier Garcia (perkusioa-atabala), Nagore de las Cuevas eta Arkaitz Pascuas dantzariez lagunduta, 9 obrez osaturiko programa eskainiko dute, zeinen artean, estreinaldi bat ere badagoen: Eduardo Morenoren “Colección de bailables (Dantzarako bilduma)”.

Eszenatokian ere egongo den Laguardiako autoreak Bandako 5 kideen omenean sortu zuen lan hau. Izan ere, berak azaldu duenez, abenduan banda bilbotarraren “Plazan” diskoa entzun zuen behin eta berriz eta musika horretan oinarrituta pieza bana konposatu zuen kide bakoitzarentzat: balsa, polka, biribilketa, habanera eta jota.

Horrela, Banda, Nagore de las Cuevas, Arkaitz Pascuas eta Eduardo Morenorekin batera, Euskalduna Jauregiko 0D Aretora itzuliko da 19:00etatik aurrera dantza tradizionalez osaturiko honako programa eskaintzera: Raimundo Sarriegiren "Kontrapasa”, Luis Urteagaren “Pequeña rapsodia de aires vascos” eta “Iztillargi”,Saltokakoa” zortziko herrikoia, Jesús Guridiren “Mendiko soinuak”, “Oriako sorgin dantza" obra herrikoia Jose Ignazio Ansorenak moldatuta, autore ezezaguna duen “Baserritarrak” (Isidro Ansorenaren moldaketekin) fandangoa, Isidro Ansorenak idatzita eta Jose Ignazio Ansorenaren moldaketekin “Prantxiska Martiña” arin-arina eta Eduardo Morenoren “Colección de bailables (Dantzarako bilduma)” obraren estreinaldia.

Sarrerak Euskalduna Jauregiko txarteldegietan, www.euskalduna.eus webgunean eta Kutxabanken zerbitzu anitzeko kutxazainetan erosi ahal izango dira.

Asteazkeneko jardun honen ondoren, Txistulari Bandak Euskalduna Jauregia agurtuko du martxoaren 15ean publikoaren parte-hartzea funtsezkoa den “Kantaldia” ezagunarekin. Kontzertu berezi honetan helburua ikusleek euskal kantutegiko pieza ezagunak kantatzea da. Horretarako, bandarekin batera Xabier Saldias abeslariak, Iñar Sastre piano-jolea eta Gorka Eskauriaza baxu elektrikoak jardungo dute. Errepertorioari dagokionez euskal kantu ezagunak eta Egan taldearen abestiez osaturik egongo da.

BILBOKO UDAL TXISTULARI BANDA

Gaur egun hauek dira Bilboko Txistularien Bandako partaideak: Garikoitz Mendizabal (Zuzendaria), Idoia Kareaga, Gorka Zabaleta, Sabin Bikandi eta Asier García. Urte hauetan aukera izan dugu bi ezaugarri gutxienez antzeman ahal izateko: saioen kalitatea batetik, eta, bestetik, saio bakoitza besteetatik ezberdintzeko egindako ahalegina.

Bidebarrieta Kulturgunean zenbait emanaldi egin ondoren, Euskalduna Jauregian kontzertu-zikloa antolatzen hasi ziren eta gaur egun zikloak indartsu jarraitzen du; bertan, txistularien bandaren saioekin batera goi mailako profesionalekin eta taldeekin lankidetzako saioak uztartu dituzte.

Bandak baditu zazpi disko eta DVD bat kaleratuak: “Bilboko Udal Txistu Banda” (2004); Alos Quartet Harizko Laukotearekin “Harizko Txistua”(2006); “Hala ere” (2007) Kepa Junkera, Pello Ramírez, Aitor Furundarena, Iñaki Salvador, Marijose Arregi eta Xabi Zabalaren laguntzaz; “Bihurrikeritan” (2008) txistularien errepertorio birtuosoa biltzen zuena; “Kantari Gabonetan” (2010) Leioako Kantika Koralarekin; “Plazan” (2014) erromerietako eta dantzaldietako musika-lanekin; Xabier Zabalarekin “Gogoeta” eta azkena, “X Urte, hamaika lagun” (2015) DVDa euren hamargarren urteurrena ospatzeko

Bilboko Udala

Laburrean

Non

Euskadi, auzolana