"Gure Ahotsak"

Donostia-San Sebastián 2021(e)ko Martxoak 7
  • "Gure Ahotsak"
    NIÑA COYOTE ETA CHICO TORNADO
  • "Gure Ahotsak"
    IDOIA
  • "Gure Ahotsak"
    MATILDA
  • "Gure Ahotsak"
    LA BASU

Donostia Kulturak segida emango dio duela hiru urte abiatu zuen Gure ahotsak musika ekimenari. Emakume musikarien lana balioesteko helburuz, Idoia, Matilda, La Basu eta Niña Coyote eta Chico Tornado izango dira Victoria Eugenia Antzokiko oholtzan martxoaren 7an, 19:00etan, Emakumearen Nazioarteko Egunaren ospakizunekin bat eginez.

Gure Ahotsak 2019an egin zen estreinakoz, Emakumearen Nazioarteko Egunaren bezperan, gure lurraldeko emakumezko musikariek duten maila artistiko aparta azpimarratzeko asmoz. Emakumeen sormenari bide egiteaz gain, musikari hasiberriak eta eskarmentudunak oholtza gainean elkartzea du xede ekimenak. 2019ko emanaldian Sara Mansilla, Olatz Salvador, Elena Setién eta Izarok parte hartu zuten eta iazkoan  Ainhoa Larrañagak, Sara Zozayak, Marenek eta Belakok.

Kontzerturako sarrerak salgai daude dagoeneko 12 eurotan Victoria Eugenia Antzokiko eta Antzoki Zaharreko leihatiletan eta www.donostiakultura.eus/sarrerak webgunean.

IDOIA

Idoia Asurmendi (ahotsa, gitarra, pianoa voz, guitarra, piano), Joanes Ederra (baxua bajo), Andoni García (gitarra guitarra), Karlos Aranzegi (bateria batería)

Idoia Asurmendiri familia girotik datorkio musikarako zaletasuna, eta txikitatik hasi zen bere etxeko musika-tresnekin esperimentatzen. Urte luzez ere hala aritu da aisialdian, hainbat abesbatzatan parte hartuz eta piano ikasketak eginez. Bestalde, pedagogiako espezialitateko musika-ikasketak hasi ditu Musikenen.

2020ko udan hogei bat kontzertu eskaini zituen gure geografiako antzoki eta karpetan. Udazkenean bere lehen diskoa, Ilun eta abar, grabatu du eta 2021eko udaberrian aurkeztuko du. Eñaut Elorrieta eta Olatz Salvadorrekin kolaboratu du eta Fernando Velázquez-ek moldatutako bere kanta bat Euskadiko Orkestrarekin grabatu du.

MATILDA

Maria Amolategi (musikagilea, abeslaria compositora, cantante), Víctor Sánchez (bateria, ekoizlea batería, productor), Daniel Venegas (gitarra guitarra), Antxon Sarasua (teklatuak teclados)

Maria Amolategi konpositore eta abeslariak eta Víctor Sánchez bateria eta ekoizleak osatzen dute Matilda. Bere abestietan pop, r&b, rock edo soul doinuak entzun daitezke gaztelaniaz, euskaraz eta ingelesez. Matildak bere hizkuntza erabiliz abesten du.

2019ko martxoan plazaratu zuen lehen lana: ¿Te imaginas? Diskoa Elkar Estudioa-n (Donostia) grabatu eta ekoiztu zuen Victorrek berak. Taldeak kritika eta harrera ona izan du 2019 eta 2020an eskaini dituen zuzenekoetan.

Gaur egun, aurten argitaratuko dituzten abesti berriak aurkezten ari dira. Zuzenekoetan Antxon Sarasua (teklatuak) eta Dani Venegas (gitarrak) dituzte taldekide, Matilda soinua helarazteko hasiera-hasieratik taldearekin konektatu duten musikariak.

LA BASU

Elena Caballero La Basu (rap abeslaria cantante de rap), Alazne Gutiérrez (korista corista), Ibai Sainz (DJ), Iñigo Elexpuru (bateria batería) 

90eko hamarkadaren bukaeran hip hop kultura ezagutu eta 1999an Jungla Urbana izeneko emakumezkoen rap taldea sortu zuenetik, 20 urtetik gorako ibilbidea egin du La Basuk, Elena Caballero bilbotarrak, musika munduan. Besteak beste, Fermin Muguruza, Enkore edota Bad Sound System moduko artistekin aritu izan da elkarlanean.

2001ean #k izeneko lehen maketa atera zuen eta, hari esker, Euskal Herriko eta kanpoko rap talde garrantzitsuenen telonero izan zen. 2002an osasun arazoengatik oholtzatik eta bizitza publikotik aldendu behar izan zen, eta 2012an itzuli zen eraberrituta eta inoiz baino indar gehiagorekin. Maxi berri bat atera zuen 2013 bukaeran (Remixes) eta Aire es Vida lehen diskoa argitaratu, 2015eko martxoan. Ep berri bat atera zuen hurrengo diskoaren aurrerapen gisa 2016ko ekainean, Izotz Erregina, euskaraz konposatua. Ondoren, 2017an Ni naiz Izotz Erregina etorri zen, euskaraz grabatutako rap emakume bakarlari baten lehen diskoa. 2019an, euskarazko eta gaztelaniazko kantuak biltzen dituen Gerra diskoa argitaratu zuen.

Bestalde, emakumezkoen hip hop lanak zabaltzeko ahalegina egiten duen Eskina Femenina proiektuaren arduraduna da. Rap eta idazmen tailerrak eskaintzen ditu, eta jaialdiak eta ekitaldiak antolatzen ditu, emakumeei lekua emanez.

NIÑA COYOTE ETA CHICO TORNADO

Ursula Strong (bateria batería), Koldo Soret (gitarra, ahotsa guitarra, voz),

Koldo Soret (Surfin kaos) eta Ursula Strong-ek (Zuloak, Las culebras) 2012an osatutako bikotea dugu Niña Coyote eta Chico Tornado. Bertako bi musikari, energiaz eta garrez beteak, gitarra, ahotsa eta bateríarekin kantuak eraikitzen: erritmo gogor eta pisutsuak, riff sakon eta potenteak, soinu desertikoak... Aitzstar izeneko hirugarren albumaren arrakastaren ondoren –MIN eta Musika Bulegoa sariak irabazi zituzten–, eta, mundu erdian zehar ibili ondoren, Mexiko, AEB, Japonia, Frantzia, Italia, Txile eta Errusian barrena, oraingoan binilozko edizio berezi batekin datozkigu, non Stevie Wonder-en Satisfaction eta Cream-en White room kantuen bertsioak sartu baitituzte.

 


Laburrean

Non

Euskadi, auzolana